Arabako Teknologia Parkean dagoen Meteo for Energy enpresak jaso du Euskadi Avanza 2018 saria
El Correo egunkariak eta Banco Sabadell erakundeak antolatuta, aurten lehen Euskadi Avanza sariak banatu dira. Eraginkortasun energetikoa hobetzea helburu duen enpresa arabarra izan da sarituetako bat, Ega Master fabrikatzailearekin eta Sidenorreko kontseilari delegatu José Antonio Jainagarekin batera.
Arabako Teknologia Parkean egoitza duen Meteo for Energy enpresa, Ega Master fabrikatzailea eta José Antonio Jainaga saritu dituzte Guggenheim Bilbao museoan egindako ekitaldian. Besteak beste, Arantxa Tapia eta María Jesús San José sailburuak, Estíbaliz Hernáez teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-sailburuordea, Ramiro González Arabako foru-diputatua eta Unai Rementeria Bizkaiko foru-diputatua bertaratu dira. Euskadiko Teknologia Parkeetako zuzendari nagusi Itziar Epalza eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko kudeatzaile Joseba Urbieta ere egon dira sari-banaketan.
El Correo-ko presidente Enrique de Ybarraren hitzetan: “Ekintzaile bihurtzeko kemena izan duten pertsonak aitortzeko ahalegintxoa dira sari hauek”.
Ekitaldiari itxiera emateko, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak hauxe ekarri du gogora: “Industria oso garrantzitsua da Euskadin, gure erkidegoko ekonomiaren sancta sanctorum bilakatu da”. Egungo Jaurlaritzaren erronka ere azpimarratu nahi izan du sailburuak, industriak barne-produktu gordinean duen pisua %25era arte igo baita: “Jarduera ekonomikoa ezin uler daiteke industriarik eta enpresabururik gabe”.
METEO FOR ENERGY
Meteo for Energy enpresak Arabako Teknologia Parkean du egoitza –bertan sortu zen– eta sinesmen osoa du energia berriztagarrien etorkizunean, bereziki, eguzki-energia termikoan. Teknologia horren eraginkortasun energetikoa hobetzea da haien asmoa.
Egunez egun, aurreikuspen meteorologiko hobeak eta eraginkorragoak aurkitzen dihardute. Ahalegin berezia egiten dute BERRIKUNTZA TEKNOLOGIKOAREN alorrean, aurreikuspenak teknologia bakoitzera egokitzeko.