CIC Energigunek 1,2 milioi euro baino gehiago lortu ditu Europako funtsetatik hiru ikerketa-proiekturen bidez

Araba

  • Arabako Teknologia Parkean egoitza duen zentroak aztertuko ditu, besteren artean, baterien bizitza baliagarria areagotzeko material berriak eta energiaren alorrean grafenoak izan ditzakeen aplikazio berriak garatzeko lan egingo du
  • Hilabete honetan hasiko diren I+G proiektu horietan hainbat euskal enpresen parte-hartzea gidatu du, hala nola, Iberdrola edo Cegasa

CIC Energigune, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen energiaren ikerketa-zentroa, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez urrian hasiko da aktiboki parte hartzen esparru-programaren Europako funtsak laguntzen dituen hiru ikerketa-proiektu garrantzitsutan. Arabako Teknologia Parkean kokatzen den zentroak lan ikertzailea gauzatuko du proiektu horietan EBk egindako ekarpen ekonomiko esanguratsuari esker, guztira 1,2 milioi euro jasoko baitira. “Ozta-ozta 3 urte pasa dira martxan jarri ginenetik eta Europak jada berretsi du CIC Energiguneren lana. Izan ere, energiari buruzko hiru proiektutan murgilduta gaude Europa osoko beste zentro, unibertsitate eta enpresa garrantzitsuekin eta, kasu jakin batuetan, ikerketa-arloetako batzuen buru ere bagara”, adierazi du Jesús María Goirik, CIC Energiguneko zuzendariak. Hiru ikerketa-proiektuak Europako 7. esparru-programaren barruan jasotzen dira eta 65 milioi euroko finantzaketa globala dute.

Mikrosentsoreen garapena

Euskal zentroak parte-hartuko duen hiru ikerketak CIC Energiguneren alor nagusira bideratzen dira, alegia, gure gizarteen etorkizuneko garapenarentzako giltzarri den energiaren biltegiratzera. Lehenengo ikerketak, SIRBATTek, Liverpooleko Unibertsitatea du buru eta 12 bazkide ditu. Bere xede nagusia da litiozko zelulen tenperatura eta barruko presioa kontrolatzeko mikrosentsoreak garatzea da, baterien iraupena areagotu ez ezik, eskala handian sareetan ere erabili ahal izateko. Ikerketa horren emaitzak baterien bizitza luzatzeko giltza izan ahalko lirateke.

“Proiektu horretan –Goirik azpimarratzen duenez– hiru dira gure zeregin nagusiak eta zentroan ditugun plataformek eta punta-puntako ekipamenduak pisu garrantzitsua izango lukete bertan. Alde batetik, litiozko baterietako elektrodo eta elektrolitoen arteko interfazeen egiturazko propietateak eta propietate elektronikoak aztertuko ditugu. Era berean, elektrodo/elektrolito interfazeen in situ eta ex situ karakterizazioa gauzatuko da. Ekimen horren bidez CIC Energigunek lortu du energiaren sektorean erreferente den euskal enpresa baten parte-hartzea, Iberdrolarena. Aipatu enpresak eskala handiko aplikazioen definizioaz arduratzen da eta optimizatutako baterien errendimenduaren analisian parte hartzen du. Lanetan egingo den guztizko inbertsioa 3,2 milioi eurokoa da.

Bateria hobeak ibilgailu elektrikoentzat eta grafenoa

CIC Energiguneren partaidetza duen bigarren proiektu europarraren helburua da ibilgailu elektrikoentzako bateria seguru eta erresistenteagoak lortzea, azken finean, bizitza baliagarri handiagoa duten bateriak. Miñaoko zentroak azterketa honetan gauzatuko duen lana, batez ere, egungo bateriak zergatik degradatzen den ikertzea da, gero degradazio hori saihestu edo ekiditeko forma berriak zehaztu ahal izateko. Beraz, post mortem ikerketak egingo dira eta litiozko baterientzako material berriak landuko.

Ekimen horren aurrekontu globala 8,2 milioi eurokoa da eta horietatik 442.000 euskal zentroak kudeatzen ditu. SIRBATTen bezala, CIC Energigunek sektoreko erreferentziazko euskal enpresa batean proiektua txertatzea lortu du, kasu honetan Cegasa enpresa arabarrean. Horrez gain, IK4 Cidetec euskal zentroa ere proiektuan engaiatu da.

CIC Energigune parte hartzen hasi den azken proiektu europarra Europako Batzordeak lehentasuna ematen dion ikerketa-material berria den grafenoari buruzkoa da. Ekimen hori da inbertsio global handiena duena, 54 milioi euro, eta horietatik 500.000 euskal zentroaren lanak gauzatzeko bideratuko dira. Graphene Flagship (http://www.graphene-flagship.eu) izendapenarekin, aipatu proiektuak Europa osoko 126 talde biltzen ditu. Amaierako xedea grafenoarekin egiten diren ikerketetan sakontzea da, produktu teknologiko iraultzaileak azkar lortu ahal izateko. Produktuok gizartearentzako oso erabilgarriak izango dira, bai euren aplikazioengatik bai hainbat industriatan iraultza eragiteko eta Europan hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzeko gai izateagatik. Proiektuaren lehenengo 30 hilabeteetarako egingo den hasierako inbertsiotik harago, 10 urtetan Europan inbertsioak 1.000 milioi eurokoak izatea aurreikusten da.

CIC Energigunek azterketa horretan parte hartuko du eta bi ikerketa-ildoren bidez grafenoaren aplikazio teknologikoak garatuko ditu energiaren esparruan. Alde batetik, grafenoak superkondentsadoreetan –potentzia handiko eta intentsitate energetiko altuko energia biltzeko elementuak– izan ditzaketen aplikazio berrien azterketaren buru izango da. Bigarren ildoa grafenoak Li-on baterietan izan ditzakeen erabileretara bideratuko da. Bateria horietan hainbat proba egingo dituzte, karga, iraunkortasuna eta karbonozko material berrien iraunkortasuna egiaztatzeko. Lantalde horretan Graphenea euskal enpresak parte hartzen du ere bai.

Xafla-egitura laua da grafenoa, karbonozko atomoez osatuta dago eta silizioa baino propietate bakan eta askoz handiagoak ditu (elektronikan asko erabiltzen den materiala da). Aplikagarritasun handia du askotariko sektoretan, hala nola, komunikazioetan, garraioan edo energian.

Partekatu

Beste berri batzuk