Basque Cybersecurity Centre-k Europako erreferente bihurtu du Euskadi zibersegurtasun arloan
Hiru hilabete igaro direlarik martxan jarri zenetik, Euskal Zentroak bertatik bertara aurkeztu ditu lortutako aurrerapenak eta hemendik gutxira garatuko dituen ekintzak zibersegurtasun arloko teknologiak aplikatzeko Industrian, Prestakuntzan eta nazioarteko harremanetan
Datozen hilabeteetan Basque Cibersecurity Center CERT zentro homologatua izango da FIRST sarearen barruan, hots, gertakari informatikoei erantzuteko lantaldeen munduko foro garrantzitsuenean
Datozen egunetan argitaratuko du bere web orria
Joan den urriaren hasieran sortu zenetik, Basque Cybersecurity Centre (BCSC) – Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak oinarri batzuk jarri ditu euskal herritarren eskubideak babesteko eta erantzuna emateko enpresen eta euskal industriaren lehiakortasun eta berrikuntza gaitasunaren zibersegurtasun-mehatxuei. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko esparru publiko eta pribatuetan zibersegurtasunaren kultura handitzeko daukan konpromisoaren emaitza da Basque Cybersecurity Centre.
Sortu zenetik hiru hilabete igaro direlarik, BCSCn lanean ari dira Javier Diéguez zuzendaria eta zibersegurtasun-operazioetako hiru ingeniari, eta euskal zentroak dagoeneko lortu ditu jendaurrean aurkezteko moduko muntadun aurrerapen batzuk bere jardun-arloan, hau da, zibersegurtasun arloko teknologiak aplikatzea Industrian, Prestakuntzan eta nazioarteko harremanetan. Hain zuzen, datozen hilabeteetan CERT zentro homologatua izango da FIRST sarearen barruan, hots, gertakari informatikoei erantzuteko lantaldeen munduko foro garrantzitsuenean, eta horrek Europako erreferente bihurtuko du Euskadi zibersegurtasunaren arloan.