Aurkitu Parkean, Bizkaiko lehen orientazio-zirkuitu egonkorra Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago
AURKITU PARKEAN orientazio-zirkuitu egonkorraren inaugurazioa abenduaren 15ean izango da, Jesus de la Fuente – EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOAK orientazioko VII. herri-zirkuituaren 2. proba egingo den egun berean. COBIrekin (Bidea orientazio elkartea) batera elkarlanean antolatzen dugu zirkuitu hori.
AURKITU PARKEAN 2018ko Erronka bat Parkerako ekimeneko erronka irabazletik sortua da. LKS Tasaciones, SAU enpresako Iñigo Bengoa langileak irabazi zuen.
Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak urtero hiru lurraldeetan antolatzen duen Erronka bat Parkerako berrikuntza irekiko ekimenaren barruan, iaz, Bizkaiko irabazlea LKS Tasaciones, SAU enpresako Iñigo Bengoak proposatutako ideia izan zen; Parkean orientazio-zirkuitu egonkor bat sortzeko ideia, hain zuzen.
Hala, abenduaren 15etik aurrera, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea izango da Bizkaian orientazio-zirkuitu egonkor bat duen leku bakarra eta AURKITU PARKEAN izango da zirkuituaren izena. Zirkuitu egonkor horretan, modu estrategikoan kokatutako zenbait baliza bilatu behar dira eta Bizkaiko Parkeak Zamudion zein Derion dituen espazio “bereziak” ezagutu nahi dituzten guztiek parte hartu ahal izango dute. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak bi milioi metro koadro baino gehiago ditu guztira, eraikinak eta balio ekologiko handiko espazio naturalak kontuan hartuta.
Orientazio-espazioak zenbait ibilbide eskaintzen ditu, mailaren araberakoak, eta ibilbide batetik bestera, aldatu egiten da baliza kopurua eta distantzia. Oinez zein bizikletaz egin daitezke. Zirkuitua behar bezala egin ahal izateko, beharrezkoa da mapa eta kontrol-txartel bat izatea. Zuzenean deskarga daiteke txartela www.parke.eus webgunetik edo bestela, Parkeko eraikin nagusiko harrerara jo daiteke, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara. Modu batean zein bestean, komeni da, ibilbideak egiteko iparrorratza erabiltzea eta norberak berea ekarri beharko du. Telefono mugikorra tresna erabilgarria izan daiteke ibilbideak egiteko, balizek QR kode bat baitute, kontrol-puntu bakoitzetik igarotzean, handik pasa izana egiaztatzeko.
Zirkuitu egonkorreko ibilbideak ezagutarazteko, egun horretan bertan, Jesus de la Fuente – EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOAK orientazioko VII. herri-zirkuituaren 2. proba izango da eta proba horretan, goizeko 10:00etan hasita, nahi duen orok parte hartu ahal izango du, eta hala, ingurua ezagutu, orientazio-zirkuitu egonkorrekoak ez diren beste ibilbide batzuk ere egiteko aukerarekin. Kirol-modalitate hau ezagutzen ez dutenentzat, abenduaren 14an, larunbatean, prestakuntza-jardunaldi bat egingo da Bizkaiko Parkeko eraikin nagusian.
INFORMAZIO GEHIAGO ETA IZEN-EMATEAK
ERRONKA BAT PARKERAKO EKIMENAREN EDIZIO BERRIA
AURKITU PARKEAN erronka irabazleetako bat da, Sareko enpresetako langileen ekimenak ekarri dituzten beste erronka batzuekin batera; horien artean daude hauek: Parkea Musik Fest, Enpresen arteko Olinpiar jokoak, Foro Parke, Sormen-aretoa eta Arabako Parkeko gimnasioa.
Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak berrikuntza irekiko ekimen honen aldeko apustua egiten jarraitzen du eta zabalik da, jada, hiru parkeetan erronkak aurkezteko epea. Beti bezala, Sareko enpresetako langile guztiek har dezakete parte. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 29an amaituko da, 14:00etan. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.