Blockchain edo bloke-kateen teknologiako lehen laborategi industriala jarri du martxan TECNALIAk

Bizkaia

  • Transakzio      digitalen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzen duen sistema hau      eskura izaten lagunduko die ETEei Ikerketako eta garapen teknologikoko      zentroak
  • Instalazioak      aitzindariak dira Europan. Haietan, parte hartzeko sistemak eta bozkatze      elektronikokoak probatu ahal izango dira, baita energia, fabrikazio edo      automobilgintzako trazabilitate-sistemak ere.

TECNALIA_Laboratorio BlockchainBada hamarkada bat baino gehiago mundu digitala eta merkataritza-harremanak bereizezinak direla, eta orain badute zailtasun berri bat gainditzeko: prozedurak eta negozioak seguruagoak, gardenagoak eta eraginkorragoak izatea. Horretarako sortu da Blockchain edo bloke-kateen teknologia. Transakzio digitalen erregistro bat da, eta, erregistro horretan, informazioa aldaezina da. Ondorioz, sistema bera da prozesuaren “arbitro”, eta, hala, erraztu egiten dira bitartekari-kateko erlazioak. Horrenbestez, egiazkotasuna, segurtasuna eta gardentasuna eskaintzen ditu, eta, aldi berean, negozioen transakzioak bizkortzen ditu.

Testuinguru horretan, ikerketako eta garapen teknologikoko TECNALIA zentroak bloke-kateak ikertzeko lehen laborategi industriala sortu du. Instalazioa aitzindaria da Europan, eta, han, enpresek beren erronka eta beharren inguruko probak egiteko aukera izango dute, frogantzak eta benetako arrakasta-kasuak ikusi, eta teknologia horrekin erlazionatutako soluzio teknologikoen eta negozio-ereduen saiakuntzak egin. Laborategi honetan, horrenbestez, parte hartzeko sistemak eta bozkatze elektronikokoak probatu ahal izango dira, baita energia, fabrikazio edo automobilgintzako trazabilitate-sistemak ere. Azkenik, soluzio teknologiko horiek martxan jarriko dira, enpresa-sarean txertatu ahal izateko.

Laborategi industrial hau Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago, TECNALIAren instalazioetan, eta hiru alorretako saiakuntzak egiteko aukera emango du, nagusiki: industria 4.0, sozioekonomia eta jabetza intelektualaren babesa. Hala, alor bakoitzean bloke-kateen inpaktua eta posibilitateak analizatzeko aukera ematen duten esperientzia pilotuak baliatuko ditu.

Edemocracity enpresa sortu berriaren kasu arrakastatsua

Blockchain laborategiak bere bideari oraintsu ekin badio ere, badu zenbait enpresaren konfiantza eta lana. Laborategiaren lehen kasu arrakastatsuetako bat Edemocracity enpresa sortu berria da. Haren helburua legezko balioa duen bozka elektronikoa bideratzea da, haren anonimotasuna bermatzen duena herritarrek parte hartzeko prozesuetan, enpresetan eta, aurrerago, bozka-prozesuetan, bloke-kateen bidez.

Edemocracityko CEO Miguel Ramosen arabera, “lehiatzeko sortu da enpresa hau, eta lehia hori muin teknologiko diferentzial bati esker egin dezake: bloke-kateak. Zailtasun teknologiko handia du anonimotasunari eutsiz informazio osagarria lortzeak, ia ezin lortuzkoa da gaur egun, baita horretan dabiltzan jokalari handientzat ere, paradigma-aldaketa handia baitakarkio ezarritako ekosistemari”. Haren arabera, “TECNALIAren bazkide teknologiko gisa izandako esperientzia oso da positiboa. Lankidetza horren ondorioz, arin eta bizkor asko ari gara garatzen gure enpresa berria, bloke-kateen teknologia disruptiboan oinarrituta. Badugu lehen bertsio bat fase pilotuan, eta behin betiko produktua da hurrengo urratsa.

TECNALIA eta blockchain edo bloke-kateak

Bloke-kateei dagokienez, TECNALIA nazioarteko erreferentzietako bat da, eta EEAren (The Enterprise Ethereum Alliance) parte da; erakundeen arteko lankidetza-plataforma internazional bat da, bloke-kateen teknologia ardatz duena, eta haien estandarrak definitzen laguntzen ari dena.

Horrez gain, bazkide elkartua da Hyperledger-en, bloke-kateen “kode irekiko” komunitate nagusian. Horri esker, nazioarteko aliantzak eratu ahal izango ditu tamaina eta eragin sozial handiko proiektuei ekin ahal izateko, eta, halaber, ezagutza eta esperientzia trukatu ahal izango ditu komunitate horretan parte hartzen duten gainerako enpresekin.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk