CIC bioGUNEko ikerketa batek nerbio-sistemako minbizi oso erasokorra tratatzeko bideak ireki ditu

Albisteak, Bizkaia

Azterlanak proteina bat (HuR/ELAVL1) nerbio periferikoen zorroko tumore gaiztoen hazkuntzarako eta metastasirako gako gisa identifikatu du

Emaitzen arabera, proteina horren inhibizioa haur eta helduengan eragina duen sarkoma horri eraso egiteko diana terapeutikoa izan daiteke

Baliabide genetiko eta farmakologikoen bidez HuR/ELAVL1 proteinaren adierazpena eta funtzioa ezabatzeak nerbio periferikoen zorroko tumore gaiztoen metastasia eta tumorearen hazkuntza murrizten du (MPNST ingeleseko siglak: Malignant Peripheral Sheath Tumor), saguen saiakuntza-ereduetan, CIC bioGUNEko -Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea- talde batek frogatu duen bezala; bertako buru Ashwin Woodhoo doktorea da, Ikerbasqueko ikertzailea.

Nerbio periferikoen zorroko tumore gaiztoak (MPNST) sarkoma oso erasokorrak dira, ahalmen metastasiko handia dute -orokorrean biriketarantz- eta haur eta helduengan dute eragina. MPNST duten pazienteek berriz gaixotzeko joera handia izaten dute, tumorearen erresekzioaren ondoren eta kimioterapia zitotoxikoari eta irradiazioari erantzun urria eman ondoren; horrek heriotza-tasa handia dakar.

Gainera, orain arte egindako saiakuntza klinikoek, MPNSTaren zenbait seinaleztapen-bidetara bideratu izan direnek, emaitza etsigarriak izan dituzte. “HuR proteina inhibitzea MPNSTan bideragarria den diana terapeutikorako estrategia erakargarria da”, esan du Ashwin Woodhook.

Desregulazio genikoa minbizi-zelulen zigilu bereizgarria da. Zelula horietako nahasmendu genetikoek haren transkriptomaren birmoldaketa globala dakarte eta, hala, gaitasun funtzional aurreratuak berenganatzeko aukera ematen diete, bizirik irauteko, ugaritzeko eta zabaltzeko.

“Azterlan honetan, ARN HuR/ELAVL1era lotzeko proteina nerbio periferikoen zorroko tumore gaiztoetan faktore onkogeniko gisa identifikatu dugu. HuR-ek minbiziaren bereizgarriak koordinatzeko MPNSTan diharduten funtsezko erregulazio-sareak ezartzen laguntzen du. Beraz, HuR mailak igotzean, MPNST zelulek mekanismo egokitzailea egin dute, funtsezko seinale onkogenikoak anplifikatzeko eta erregulatzeko eta, hala, minbizi-zelula horiei abantaila lehiakorra ematen dieten transkripzio-programak modulatzeko, eta, horrela, MPNSTaren hazkuntza eta hedapen metastasikoa sustatzen da”, esan du Ashwin Woodhook.

“Zehazki, MPNST zelulak HuR-i nola batzen zaizkion aztertu dugu, proteina hori MPNSTaren tratamendurako diana terapeutiko aproposa dela erakusteko. Saguen ereduak erabiliz erakutsi dugu baliabide genetiko eta farmakologikoen bidez HuR-en adierazpena eta funtzioa ezabatzeak tumorearen hazkuntza murrizten duela, bai eta metastasia ere, minbizi horren pronostikoko ezaugarri txarrenetako bat”, esan du ikertzaileak.

Ikerketa Ashwin Woodhoo doktoreak diseinatu eta zuzendu du, Ikerbasqueko ikertzaileak eta CIC bioGUNEko Nerbio Nahasmenduen Laborategiko arduradunak, Marta Varela Rey (CIC bioGUNE-Ciberehd) doktorearekin elkarlanean. Lana, nagusiki, bere taldeko ikertzaileek egin dute, besteak beste Marta Palomo Irigoyen, Encarni Pérez Andrés eta Marta Iruarrizaga Lejarreta ikertzaileek, eta Espainiako, Estatu Batuetako, Erresuma Batuko, Suitzako, Italiako eta Luxenburgoko beste ikertzaile batzuek ere parte hartu dute; hala, gaur egun zientzia-aurkikuntzen nazioarteko espiritua nabarmentzen da.

Emaitza horiek Minbiziaren aurkako Ikerketarako Espainiako Elkartearen (AECC) eta EiTB Maratoiaren finantzaketari esker lortu dira, eta Eusko Jaurlaritzaren, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioaren, BBVA fundazioaren eta Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) laguntza izan dute.

Partekatu

Beste berri batzuk