AZTI eta Onkologikoa elkarlanean, minbizia prebenitzeko elikadura eta diagnostikoa egin ondorengo elikadura optimoa ikertzen

Araba

Minbizia duten eta kimioterapia-tratamendua jasotzen      ari diren 150 laguneko talde batean hautemandako zentzumen-asaldurak      identifikatu dituzte.

Helburua: kimioterapia jasotzen ari diren minbizidun      pazienteentzat berariazko elikagaiak diseinatzea, haien zentzumen- eta      elikadura-beharretara moldatuak.

Minbiziak eragindako heriotzen heren bat saihestu      daitezkeen arrazoiek eragiten dituzte: tabakoaren eta alkoholaren      kontsumoak, sedentarismoak, obesitateak eta, azkenik, dieta desorekatuak      eta jaki-aukera urrikoak.

AZTIk eta ONKOLOGIKOAk elikadurari buruzko ikerketa-proiektuetan jardungo dute elkarrekin; alde batetik, minbizi-arriskua eragiten duten faktoreak prebenitu eta murriztea helburu duen elikadura ikertuko dute eta, bestetik, gaixoari diagnostikoa egin ondoren jarraitu beharreko berariazko elikadura izango dute aztergai. AZTIko zuzendari nagusi den Rogelio Pozok eta ONKOLOGIKOAko zuzendari nagusi den Ander Urruticoecheak datozen hiru urteetarako sinatu duten hitzarmenaren barruan kokatzen da lankidetza hori, zeinaren bitartez ikerketa- eta garapen-proiektuak egingo diren elikagai osasungarrien eta minbiziaren arloan.

 

azti_onkologikoaGarrantzitsua da elikadura minbiziaren prebentzioan, bai eta gaixotasunak dirauen bitartean ere. Minbiziak eragindako heriotzen heren bat saihestu daitezkeen arrazoiek eragiten dituzte: tabakoaren eta alkoholaren kontsumoak, sedentarismoak, obesitateak eta, azkenik, dieta desorekatuak eta jaki-aukera urrikoak. Bestalde, gaixotasuna diagnostikatzen denean ere, ondo elikatuta egotea ezinbestekoa da prozesu onkologikoak berekin ekarri ohi duen desnutrizioa prebenitzeko eta tratamendu terapeutikoari are etekin handiagoa ateratzeko.

Ondo elikatuta egoteak erraztu egiten ditu bai tratamendua, bai gaixotasunetik suspertzea; horrez gain, ez da ahaztu behar jateko plazerak garrantzi psikologiko eta emozional handia duela, gaixoari bizitza-kalitate hobea izaten laguntzen baitio.

Lankidetza horren barruan, AZTIk produktu pertsonalizatuen ikerketan jardungo du; mintz-lipidomika analizatuko du (odol-analisi bat da, pertsona batek bere dietaren barruan hartzen dituen gantz-azidoen arabera pertsona horren osasun-egoera ezagutzeko aukera ematen duena), eta, hala, ONKOLOGIKOAK aztergai izango dituen gaixotasunak biztanleriaren zer segmentutan gertatzen diren finkatuko du; horrez gain, elikagaiak, osagarriak eta anoak garatuko ditu, zentroan esku-hartzeari buruzko azterketak egiteko.

ONKOLOGIKOAk hau aztertuko du batez ere: minbiziak nola eragiten dien mantenugaien digerigarritasunari eta xurgagarritasunari, eta nola arindu daitezkeen gaixoen elikadurari eragiten dioten zentzumen-asaldurak.

Nola artatu zentzumen-asalduak eta elikadura-lehentasunak

Kontuan izan minbizidun pazienteen % 30ek, gutxi asko, pisu galdu dutela diagnostikoa egin aurretik, eta minbizia aurreratuta duten pazienteen % 80k, gutxi gorabehera, pisuaren % 10 baino gehiago galtzen duela gaitzak aurrera egin ahala. Elikaduran eragina izan dezaketen albo-ondorio hauek jasan ditzake pazienteak kimioterapia bidezko tratamendua dela eta: goragalea eta gonbitoak, dastamen- eta usain-asaldurak, zauriak ahoan, lehortasuna ahoan, diarrea eta/edo idorreria, elikagaiak irensteko arazoak eta anorexia.

