BCAREk, azpiestazioko baterien eta Smart Grids-en osasun egoeraren monitorizaziorako eta denbora errealeko diagnostikorako sistema aurkeztu du VII. Smart Grids Kongresuan
Soraya Romo CIC energiGUNEn sortutako spin-off-aren zuzendariak, baterien osasun-egoera diagnostikatzeko ereduen garapenean lortutako aurrerapenak hurbildu dizkie Sare Elektriko Adimendunen sektoreko eragile nagusiei; bateriak modu seguruan ustiatzeko, kostuak murrizteko eta haien balio-bizitza luzatzeko aukera emango dute
Ekitaldia % 100 online formatuan egin da, eta agerian utzi du Smart Grids izenekoen garapenak energia eraldatzeko prozesuan duen garrantzia, eta baita ekonomiaren suspertzearen eta trantsizio energetikoaren bultzatzaile gisa duten posizionamendua ere
Soraya Romo, energia biltegiratzeari dagokionez industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC energiGUNEn sortutako BCARE spin off-eko zuzendari nagusiak, azpiestazioko baterien eta Smart Grid-en osasun-egoera monitorizatzeko eta denbora errealean diagnostikatzeko sistema aurkeztu du VII. Smart Grids Kongresuan. Arrakastaz garatu eta inplementatu da Iberdrola Taldearen i-DE izenekorako.
“Proiektuaren funtsezko berrikuntza, diagnostiko-eredua diseinatzeko eta balioztatzeko metodoan oinarritzen da. Aldagai neurgarrien eta bateria bakoitzaren parametro elektrokimikoen arteko korrelazioak erabiltzen ditu identifikaziorako estrategia gisa”, adierazi du Soraya Romok. “Alde horretatik, oso garrantzitsua da, aztertutako bateria-eredu bakoitzaren karakterizazio- eta zahartze-saiakuntza indibidualak izan dituen analisirako protokoloa erabili ahal izatea, eta baita CIC energiGUNEn garatu den ondorengo Post-Mortem diagnostikoa ere”.
Soraya Romok osorik online gauzatu den kongresuan egindako aurkezpena, “TCOaren optimizazioa baterietan, eredu aurreratuen bidez osasun-egoera denbora errealean monitorizatuz” artikuluan oinarritzen da modu espezifikoan. Bertan, eredu elektrokimiko prediktiboetan oinarrituta Iberdrola Taldearen i-DErentzat azpiestazioko bateriak eta Smart Grid-ak kudeatzeko egindako lana jasotzen da. Eredu horietan, mantentze-lanak errazteko, kostuak murrizteko eta balio-bizitza luzatzeko osasun-diagnostikoa ezartzen da.
Egindako lanaren emaitza gisa, eta i-DEren lankidetza estuarekin, BCARE gai izan da bateria-parkearen diseinuaren eta ustiapenaren kudeaketan funtsezko hobekuntza eskaintzeko, eta baita horiek kudeatzeko eta monitorizatzeko sistema abian jartzeko ere, bai azpiestazioetan, bai Smart Grid-etan, aplikazio bakoitzerako teknologia eta fabrikatzaile onenen hautaketa bermatuz.
Ondorio gisa, BCAREko Zuzendari Nagusiak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da kasu bakoitzaren beharrak eta eskakizunak zehatz-mehatz aztertzea, bateriak hautatzeko, kudeatzeko eta zaintzeko estrategia optimizatzeko, aplikazio bakoitzaren benetako eskakizunen arabera.
Estatuko eta Europako testuinguruan Sare Elektriko Adimendunen etorkizunean eragina duten alderdi nagusiak landu dituen Smart Grids VII. Kongresua interes handiko une batean egin da, Espainian energiaren arloko arau-esparru berriak onartu berri baitira, eta horien helburua suspertze ekonomikoa eta trantsizio energetikoa bultzatzea da, Smart Grid-ak garatzeko agertoki egokian.