Ceit-IK4 zentroko ikertzaileek industriako muntaketa lanak hobetu dituzte errealitate areagotuaren bitartez

Albisteak, Gipuzkoa

Etengabeko hobekuntzak gertatzen ari dira prozesu industrialetan, eraginkortasuna, eragingarritasuna eta fidagarritasuna handitu izanari esker.

Ceit-IK4 eta CT Ingenieros zentroen artean garatutako Madeira proiektuarekin prozesu industrialetan teknologia berriak txertatzeko aukera dago, Errealitate Birtuala, Errealitate Areagotua eta Machine Learning teknologiak erabiltzen dituen software malguko plataformaren bitartez. Horri esker, industriako muntaketa-lanen prozesuak kontrola daitezke denbora errealean.

Proiektu hau aurrera atera ahal izateko, hiru erronka teknologiko gainditu behar dira: sistema automatizatuek (robot industrialak eta elkarlan-robotak) euren ingurunea hautemateko gai izan behar dute; prozesuak ingurunearen arabera automatikoki berregokitu beharko du; eta aurreko bi puntuak enpresaren prozesu industrial osoaren kontrolean uztartu behar dira.

Gaur egun, hegazkin baten barneko aldearen muntaketa-lanetan, adibidez, ustekabekoei aurre egin behar zaie: stock-ean piezarik gabe gelditzeari esaterako, edo robot batekin arazoren bat izateari. Kasu horietan, mihiztadura-prozesua eten egiten baita arazoa ebatzi arte. Madeira proiektuarekin, ingurunearen ezagutza osoa eskaintzen zaio sistemari, eta horrela, edozein ezusteko gertatuz gero robotek egokitzeko aukera dute, funtzionamendua aldatuz: ez dute lan egiteari uzten, ezustekoak sortutako arazoa ebazten den bitartean bestelako atazak egiten baitituzte.

Garapen horiei esker, gaur egun existitzen den muntaketa-lanen metodologia erabat aldatu eta birdefinitu ahal izango da, horretarako teknologia eta tresna digital aurreratuak erabiliz. Horri esker, sortzen diren aukerak asko zabaltzen dira, esaterako: muntaketa-prozesuetan eragiten duten aldagaiei buruzko informazioa denbora errealean nahiz historiko osoa eskuratzea, edo prozesuaren eraginkortasuna areagotzea, enpresaren lehiakortasunean eraginez.

Partekatu

Beste berri batzuk