Arantxa Tapia Mexikora joan da, eta enpresa-gaietara bideratuko du agenda han, lehendakaria iritsi arte

Gipuzkoa

Euskadiko enpresentzat negozio-aukera berriak aztertu eta bilatu nahi ditu bidaia horretan
– Igandera arte, CAF, Arteche eta CIE Automotive enpresak bisitatuko dituzte euskal ordezkariek, eta Mexikoko Ekonomiako idazkariarekin bilduko dira

Consejera en MexicoEkonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia gaur joango da Mexikora, eta bihar ostegunean ekingo dio agendari Eusko Jaurlaritzak herrialde horretara aurreikusitako enpresa-bidaiaren barruan. Hori horrela, Tapiak enpresa-gaietara bideratutako agenda izango du Iñigo Urkullu lehendakaria iristen den arte (igandean, hilak 26).

Tapiarekin batera Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloa, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal eta SPRIren zuzendari nagusi Alex Arriola ere joatekoak dira Mexikora.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko taldearen bidaiak bi helburu ditu; batetik, han kokatutako enpresen egoera bertatik bertara ezagutzea, eta bestetik, batez ere Mexikoko egungo gobernuak iragarri dituen erreformek, energia-erreformak bereziki, eskain ditzaketen negozio-aukera berriak aztertzea eta bilatzea.

Euskadiko ordezkariek, ostegunetik igandera bitartean, Mexiko Hiria, Querétaro eta Guanajuato bisitatuko dituzte; han hainbat euskal enpresatara joango dira, erakundeetako arduradunekin bilduko dira eta Business Summit negozio-gailurraren inaugurazio-ekitaldian hartuko dute parte.

Datozen egunetan CAF, Arteche eta CIE Automotibe enpresak bisitatuko ditu sailburuak, eta horrez gain, Mexikoko gobernuko Ekonomiako idazkari Ildefonso Guajardo jaunarekin bilduko da.

Guajanaton Ekonomiaren Garapen Jasangarriko idazkari Héctor López jaunarekin batzartuko da, eta hiri horretan kokatuta dauden euskal enpresa batzuek ere hartuko dute parte bilera horretan.

Mexiko, lehentasunezko herrialdea Euskadiko enpresentzat

Lehentasunezko herrialdea da Mexiko Euskadirentzat, industria- eta giza ondasunagatik. Gaur egun, gutxienez 119 enpresa daude herrialdean (merkataritza-jardueran 37, ekoizpen-jardueran 47 eta zerbitzu-jardueran 35), gehienbat automozioaren, aeronautikaren eta energiaren sektoreekin lotutakoak.

Euskadi-Mexiko enpresa-harremana

Iberoamerikako bigarren ekonomia da Mexiko. Ekonomia irekia eta egonkorra da krisialdia gorabehera, eta epe ertainera hazteko potentzial handia du aurreikusitako erreformak direla eta.

Euskadik egindako inportazioen zerrendan 4. tokian dago Mexiko (159 herrialde guztira), eta 11.ean, berriz, esportazioen zerrendan (203 guztira).

Merkataritza-saldoa negatiboa da Mexikotik egindako petrolioaren inportazio handien ondorioz. Euskadik 424,9 milioi euro esportatu zituen 2013an, eta 999,3 milioi euro inportatu zituen.

2013ko lehen seihilekoan 128 milioi euroko inbertsioak egin zituzten euskal enpresek, eta Euskadi da, Madrilen ostean, Mexikon gehien inbertitzen duen bigarren autonomia-erkidegoa.

Euskal enpresentzako aukera berriak

Peña Nieto presidenteak bultzatutako «Mexikoren aldeko Hitzarmena» deitutakoak bost hitzarmen handi hartzen ditu barnean; Hazkunde Ekonomiko, Enplegu eta Lehiakortasunerako Hitzarmena, besteak beste. Horrenbestez, herrialdeko ekonomian eta merkataritzan eragingo duten lege-aldaketak egingo dituzte etorkizunean.

Orobat, ez ditugu baztertu behar hezkuntzari, segurtasunari, herri-administrazioari edo finantza-sistemari lotutako erreformak, besteak beste. Euskal ordezkariek bereziki interesgarri deritzote Energia Erreformari; izan ere, orain arteko PEMEX (Petrolio Mexikarrak) enpresa paraestatal bakarra egon beharrean, kudeaketa berri bati ekingo diote orain, eta bestelako enpresek ere hartu ahal izango dute parte energiaren sektorean

Partekatu

Beste berri batzuk