AZTIk, ONKOLOGIKOA Fundazioarekin elkarlanean, minbizia duten eta kimioterapia-tratamendua jasotzen ari diren 151 laguneko talde batean hautemandako zentzumen-asaldurak identifikatu ditu. Emaitzen arabera, elkarrizketatutako pazienteen % 76k diote asalduraren bat izan dutela dastamenean. lehortasuna ahoan (% 63,6), gustu txarra ahoan (% 45), dastamen-galera (% 43), zapore metalikoa (% 39,7) eta hotzarekiko sentikortasun berezia (% 35,8) izaten dituzte zentzumen-asaldura ohikoenak kimioterapia-tratamendua jasotzen duten pazienteek. Gainera, eragina izaten dute asaldura horiek pazienteen apetituan, eta jateko gogoa gutxitzeko probabilitate handiagoa dute ahoko lehortasuna, gustu txarra eta zapore metalikoa jasaten dutenek.

Zentzumen-asaldura horiek hobeto ezagutzeko eta elikadura-eskakizun espezifikoak asetzeko, kimioterapia jasotzen ari diren minbizidun pazienteentzat berariazko elikagaiak diseinatu behar dira, haien zentzumen- eta elikadura-beharretara moldatuak. Helburua hau da: osasun-egoera orokor hobea izaten laguntzea pazienteari, malnutrizioa prebenitzeko elikadura optimoaren bidez, eta tratamendu terapeutikoei ekitea.

Gaur egun, hiperproteikoak eta hiperkalorikoak dira paziente onkologikoentzat berariaz diseinatzen diren elikagaiak, eta irensteko zein  mastekatzeko arazoak dituztenentzat egokitutako testurak dituzte; izan ere, batez ere desnutrizioa jasaten duten edo jasan dezaketen pazienteentzat daude pentsatuta. Normalean, batido-formatuan egon ohi dira produktu horiek, eta alor geriatrikoan ere erabiltzen dira.

Alabaina, ez dago paziente produktu-eskaintzarik aintzat hartzen dituenik onkologikoen zentzumen-egoera eta elikadura-lehentasunak, eta, aldi berean, nutrizio-ekarpenei eusten dienik. Testuinguru horretan ari da diseinatzen AZTI elikagai berriak, asaldatutako zentzumenak suspertzeko, nutrizio egokia eta aldartearen hobekuntza bultzatuz (osasunarena ere, bide batez), elikatzean pazienteak sentitzen duen plazera areagotuta. Aldi berean zenbait zentzumeni eragiten die jarduera horrek.

Minbizia, osasun publikoko arazoa, mundu osoan

Osasun publikoko arazo larria da minbizia, mundu osoan, bai intzidentzia handiagatik, bai morbimortalitate-maila altuagatik. Azken 20 urteotan, etengabe hazi da, Espainian, diagnostikatutako tumoreen kopurua, arrazoi hauengatik: hazi egin da populazioa, hobetu egin dira detekzio goiztiarreko teknikak, eta luzatu egin da bizi-itxaropena (adinak aurrera egin ahala, handiagoa izan ohi da tumoreak garatzeko arriskua). Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak argitaratutako urteroko txostenaren arabera, bi gizonetik batek eta hiru emakumetik ia batek minbizia izango du bere bizitzan zehar.

Dena dela, behera egin du gaixotasun horrek eragiten duen heriotza-tasak, minbiziaren intzidentziak gora egin arren, oro har. Nabarmen lagundu diote jaitsiera horri prebentzio-kanpainek, diagnostiko goiztiarreko tekniken aurrerapenek eta tratamendu berriek.

Partekatu

Beste berri batzuk