Birziklapena hegazkinetan

Albisteak, Gipuzkoa

Ceit, hegazkin barruan sortzen diren hondakinak birziklatzea ahalbidetuko duen proiektuaren gidaritzan: hondakin organikoak balioz aldatzen, hondakin-urak murrizten eta karbono-aztarna minimizatzen

Hegaldi komertzialek (ibilbide luzekoek bereziki) sortzen dituzten hondakinen arazoari oraindik ere ez zaio soluziorik aurkitu, izan ere, hegaldi bakoitzean catering-hondakinak, hondakin-urak, plastikoak eta bestelako hondakinak sortzen baitituzte airelineek.

Arazo honi soluzio iraunkorrago bat eman nahian, Digestair proiektu europarrean dihardu lanean BRTA aliantzako kide den Ceit zentroak. Oso aurrerakoia eta konpaktua den arazketarako gailu anaerobioa garatzen ari dira, hegazkin barruan sortutako hondakinak balioz aldatuko dituena, hondakin-urak murriztuz eta hegaldi komertzialek eragiten duten karbono-aztarna minimizatuz.

Hainbat mikroorganismo-taldek esku hartzen dute arazketa anaerobioan, eta materia organikoa konposatu soilagoetan deskonposatzen dute. Konposatu soilago horiek, halaber, gantz-azido lurrunkor izateraino eraldatzen dira, eta zenbait mikroorganismok kontsumitzean, metanoa eta karbono dioxidoa sortzen da. Prozesu horiek denak aldi berean gertatzen dira arazteko gailuan.

Hala, arazteko gailu honekin catering-hondakinak, komunetako hondakin-urak eta kozinatzean sortzen diren hondakinak tratatu ahal izango dira. Hegazkinaren bodegan kokatuta joango da, ohiko hondakinen biltegiak ordezkatuz, eta beti ere hegazkinen agintaritza zibilek zehaztutako materialen eta segurtasun aeroespazialaren estandarrak betez, baita Osasunaren Mundu Erakundeak aireontzietako higieneari, saneamenduari eta sukaldaritzari buruz markatutako jarraibideak ere.

Ceit zentroko ikertzaile-taldea lantzen ari den sistemak hegazkin barruan sortzen diren hondakinen %50 eta %70 artean murriztea ekarriko du bai hegaldi motzetan, baita hegaldi ertain eta luzeetan ere. Gainera, arazketarako gailu anaerobioak igortzen duen biogasa, energian edo beroan eraldatuko du.

Proiektu europar hau H2020 egitasmoko CleanSky2 ekimenean txertatuta doa. Ceit zentroa da proiektuaren gidaria, baina Espainiako CITD ingeniaritza-enpresa eta Alemaniako Fraunhofer ditu lankide, eta 24 hilabeteko garapen-epea ezarri diote. Garapen guztiak hegazkinetan aplikatzeaz gain, bestelako esparruetan ere aplikatu ahal izango dira, garraio-ontzi edota bidaia-ontzietan, adibidez.

Partekatu

Beste berri batzuk