Abanto-Zierbenako kolektiboek Bizkaiko Parkea bisitatu dute, bertako udalak abian jarritako ekimenaren barruan

Albisteak, Bizkaia

Bisitaren helburua da herritarrei Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Zamudio-Derioko eta Leioako egoitzetan duen ahalmenaren berri ematea, bai eta beren udalerrian Meatzaldeko-Ezkerraldeko Zientzia eta Teknologia Parkea abian jartzeak ekarriko duen ekonomia- eta gizarte-eragin garrantzitsuaren berri ere. Meatzaldeko-Ezkerraldeko Zientzia eta Teknologia Parkeak 2.000 enplegu zuzen baino gehiago sortuko ditu eta 50 enpresa baino gehiago finkatuko dira bertan.

Elena Setién Romero Gizarte Ekintzako zinegotzia izan da bisitaren buru, eta Joseba Urbieta Bizkaiko Parkeko gerenteak jaso ditu.

 

2018ko apirilaren 20an, Iñigo Urkullu Lehendakariak Meatzaldeko-Ezkerraldeko Zientzia eta Teknologia Parkeko (Bizkaia) lehen harria jarri zuen; proiektu handia da, Euskadiko Parkeen Sareak 2017-2020 aldirako abian duen Plan Estrategikoaren barruan.

Abantoko campus berri horrek 505.361 m2 izango ditu eta, horietatik, 241.622 metro koadro eraiki ahal izango dira, eta 4.0 industriara eta fabrikazio aurreratura bideratuko dira. Proiektu eragile garrantzitsua izango du, berrikuntza teknologikoa eta puntako industria sustatzeko.

Parke berria Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Spri Taldearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez; guztira, 26 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten da, lursailetan eta urbanizazioan.

Abanto-Zierbenako Parkea eraikitzeko lehen mugimenduekin batera, udalak ekimen bat jarri du abian, herritarrek Bizkaiko Parkea bisitatu ahal izateko, Zamudio-Derio ingurunean, zuzenean ikusteko horrelako ezaugarriak dituen ingurunea sortzeak dakarrena eta Parkeak udalerrian izango duen eragina.

Lehen bisita horretan, Joseba Urbieta Bizkaiko Parkeko kudeatzaileak egin die harrera bisitariei, eta, berarekin batera, Elena Setién Abantoko Gizarte Ekintzako zinegotzia ere izan da, eta honako hau egiaztatu du zinegotziak: “ekimen horren bidez, herritarrei teknologia-parke baten errealitatea eta egunerokotasuna erakutsi nahi zaizkie, bai eta, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari esker, gure udalerriarentzat hura abian jartzeak duen garrantzia ere”.

Joseba Urbietak bisitan eginiko galdera guztiei erantzun die, gaur egun Bizkaiko Parkearen eta bertako campusen aurkezpena egin ondoren; halaber, enpleguan eta dagoeneko finkatuta duten guneetan enpresa berrien sorreran duen eragina ere azaldu ditu. Era berean, Urbietak zera ekarri du gogora: “Meatzaldeko-Ezkerraldeko Parkeak, erabat garatuta dagoenean, zuzeneko 2.000 enplegu sortuko ditu, eta 800 milioi euroko fakturazioa erregistratuko du, egin diren aurreikuspenen arabera”.

Partekatu

Beste berri batzuk