Berrikuntzaren Euskal Agentziak Zerbitzuen eskaintza berritu du, I+G+b arloko Europako funtsetan sartzen laguntzeko euskal enpresei
Europako Batzordeak hainbat programa eta finantzaketa-funts eskaintzen ditu berrikuntza-proiektuetarako eta I+G arlorako, eta Innobasquek doan, konfidentzialtasun osoz eta modu pertsonalizatuan laguntzen die euskal enpresei programa eta funts horietan sartzen
Enterprise Europe Network sareko euskal nodoan dago Innobasque. Europako Batzordearen sare horretan mundu osoko 3.000 aditu baino gehiago daude ETE-ei berritzen eta nazioartekotzen laguntzeko
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak aholkularitza, laguntza, prestakuntza, bazkideak bilatzea eta informazioa eskaintzen die euskal enpresei, errazago sar daitezen berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko Europako Batzordearen funtsetan. Euskadiko enpresaren bat I+G+b proiektuen proposamenak aurkeztekotan bada Europako diruarekin finantza daitezen, Innobasqueren laguntza eska dezake, doan, modu pertsonalizatuan eta konfidentzialtasun osoz lagunduko baitio. Euroko Batzordearen Enterprise Europe Network (EEN) sareko euskal nodoan dago agentzia. Sare horretan mundu osoko 3.000 aditu baino gehiago daude eta ETE-en berrikuntza eta nazioartekotzea sustatzen dute.
Euskadi da Horizon 2020 finantzaketako azken programa-esparruan itzulerarik handiena lortu zuen Europako 240 eskualdeetatik bederatzigarrena; 869 milioi guztira, hau da, aurrekontu osoaren % 1,3. Horri esker, berrikuntza eta I+G arloko 1.492 proiektu finantzatu ahal izan ziren. 409 euskal erakunde onuradunen % 56 ETEak izan ziren.
Emaitzak arrakastatsuak dira, programa horietan onartzea zaila izan daitekeen arren enpresa txiki eta ertainentzat. Hori dela eta, Berrikuntzaren Euskal Agentziak laguntza-sorta eguneratu du eta ETEak gidatzen ditu zeregin horri heltzeko ekintza-plana egiten, eragilerik egokienekin harremanetan jartzen ditu helburuak lortzeko eta prozesu osoan ondoan izaten da. ETE-ek alor horretako berariazko informazioa ere lor dezakete, lantegiak eta maila desberdinetako ikastaroak egin ditzakete, proposamen arrakastatsuak prestatzen ikasteko eta programa mota horiek nola funtzionatzen duten jakiteko, adituen eskutik. I+G+b arloko proiektuen datu-base handi bat ere eskaintzen du agentziak, bazkideak bilatu eta aurkitu ahal izateko edo nazioarteko partzuergoetan parte hartzeko. Aldebiko enpresa-bilerak antolatzen dira aldiro, balizko bazkideak hobeto ezagutzeko; informazio-jardunaldiak ere egiten dira, laguntza-deialdien, programen, txostenen, estrategien eta beste berrikuntza batzuen berri emateko.
Aukera horiez gain, Basque EEN-eko gainerako bazkideen (Spri taldea, Beaz, Basque Trade and Investment eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza-ganberak) digitalizazio-arloko aholkularitza jaso dezakete eta teknologia digitalak erabiltzeko prozesuetara egokitzeko euskarria ere bai; negozio-eredu jasangarriekin enpresak abian jartzeko edo eredu horietara eraldatzeko aholkularitza ere jaso dezakete; lege-arloko informazioa, estandarrak, merkataritzako oztopoak, Europar Batasunaren barneko eta kanpoko esportazio-metodo nagusiak; eta nazioarteko berrikuntza-arloko erosketa publikoko prozesuetan parte hartzeko informazioa eta gaikuntza.
Europako programetan parte hartzeak esan nahi du lehiakortasuna hobetuko dela, eta zuzeneko eragina du enpresen fakturazioan, kontsolidazioan eta plantillen hazkundean, baita nazioartean kokatzean ere.
Innobasqueko harreman teknikoa, I+G+b arloko Europako funtsetan laguntzeko: Garbiñe Larrauri. Telefonoa: 944 209 488; helbide elektronikoa: glarrauri@innobasque.eus
(Ikusi informazio honekin batera doan liburuxka)