BizkaikoZT Parkeak UPV/EHUko Uda Ikastaroetan parte hartu du
- Parkeko Berrikuntza zuzendari Marian Ibarrondok 15. helburua programa izan du hizpide
Zientzia eta teknologiari eskainitako zikloaren esparruan eta Emakunderekin lankidetzan, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan genero-begiradek lekua izan dute Genero-begiradak zientzia, teknologia eta berrikuntzari ikastaroan. Helburuak hauexek izan dira: gaur egun bai mundu akademikoan bai zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin loturiko lan-merkatuan dauden genero-etenak ezagutzea; neska eta gazteak karrera zientifiko eta teknologikoak aukeratzera motibatzeko esperientziak identifikatzea; prestakuntzazko eta lan zientifikoko giro pizgarria sortzeko formulak arakatzea; zientzia, teknologia eta berrikuntza birplanteatzearen gainean gogoeta egitea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin loturiko gatazka sozialei konponbideak bilatze aldera; eta emakumeak etorkizun hurbilean nahiz epe luzera alor zientifiko, teknologiko eta berrikuntzakoetan hobeto kokatzeko estrategiak aztertzea.
Xede horiek kontuan hartuz egituratutako programaren barruan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Berrikuntza zuzendaria den Marian Ibarrondok hitzaldi bat eskaini du: “Emakume zuzendariak enpresa berritzaileetan: 15. helburua proiektua”. 15. helburua proiektua 2009an martxan jarri zen talentu femeninoaren sarbidea sustatzeko, Zientzia eta Teknologia Parkeetako enpresetatik Sozietate kotizatuetako Administrazio Kontseiluetara. Hala, enpresei laguntza eskaintzen die euren Kontseiluetan emakume profesionalak egon daitezen, BMBNren gomendioak betetze aldera. Aurreneko fasean emakume hautagaiak bilatu ziren, guztira 80, eta horren ondoren bigarren fase batean hautagai horiek balioztatu ziren. Ondorioz, 20 emakume Kontseiluetan sartzeko prest agertu ziren.
Marian Ibarrondok azaldu zuenez, Teknologia Parkeetako emakume zuzendarien sare bat dago, ondoko erronka berriekin: harrobia sortzea, emakume hautagai berriak balioztatzea, horiek sendotzea coaching eta mentoring bidez, eta emakume zuzendarien pertzepzioa hobetzea.