Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 35. Urteurrena ospatzeko erakusketa Bilbora iritsi da

Albisteak, Bizkaia

Burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolitok parkeak garapen ekonomikorako zentro eta I+G polo gisa duen garrantzia hurbilduko diete herritarrei, 20 argazki artistikoren, azalpen-panelen eta QR kodeen bidez

 Erakusketa irailaren 12ra arte egongo da ikusgai, Ercilla kaleko oinezkoen eremuan

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, erakusketak parkeak Euskadiko ongizateari, oparotasunari eta jarduera ekonomikoari egiten dion ekarpena erakutsi gura die herritarrei

Irudiak Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarraren lanak dira. Nazioarteko hainbat lehiaketatan aintzatespena lortu duen autodidakta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen da

 1985ean, Parkea apustu ausarta izan zen, aitzindaria Estatuan, eta gaur egun 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu, guztira, 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioarekin, eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretan

Bilboko Ercilla kalean erakusketa berezi bat egongo da gaurtik aurrera, aire zabalean: bere 35. urteurrena dela eta irudi, azalpen-panel eta QR kodeen bidez Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen (BPZT-PCTB) historia, ibilbidea eta egungo errealitatea azaltzen dituzten burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolito. Erakusketa Abanto-Zierbenan eta Leioan egon da ikusgai aurretik, eta Ercilla kaleko oinezkoen eremuan instalatu da, irailaren 12ra arte. Ondoren, Derio eta Zamudiora eramango da, eta bertan amaituko du ibilbidea urrian.

Bilbotik 10 kilometro eskasera, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea joan den mendearen 80ko hamarkadaren erdialdean sortu zen, Bilboko azken ikono industrial handia –Euskalduna ontziola– itxi zen garaiarekin bat etorriz, Hiribilduak kultur eta zerbitzu hiriburu baterako birmoldaketa arrakastatsua hasi zuenean. Nolabait, parkeak Bizkaiko hiriburuaren lekukoa hartu du lurraldeko industria arloko lidergoan, eta enpresa berritzaile eta teknologikoenak erakarri ditu. Aldi berean, hurbiltasun geografikoak Hiribilduarekiko sinergia ugari eragin ditu (kultura- eta aisialdi-eskaintza, hotel- eta zerbitzu-azpiegitura, etab.).

Ez da ahaztu behar Bilbok, teknologia eta Industria 4.0ren alde egiten duen eta talentua eta inbertsioak erakartzen dituen “hiri adimenduna” izateko bokazioari eusten diola, betiere teknologia eskuragarriarekin eta pertsonen zerbitzura. Eta, aldi berean, hirian balio erantsi handiko inbertsioak eta enpresa-proiektuak erakartzeko gai den, enplegua sortzen duen eta tokiko eta lurraldeko garapen ekonomikoa sustatzen duen ekonomia jasangarria lehenesten du. Zalantza barik, Bilboren eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen arteko sinergia garrantzitsuak dira.

Erakusketa gaur inauguratu da Bilbon, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia bertan zela, Juan Mari Aburto herriko alkatearekin batera, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea pozik agertu da Bilbok erakusketa hau hartu duelako. “Aukera ona da bilbotarrek, eta gure hirira hurbiltzen direnek, Parkeen Sareak Bizkaian egiten duen lana eta Euskadiko enpresa-, ekonomia- eta lan-sektorean duen eragin handia ezagutzeko”.

Aburtok “dugun harreman onak Bilborentzat duen garrantzia” azpimarratu du, eta “Zorrotzaurreko Parke Teknologikoa, berandu baino lehen, errealitate bihurtzeko lanean” jarraitzen dutela aurreratu du.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez ‘Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean”.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak (BPZT/PCTB), lurralde honetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ekonomiaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko zentro nagusietako batek, hiru hamarkada eta erdiko jarduera ospatu gura du, herritarrei bere historia, ibilbidea, egungo errealitatea eta etorkizuneko planak ezagutaraziz. Horretarako, Abanto-Zierbena eta Leioatik igaro den erakusketa berezi hau Bilbon ikusi ahal izango da datorren irailaren 12ra arte, ondoren Derion (irailaren 17tik urriaren 12ra) eta Zamudion urrian itxiko da, APTEren (Parke Zientifikoen eta Teknologikoen Estatuko Elkartea) biltzarrarekin batera. 10 monolitoak, ondoren, modu iraunkorrean instalatuko dira BPZT-PCTBn.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, aire zabalean ikusteko diseinatutako erakusketa da, eta burdin forjatuz eta corten altzairuz egindako 10 monolito handi ditu. Bi aurpegietan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpen-bideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.

Nazioarteko erreferentea

Erakusketaren ekimenaren helburua Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den azpiegitura baten balioa nabarmentzea eta herritarrengana hurbiltzea da. Baina ez du bere zeregina aberastasuna eta enplegua sortzera mugatu, aldi berean, teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren polo gisa erreferentzia ere izan da.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen. Gaur egun, 35 urte geroago, apustu hori erreferentea da nazioartean. Talentu- eta ezagutza-ekosistema batean dauden teknologia handiko enpresek funtsezko berrikuntza-gune garrantzitsua bihurtu dute BPZT/PCTB Euskadiren garapen ekonomikorako.

Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu gaur egun, 3.300 milioi euro baino gehiagoko fakturazio bateratuarekin eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretarako. 11.000 pertsona inguru ari dira parkean lanean; horietatik %7k doktoretza du, % 57k unibertsitate-titulua, eta % 20k 30 urte baino gutxiago ditu.

Bertan finkatutako enpresak liderrak dira Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, aeronautikan, automozioan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste. Halaber, hauek ere presentzia garrantzitsua dute parkean: enpresa klusterrak eta elkarteak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC), berrikuntza eta inkubazioa bultzatzeko eragileak, talentuari laguntzeko zentroak, fabrikazio aurreratuko zentroak, korporazioak eta zentro teknologikoak.

 

Partekatu

Beste berri batzuk