Aernnovak Boeing 787 Dreamliner modelorako konposatutako materialen lehendabiziko egitura konplexua entregatu du

Araba

Boeing eta Aernnova etxeek Boeing 787rako lehendabiziko atzeko presio-trenkada entregatzeko ekitaldia egin dute Hego Carolinan (AEB).

boeing-787-dreamliner-faa-certification_editedAtzeko presio-trenkada domo itxurako egitura-horma da, eta fuselajearen atzeko aldean joaten da. Bidaiari-kabinako presioa gordetzeaz arduratzen da. Osagai hori ekoizteko, automatizazioaren arloko abangoardiako teknologiak erabiltzen dira, bai material konposatuzko piezak fabrikatzean, bai muntaketa-lanak egitean. Ezinbesteko garrantzia du egiturari dagokionez, baita 787 programaren azken muntaketako lerroen beharrizanei dagokienez ere.

 «Oso harro gaude 787 programari egindako ekarpen garrantzitsu honekin», baieztatu zuen Ricardo Morok, Aernnovako Operazioen zuzendari nagusiak. «Azken 18 urtean baino gehiagoan dihardugu lankidetzan Boeingen abiazio komertzialeko programetan, eta erabateko konpromisoa daukagu lanarekin, malgutasunarekin, aurre hartzearekin eta berrikuntzarekin. Hala, ilusioz betetzen gaitu harreman horri eusteko eta indarra emateko gauza izateak», gaineratu zuen.

Aernnovak 2016an lortu zuen atzeko presio-trenkada sortzeko kontratua, 787 programaren barruan. Harrezkero, Aernnovak Boeingen Hornidura Zuzendaritzarekin eta haren erakunde teknikoekin lan egin du, Boeingen hornitzaile industrial berri guztiei ezartzen dizkieten eskakizun zorrotzak betetzeko. Aernnovak 2017an beharrezko inbertsio guztiak kudeatu zituen, eta, hala, instalazioak, ekipamenduak, produkzio-bitartekoak eta prozesuak kalifikatzeko prozesu zorrotza gainditu zuen, Boeing etxearen fabrikazio-azpikontratista gisa homologatzeko. Lehendabiziko artikuluaren kalifikazioa 2017an hasi zen, eta 2018ko lehen hiruhilekoan kadentzia-irismenerako ahalegin handia egin zen, dagoeneko kontsolidatuta dagoen programaren zati izatera igarotzeko.

Aernnovak Bikaintasunaren Zilarrezko Saria eskuratu zuen 2015ean, ingeniaritzako negozio-unitateak 787-8/9 eta 787-10 programetan egindako bikaintasuna errekonozitzeko. Hala, Aernnovak bosgarren urtez eskuratu zuen sari bat goi-mailako lanagatik. Horrek nabarmen uzten ditu haren produktuen eta zerbitzuen ingeniaritzako eta fabrikazioko goi-mailako gaitasunak.

«Boeingek eta Aernnovak harreman iraunkorra dute oso», aipatu zuen Antonio De Palmasek, Europa Hegoalderako Boeingen zuzendari nagusiak. «Aernnovak 787 Dreamliner modeloa diseinatzeko taldea osatu du, eta 747-8aren hegalak eta fuselajea diseinatzen parte hartu du. Espainiako eta mundu zabaleko hornitzaileekin egindako lan solidoaren eta lankidetza estuaren bidez, 787k orotara 1.300 eskari baino gehiago izan ditu», gaineratu du.

2017an, Boeingek ia 60.000 milioi dolar gastatu zituen, Estatu Batuetako 50 estatuetan eta mundu zabaleko 57 herrialdetan banatutako 13.000 hornitzailerekin. Hornitzaileek emandako osagaiek, zerbitzuek eta ingeniaritzako laguntzek Boeing produktuen kostuaren ehuneko 65 hartzen dute ia.

Partekatu

Beste berri batzuk