Banesto Fundazioak hiru Yuzz zentro zabulduko ditu Euskadin ekintzaile
- Banesto Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatutako YUZZ Programak aukera emango du teknologi arloko 60 proiektu berri garatzeko Barakaldo, Gasteiz eta Ermuko bere zentro berrietan.
- 2009an martxan jarri zirenetik, YUZZ zentroei esker, 400 enpresa teknologiko berri sortu dira Espainia osoan.
- Deialdi berri honetan, ekintzaile sena duten 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek beren hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte urriaren 31ra arte www.yuzz.org webaren bitartez
Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta finantzaketarekin eta SPRI Taldearen -Euskadiko enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoaren- bitartez, Banesto Fundazioak hiru YUZZ zentro berri zabalduko ditu Euskadin, bertako gazteen artean ekintzailetzarako gogoa suspertzeko. SPRI Taldeak Barakaldon eta Gasteizen dituen Enpresa eta Berrikuntza zentroetan eta Ermuko Izarra zentroan kokatuko dira eta laguntza eta jarraipena emango diete euskal ekintzaile gazteei 60 proiektu berri garatzeko. Egoitza propioa izango duten hiru YUZZ zentro berri horien irekierarekin deialdi berri bat jartzen da martxan 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek proiektu berriak aurkeztu ditzaten, eta horrela enpresa-proiektu bihurtzeko aukera duten oinarri teknologikoko ideia berritzaileak sustatuko dira.
YUZZ programaren aurkezpen ekitaldia gaur bertan egin da SPRI Taldearen egoitzan, Bilboko Bizkaia Plaza eraikinean, eta bertan izan dira Lara Cuevas, SPRIko Ekonomi Sustapeneko zuzendaria, eta Victoria Zuasti, Banesto Sociedad y Tecnología Fundazioko zuzendaria. Euskadiko errendimendu handiko YUZZ zentroak toki hauetan kokatuko dira: Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroan (CEIA), Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroan (CEDEMI) eta Ermuko Izarra Centre-n. Banesto Fundazioak prestakuntza eta aholkularitza mintegi bezala bultzatutako YUZZ proiektua 2009an hasi zen bi zentrorekin, bata Bartzelonan eta bestea Madrilen. 2012-2013ko edizio berrian programa hori Espainiako 36 hiritara heltzen da, 20 ekintzaile gazte ari direlarik zentro bakoitzean. Aipagarria da programaren hiru edizio horietan guztira 400 enpresa teknologiko eratu direla. YUZZ programak iraungo duen zazpi hilabeteetan Banesto Fundazioak, tokian tokiko partner eta lankideekin batera, aukeratuak suertatzen diren ekintzaileen eskura jarriko ditu beren ideia merkatuan garatzeko behar dituzten baliabide guztiak: aditu sare bat, enpresa arloko prestakuntza, aholkularitza eta tutoretza pertsonalak, on-lineko lankidetzan aritzeko lan plataforma bat eta, ideia hori enpresa-proiektu bihurtu ahal denean, behar duen laguntza administratibo eta juridiko guztia.
Estatu osoan aukeratutako hiru proiektu onenei diru-laguntza bat emango zaie negozioa martxan jartzeko eta beren ametsak gauzatzeko. Era berean, YUZZ zentro guztietako parte-hartzaile onenek aukera izango dute Silicon Valleyra joateko eta bertatik bertara ikusteko mundu osoko berrikuntza gune handiena, Google, eBay eta Hewlett-Packard bezalako enpresen ohantzea. Barakaldo, Gasteiz eta Ermuko zentroetarako 20na ekintzaile aukeratuko dira gehienez, denak ere 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteak. Hautagaitzak jasotzeko epea zabalik egongo da urriaren 31ra arte eta parte hartu nahi duenak bere datuak bidali beharko ditu www.yuzz.org web orrian jarritako inprimakia betez. Parte-hartzaile bakoitzak hautagaitza bakarra aurkeztu ahal izango du, baina nahi duen bezainbat ideiarekin hornitua.
YUZZ, berrikuntza eta ekintzailetzaren aldeko apustua.
Espainia guztiko YUZZ zentroetan zazpi hilabeteko prestakuntza eta aholkularitza prozesua bukatu ondoren, gazte onenak Silicon Valleyra joango dira, hots, teknologi berrien arloko mundu mailako erreferentzia gune nagusira. Bestalde, urtea bukatu ondoren Estatu mailako hiru proiektu onenek dirulaguntza bana jasoko dute (30.000, 20.000 eta 10.000 eurokoa) beren ideiak gauzatzen laguntzeko. 2012-2013ko YUZZ edizio berri honetan, Banesto Fundazioaren programa Espainia osoko 36 hiritara heltzen da: Las Palmas, Bartzelona, Girona, Sant Cugat, Tarragona, Terrassa, Sant Feliu del Llobregat, Lleida, Madril, Iruñea, Santander, Donostia, Ermua, Barakaldo, Araba, Valentzia, Alacant, Castelló, Zaragoza, Murtzia, León, Valladolid, Burgos, Albacete, Palentzia, Cáceres, Ciudad Real, Malaga, Granada, Sevilla, Oviedo, Mallorcako Palma, A Coruña, Lugo, Ourense, Pontevedra eta Albacete.
Une honetan YUZZ programak tokiko 60 partner baino gehiago ditu, eurei esker posible baita programa gauzatzea prestakuntza zentro propioa duten 36 hiritan. Aipagarria da, baita ere, lankidetza lokarriak daudela Estatu osoko hainbat negozio eskolarekin (IE Business School, ESADE eta IESE), eta beste erakunde eta antolakunde batzuekin (Intel, Secot, Emprendedores aldizkaria, Adigital, Gironako Printzea Fundazioa eta Tuenti gizarte komunikazioko plataforma).
Banesto Fundazioa
Banesto Fundazioa irabaz asmorik gabeko entitatea da eta bere asmoa da enplegua sortzen laguntzea ekintzaile-sena, berrikuntza, eta teknologia berrien erabilera bultzatuz enpresa txiki-ertainetan. Halaber, Banesto Fundazioak hainbat proiektu zuzentzen ditu ingurumena babesteko eta turismo solidario eta iraunkorra bultzatzeko. Zenbait erakunde publiko eta pribatuk babestutako kanal anitzeko plataforma baten bidez gauzatzen dira Fundazioaren jarduerak. Ekimen hauek garatu ditu beste askoren artean: Emprendedorestv.com, ekintzaileari uzendutako Internet bidezko telebista kanal bat, unibertsitateetan eta negozio eskoletan erreferente bihurtu dena; Yuzz.org, oinarri teknologikoko ideiak dituzten gazte talentutsuentzako lehenbiziko mintegia; eta Global Business Trip proiektua, Espainiako enpresei Estatu Batuetan kokatzen laguntzen diena.