Arantxa Tapia: Euskadik lekua bilatu behar du Indiaren modernizazio-prozesuan

Araba

Euskadiko ordezkariek Indiara egin duten bisitaldia hasteko, gobernu berriaren garapen-ekimenak ezagutu dituzte. Euskal enpresekin bildu dira, eta Rinder, Mahandra CIE eta Gamesa enpresen arrakasta-kasuen berri izan dute. Sailburua Devendra Fadnavis lehen ministroarekin bilduko da gaur gauean.

A-Tapia-Indiako-Gamesako-arduradunekinArantxa Tapia sailburuak zuzentzen duen Euskadiko ordezkaritzak bisitaldi instituzionala eta enpresariala hasi du gaur goizean Indian. Hala, lan-bilera egin dute Maharastra estatuko tokiko agintariekin, Indiako Lehiakortasunaren Batzordearekin eta euskal enpresetako arduradunekin.

Indiako garapen-ildoez eta Euskadiko enpresek herrialdeko garapenean duten zereginaz aritu dira.

63 euskal enpresa daude ezarrita Indian

Gaur egun, 63 euskal enpresa daude Indian, hau da, Indian ezarrita dauden Espainiako enpresen heren bat gutxi gorabehera Euskadikoak dira. Indiako hainbat estatutan ekoizpen- edo merkataritza-plantak dituzten euskal enpresen artean Gamesa, Gestamp, CIE automotive, Rinder, LKS, Savera, Sener eta Irizar daude. Bestalde, Indian ezarritako euskal enpresen % 9,5 inguruk joint venturea dute Indiako enpresekin.

Ezarpenen erdia ekoizpen-plantak dira, % 33 merkataritzakoak eta, gainerakoek ordezkaritza-zerbitzuak eta bulegoak dituzte.

Indian ezarritako euskal enpresek sektore hauetan jarduten dute, batez ere: makina-erreminta, industria-ekipamendua, automobilgintza eta ekipamendu energetikoak.

Indian ezarritako euskal enpresa gehienak Maharastra estatuan daude, 27 hain zuzen ere, eta horien artean daude gaurko lan-saioan aztertu dituzten arrakastako kasuetako hiru.

Beste zortzi enpresa Karnataka estatuan daude; sei, Tamil Nadu estatuan eta zazpi, Delhiko metropolialdean.

Rinder, Mahandra CIE eta Gamesa, arrakasta-kasuak

Gaur goizeko ekitaldian, RINDER, Mahandra CIE eta GAMESA enpresetako Indiako arduradunek, Xabier Eskibelek, Pedro Echegarayk eta Madhukumar Boppanak, hurrenez hurren, enpresen esperientziak aurkeztu dituzte.

RINDER enpresak 1997an jarri zuen martxan Indiako lehenengo ekoizpen-fabrika eta, gaur egun, ekipamendu elektrikoaren hiru ekoizpen-fabrika ditu. Mahandra CIE enpresak automobilgintzarako industria-ekoizpenaren eta ekipamendu osagarriaren 11 zentro ditu. Gamesak, aldiz, bi fabrika eta bost bulego ditu eta 2.846 milioi euro inguruko transakzio-bolumena sortzen du

«Ezarpen-adibide gisa hartu ditugu hiru enpresen esperientzia, zeren Indian integratu eta jarduera eta enplegua sortzeaz gain, beren nazioartekotze-politikek Euskadin dituzten zentroei eusten eta indartzen lagundu diete», esan du Tapiak.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk Mumbain bulego bat dute eta, bertatik, herrialde horretan instalatutako euskal enpresa guztiekin lankidetzan aritzen dira. Bulegoa 2008. urtean hasi zen lanean eta, gaur egun, hiru langile ditu.

Narendra Modiren gobernuaren politiken aukerak

Eusko Jaurlaritzako eta SPRIko ordezkariek Euskadiren etorkizunerako Indiako hego-ekialdeko aukerak aztertzeko Indiara bidaiatu dutela kontuan izanda, Narendra Modiren gobernu berriak planteatzen duen egoera aztertu dute lan-saioan. Gainera, Indiako Lehiakortasunaren Batzordeko presidente eta zuzendari exekutibo Amit Kapoor izan da.

Tapia sailburuak azpimarratu du badirudiela herrialdeak ematen dituen aukerak atzerrira irekitzeko duten borondatearen eta herrialdearen garapenari eta modernizazioari heltzeko duten gogoaren adierazle direla. Gogo horretan oinarrituta, hainbat apustu egin dituzte: teknologia berrietan oinarritutako 100 hiri adimendun sortzea (horretarako, aurten, 349 milioi euroko aurrekontu bat dago); zenbait sektoreren liberalizazio gero eta handiagoa, adibidez, trenbidearena (lehentnasunezko inbertsioa egingo dute); edota energia berriztagarrien aldeko ekimenak (horien bidez, hurrengo bost urteetan 160 mila miloi dolarreko negozio-aukerak sortzea espero dute).

«Euskadik azpiegitura horiek guztiek behar dituzten teknologien garapenean bere lekua aurkitu behar du. Mezu hori helaraziko diegu erakundeetako ordezkariei horiekin egingo ditugun bileretan», nabarmendu du sailburuak.

Zehazki, gaur gauean, Arantxa Tapia sailburua eta Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloa Maharastrako lehen ministro Devendra Fadnavisekin elkartuko dira.

Partekatu

Beste berri batzuk