Banesto fundazioak eta CEIA bat egin dute gazteen jarduera ekintzailea bultzatzeko
YUZZ programak, Banesto Fundazioaren ekimenak, errendimendu handiko zentroen sarea zabaldu du nazio mailan, ideia berritzaile teknologikoak dituzten gazteei beste aukera batzuk eskaini ahal izateko.
Arabako Eraberrikuntza Industrialdeak (CEIA) eta Banesto Fundazioak hiriko gazteen izaera ekintzailea sustatzearen aldeko apustua egin dute, berrikuntza eta jarduera ekintzailea indartzeko modu bat baita.
Hori dela-eta, CEIA eraikinean gaur YUZZ proiektua aurkeztu da; hantxe Lara Cuevas, SPRI Taldeko (Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publikoa da) zuzendariorde nagusia eta CEIAko zuzendaria, eta Victoria Zuasti, Banesto Gizartea eta Teknologia Fundazioko zuzendaria, izan dira. Entitate biren artean sinatutako hitzarmenari esker, Arabak YUZZen parte har dezake eta berezko egoitza du. YUZZ programak, enpresa proiektu bihur daitezkeen ideia berritzaile teknologikoak sustatu nahi ditu 18 eta 30 urte bitarteko gazteen artean.
Edizio honetan, hiriko 19 gazte sartu dira YUZZ prestakuntza eta aholkularitzako mintegian eta zenbait aditurekin lan egingo dute euren negozio ideiaren bideragarritasuna aztertzeko. Aukeratutako proiektuen gaiak askotarikoak dira: gailu azkarretarako aplikazioen garapena, sare sozialak, energia sorgailuak, adineko pertsonentzako monitorizazio sistemak, suteen aurkako sistemak eta argitzeko sistemak, besteak beste.