Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak “BEST LIFE PROJECT” saria jaso du Bruselan, Europako Batzordearen eskutik

Bizkaia

Golardoari esker, BZTPk parte hartzen duen ZERO-HYTECHPARK proiektua LIFE + proiektu onenen artean dago ingurumenaren arloan, Europako Batzordeak 2014an ebaluatu dituen egitasmoen artean.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Berrikuntzako zuzendari Cristina Andrések jaso du saria, partzuergoaren ordezkariekin batera.

DSC04169Europako Batzordeak “Best LIFE Project 2014” golardoarekin saritu du Zero-Hytechpark. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, Walqa Teknologia Parkeak (Huesca), Andaluziako Teknologia Parkeak (Malaga) eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioak parte hartu dute proiektuan.

Sari-banaketa Bruselan egin zen pasa den ekainaren 4ean. Bertan egon ziren saritutako partzuergoaren ordezkariak, besteak beste, Cristina Andrés, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Berrikuntzako zuzendaria.

Zero-Hytechpark proiektua Europar Batasuneko LIFE+ programaren barruan dago, Teknologia Parkeetan erabateko iraunkortasuna lortzeko neurriak martxan jartzea du helburu, eta hidrogenoaren teknologietan eta energia berriztagarrietan oinarritutako sistemez baliatzen da energiaren kudeaketa optimizatzeko.

BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren bidez hedatu dira ZERO-HYTECHPARK proiektuaren ekintzak Bizkaiko Parkean. Izan ere, modulu iraunkor eta interaktibo baten bidez, hidrogenoaren teknologien nondik norakoak azaldu dira, eguneroko momentuak adibidetzat hartuz. Moduluaren osagarri gisa, hidrogenoen teknologiei eta energia berriztagarriei buruzko tailer praktikoa eskaintzen du BTEKek: teknologia horiekin loturiko kitak erabiliz, modu erraz eta praktikoan, teknologion funtzionamendua erakusten da hainbat egoeratan.

Partekatu

Beste berri batzuk