Bizkaiko Teknologia Parkeak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresa-inkubagailu berri bat eraikitzeko

Bizkaiko Teknologia Parkeko 612 eraikina izango denaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin da gaur. Bertan hartu dute parte Iñaki Hidalgo, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatuak, Juan Goicolea, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologia sailburuordeak, Lander Aiarza, Derioko alkateak, Francisco Berjón, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak eta Txaber Ouro, Bizkaiako Teknologia Parkeko zuzendariak besteak beste.

LKS Inginiaritzako Victor Diaz de Arcaya arkitektoak diseinatu eta Amenabar eraikuntza enpresak egingo duen 612 eraikinaren azalera eraikia 9.517,26 metro koadrokoa izango da hiru solairutan banatuta (bat lur-azpian eta bi lur-gainean). Azalera osoaren bi heren, 6.000 metro koadro inguru, bioteknologia alorreko enpresen eremu batek, batez ere laborategiek, eta beste sektore batzuetako oinarri teknologikodun enpresa berrien beste eremu batek beteko dituzte. Gainerako espazioa toki-komunek eta aparkalekuek beteko dute, guztira 215 aparkaleku izango ditu eraikinak (102 sotoan eta 113 kanpoaldean). Azpiegitura berri hau, jasangarritasun arauak kontutan hartuz eraikiko da: uraren erabilpenean, argiztatzean, erabilitako materialetan etabar. 10 milioi euroko inbertsioa egingo du Bizkaiko Teknologia Parkeak azpiegitura berrian; eraikuntza lanak 16 hilabetez luzatuko dira.

Eraikin berri hau egiteko erabakia, Bizkaiko Teknologia Parkearen 2009rako jarduera ildoetan oinarritzen da; hain zuzen ere berrikuntzako ekimenen barruan jasotzen zen oinarri teknologikodun enpresa berrientzako inkubagailu bat egitearen beharra, bioteknologien sektoreko enpresa berrientzako toki gehiagoren beharra identifikatzearekin batera.

Bizkaiko Teknologia Parkeak 2001. urtean abiarazi zuen ekintzaileei zuzendutako lehen ekimena, hain zuzen ere SPRI, BEAZ eta Gazte Lanbidean elkarteekin sinatutako hitzarmenari esker. IZARTEK ekimenaren baitan, oinarri teknologikodun 11 enpresa sortu ziren, hauetako gehienak bioteknologien sektorekoak.

Ekimen honi jarraipena emateko, 2005.urtean BIOKABI sortu zen Bizkaiko Teknologia Parkeak-SPRIk eta BEAZ-Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondoren. 800 eraikinean kokatuta, Biokabik 600 metro koadro betetzen ditu, Biozientzien alorreko enpresa berriak sortzeko bulego eta laborategietan banatuta. Martxan jarri zenetik hona, 10 enpresa atera dira bertatik, 84 enplegu sortu eta 4 milioi euroko inbertsioa eragin dutenak. Behin azpiegitura berriaren eraikuntza lanak bukatu eta eraikina egokitzen denean, aurreikusita dagoenez, inkubagailu berriak bere baitan hartuko du Biokabiren jarduna. 612 azpiegitura berria, Bizkaiko Teknologia Parkearen jabetzako 17garren eraikina izango da.