Bilbotik Teknologi Parkerako garraio publikoak laukoiztu egin du erabiltzaileen kopurua

Bizkaia

  • 1.000tik gora lagunek erabiltzen dute egunero Bilbo-Teknologi Parkea autobus zerbitzu zuzena, iaz 230.000 erabiltzailera iritsiz.
  • Astelehenetik ostiralera, goizeko 07:00 eta 19:00 bitartean, puntako orduetan 15 minuturo eskeintzen dan zerbitzu zuzen hau, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko mugikortasun foroaren eskariz abiarazi zen.
  • Egunero Bizkaiko Teknologi Parkera etortzen diren milaka lagunetatik, %15 inguru garraio publikoan iristen da.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean 220 enpresa daude kokatuta gaur egun, non 7.500dik gora pertsonak egiten duten lan. Kopuru honi, Parkera hurbiltzen diren hornitzaile, bezero eta bisitariak gehituz gero, egunero 9.000 ingurukoa izan daiteke Bizkaiko Teknologi Parkera sartu-irtena egiten duen pertsona kopurua. Horrenbestez, mugikortasuna parkearen kudeatzaileen kezka nagusietako bat izan da, bereziki azken hamarkadan, ibilgailu partikularren kopurua asko handitu denean.

Kezka honi erantzuna eman nahian sortu zuen Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Mugikortasun Foroa, 2007.urtean, bertan kokatutako enpresekin egoera aztertu eta hobetzeko proposamenak egitea helburu hartuta. Foro honetatik atera zen, hain zuzen ere, Bilbo eta Teknologi Parkea lotuko zituen autobus zerbitzu zuzena ezartzeko eskaria, parkearen kudeatzaileek Bizkaibusi helarazi zion eskaria.

2008.urtean abiarazi zen Bilbo-Teknologi Parkea-Bilbo autobus zerbitzu zuzena; lehen urtean 53.000 bidaiari izan zituen zerbitzu honek, lau aldiz biderkatu du erabiltzaile kopurua, 2011.urtean 230.000 bidaiarik erabili baitzuten autobus hau Bilbo eta Teknologi Parkearen arteko joan etorriak egiteko, hau da, batezbeste 1.000 bidaiari egunero. Astelehenetik ostiralera eskaintzen da zerbitzu hau, goizeko 07:00tatik (Bilbotik ateratzen den lehen autobusa) 19:00ak arte (Teknologi Parketik ateratzen den azken autobusa). Joan den maiatzaz geroztik, zerbitzu honen erabiltzaileek Internetera konexiodun gailu mugikorretan lortu ahal dute autobus geltokien, zerbitzuen eta itxaron beharreko denboraren informazioa.

Zerbitzu honez gain, badago Parkera garraio publikoaren bidez etortzeko beste biderik ere; Bizkaibusek beste autobus zerbitzu bat du Getxotik Larrabetzura doana, Parkean geldialdia eginez, alde batetik. Eta bestetik, Bilbotik Zamudiorako bidea egiten duen Euskotren zerbitzua, Zamudioko geltokira iristean hemendik parkera iristeko autobus-zerbitzu berezi bat dagoelarik. Aukera guztiak kontutan hartuz, egunero Bizkaiko Teknologi Parkera etortzen diren milaka lagunetatik %15 inguruk garraio publikoa erabiltzen duela esan daiteke.

Mugikortasun kontuetan urrats bat gehiago emanaz eta iraunkortasunarekin lotuz, Parkearen inguruko esparruan autobus elektrikoaren bidez zerbitzuren bat eskaintzeko aukera aztertzen ari dira Teknologi Parkea eta Bizkaibus, Bizkaiko Foru Aldundiak ezkerraldeko zenbait herritan abiarazitako ekimenarekin bat eginez.

Partekatu

Beste berri batzuk