Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, ordezkaritza europar eta amerikarrentzako kudeaketa-eredu

Haren garapen-eredua eta hogeita hamar urte baino gehiagoz egindako lana ezagutu gura duten bisita internazionalak jasotzen jarraitzen du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, estatuko zein nazioarteko erreferentzia bilakatu baita

DA_0XUvW0AENPa9Maiatzean, nazioarteko ordezkaritza garrantzitsu bi hurbildu dira Bizkaiko Parkera. Batetik, maiatzaren 17an, Europako 80 eskualdetako ordezkariak etorri ziren manufaktura aurreratuari buruzko “Interregional cooperation for advanced manufacturing” ekitaldian parte hartzeko. Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak inauguratu zuen ekitaldia Euskalduna Jauregian. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera ere gerturatu zen ordezkaritza europarra, haren ibilbidea, kudeaketa-eredua eta azpiegiturak ezagutzeko asmoz. 4.0 industriaren eta manufaktura aurreratuaren alorretan Parkean gauzatzen ari diren jarduerez jabetzea izan da bisitarien helburu nagusia eta, horretarako, Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa bisitatu dute. Aeronautikako motorren osagaien eta propultsio-sistemen sektorean giltzarri diren prozesuetan, epe laburrean, aplika daitekeen teknologia garatu gura da ekimen publiko-pribatu horren bidez.

Bestalde, MassGlobal Partners eta Boston Landing (Cambridge Innovation Center, Bostongo IKZ, AEB) enpresen ordezkariek ere bisitatu dute Parkea. Bertako historia ezagutzeaz gain, Parkean kokatuta dauden enpresen topologian eta inkubazio fasean dauden enpresen profiletan sakondu gura izan dute bisitariek. Amerikako bi erakunde horiek hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Hala, azelerazio-programa baten bidez, Bostongo ekosistemara gerturatuko dira start-up bizkaitarrak, Bostonen merkatua zabaltze aldera.