60 urtetik aurrera garunaren osasuna zaintzea, euskara ikasiz

Bizkaia

60 urtetik gorako 120 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte BCBL neurozientzien ikerketarako zentroak eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak (Bizkaia) abiarazitako ekimenean.

Ikerlariek parte-hartzaileei banako jarraipen neurozientifikoa egingo diete, aztertzeko euskara ikasteak nola eragiten dituen zenbait aldaketa positibo euren garunetan.

Ikerketa batzuen arabera elebitasunak babesa ematen du Alzheimerraren aurrean, eta elebitasunaren abantailak nagusi izanik, bigarren hizkuntza bat ikasten duten pertsonetara zabaltzen direla.

Manuel Carreiras, BCBLko zuzendaria, eta Lander Aiarza, Txorierriko Mankomunitateko presidentea
Manuel Carreiras, BCBLko zuzendaria, eta Lander Aiarza, Txorierriko Mankomunitateko presidentea

Ikerketa batzuen arabera hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak zenbait gaixotasun neurodegeneratiboren (besteak beste, Alzheimerra) aurkako babesa dakarrela. Gainera, arreta fokalizatzen eta distrazioak alde batera uzten ere laguntzen du, eta horrekin batera, hainbat gaitasun kognitibo hobetu ere egiten dira. Elebidunek abantaila horiek azaltzen dituzte, bigarren hizkuntza hori helduak izanik ikasi badute ere.

Gertaera horiek abiapuntu hartuta, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak (Bizkaiko Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio udalerriak barne hartzen ditu) eta Donostian dagoen Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak hitzarmen bat sinatu dute gaur, GARUNA proiektuari hasiera emateko. Proiektu horrek helburu sozio-sanitarioak, hezkuntzakoak eta zientifikoak ditu: euskara irakastea 60 urtetik gorako eta gaztelaniaz besterik hitz egiten ez duten Txorierriko herritarrei. Bitartean, BCBLko ikerlariek banako jarraipena egingo dute, parte-hartzaileen garunen osasun-egoera orokorra zein hobekuntza progresiboa baloratu ahal izateko.

Horrela, parte-hartzaileek euren inguruan erabil dezaketen hizkuntza berria ikasten duten bitartean, helburu zientifiko bat betetzen ere lagunduko dute, hain zuzen ere, hobeto ulertu ahal izateko garuna eta gaitasun kognitiboak nola hobetzen diren ikaskuntza-prozesu horri esker. Proiektuaren bidez, elebitasunari eta horrek garunean dituen ondorioei buruzko azken ezagutzak praktikan jartzeaz gain, datu gehigarriak ere lortuko dira, neurozientzialariek gehiago sakon dezaten elebitasunaren, zahartzaroaren eta gaixotasun degeneratiboen artean dagoen loturaren inguruan.

GARUNA proiektuan hainbat zientzialarik (elebitasunean adituak) parte hartuko dute; besteak beste, Jon Andoni Duñabeitiak (proiektuko ikerlari nagusia), Manuel Carreirasek (BCBLko zuzendaria) eta Itziar Lakak (UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoa).

Partekatu

Beste berri batzuk