CIC energiGUNE, Tekniker eta EHU/UPV elkartu egin dira, ura eta beroa oinarri hartuta hidrogenoa ekoizteko bidean aurrera egiteko

Albisteak, Araba, Gipuzkoa

Hiru euskal erakundeen arteko lankidetza, CIC energiGUNE buru den CICe2019 proiektuaren barruan dago

Helburua, energia errendimendu handia eta produkzio kostu mugatuak izango dituen hidrogeno garbia lortzeko linea bultzatzea da

CIC energiGUNE energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroa, Teknikerrekin eta EHU/UPVrekin batera ari da lanean hidrogenoaren ekoizpena ikertzeko, bide termokimikoa erabiliz, ura eta beroa oinarri hartuta. Lankidetzarako proiektu horren azken helburua hidrogenoa sortzea da –gizartearen energia trantsiziorako interes handieneko elementua–, errendimendu handia bermatzeko, produkzio kostu onargarriak sortuz. Lanerako linea hori, CIC energiGUNE buru den CICe, Elkartek 2019 izeneko proiektuaren barruan dago.

“Energia trantsizio egoeran, hidrogenoa ekonomiaren sektore batzuen erabateko deskarbonizazioarekin batera etorriko den bektoreetako bat da”, gogorarazi du Ana Aranzabe Teknikerreko Teknologia Zuzendariak. Bestalde, Nuria Gisbert CIC energiGUNEko Zuzendari Nagusiak adierazi duenez, “CIC energiGUNE, Tekniker eta EHU/UPV, erreakzio termokimikoen bidez hidrogeno garbia ekoizteko ate bideragarria eta eskuragarria irekitzeko moduan daude, gizarteak bilatzen eta behar duen energiaren paradigmaren aldaketan lagunduz”. Era berean, Pedro Luís Arias Bilboko Ingeniaritza Eskolako (EHU/UPV) Ingeniaritza Kimikoko Katedradunak adierazi duenez, “lankidetza horrek interes berezia du, bide jasangarriak erabilita hidrogenoa ekoizteko apustu sendoa delako, eta horrek euskal enpresek eta eragileek hidrogenoaren balio katean betetzen duten jarduera indartuko du”.

Oro har, proiektuak hidrogenoaren produktibitatea hobetzeko modua landuko du, ziklo termokimikoan esku hartzen duten solidoen propietate zinetikoak eta ziklabilitatea optimizatuz, nanomaterialak eta material nanoegituratuak erabiliz. Horrez gain, ikerketaren arloan, material horiek balioztatu egingo dira, aplikazio errealetik hurbilago dagoen eskala batean duten portaera zein den jakiteko.

Landa-lanari dagokionez, une honetan erreaktibo gisa kostu txikiko oxido metaliko mistoak erabiltzen dituzten eta tenperatura ertainetan aritzeko aukera ematen duten (<500 C) bi edo hiru etapako zenbait ziklo termokimiko sinple ari dira ikertzen. Aurreko lanekin alderatuta, abian diren garapenen originaltasuna eta espero den inpaktua funtsezko bi alderditan oinarritzen da: ekonomiaren iraunkortasunari eta zirkulazioari lagunduko liokeen industriako hondakin solido ugari erreaktibo gisa erabiltzeko aukera, eta mota askotako bero-iturri erabilgarriak ekarriko lituzketen laneko tenperatura baxuak. Azken horrek, industria askoren hondar-beroa energiaren aldetik balio handia duen erregai garbi bihurtzeko ateak irekiko lituzke.

Nolanahi ere, material horiek, hidrogenoa sortzeko ur-molekulak deskonposatzea ahalbidetzen duten propietateak galdu gabe milaka berotze- eta hozte-ziklo izan ditzaten, nanoteknologiak aplikatu beharko dira horien diseinuan eta optimizazioan. Hiru erakunde laguntzaileen esperientziak eta baliabide tekniko eta profesionalek teknologia horretarako sarbidea eta aplikazio eraginkorra bermatzen dute.

Kontuan izan behar da, gaur egun, hidrogenoa eskala handian ekoizteko prozesua erregai fosiletatik sortzen dela, eta, ondorioz, CO2 isuriei dagokien neutraltasuna murriztu egiten dela. Beste prozesu batzuek, biomasan oinarritzen direnek adibidez, ere ez dute neutraltasun osoa lortu, eta uraren zuzeneko elektrolisiak eraginkortasun txikia eta kostu handia ditu oraindik. Eguzkiaren energia termikoak edo hondar-bero industrialak bultzatutako erreakzio termokimikoen erabilera interesgarriak izan daitezke; beraz, orain irekiko den ikerketarako bideak hidrogeno garbiaren ekoizpen integrala erraztea du helburu.

CIC energiGUNEren, EHU/UPVren eta Teknikerren arteko proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du Elkartek programaren bidez.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk