CIC energiGUNEk baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan duen erreferentziazko posizioa bultzatuko duen Plan Estrategikoa onartu du

Albisteak, Araba

Tresna horren helburua hurrengo lau urteetako ikerketaren bidea zehaztea eta CIC energiGUNEk energiaren arloan Europako erreferente gisa duen posizioa sendotzea da

Euskal zentroak, bateriei eta superkondentsadoreei eta energia termikoko soluzioei buruzko orain arteko bi eremuei batuko zaien espezializazio-eremu berri bat ezarriko du Hidrogenoaren Teknologietarako

CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, 2021-2024 Plan Estrategikoa onartu du. Plan horrek ezarriko ditu datozen urteetako ikerketaren ildo nagusiak, eta Hidrogenoaren Teknologien Arlo bat abiaraztea barne hartuko du, Biltegiratze Elektrokimikoaren eta Energia Termikoaren Soluzioen arloei gehituz. Zentroaren estrategiarekin bat etorriz, biltegiratze termikoko eremuaren izena aldatu eta “Energia-soluzio Termikoak” izena hartuko du.

“Duela 10 urte martxan jarri zen proiektuan urrats erabakigarria emateko unea iritsi da”, esan du Nuria Gisbert Zuzendari Nagusiak. “Bikaintasun- eta heldutasun-maila lortu dugu, eta energia-trantsizioari lotutako industriaren egungo erronkei aurre egiteko aprobetxatu behar dugu; gizartea mugikortasun jasangarrirantz doa, oso ondo ezagutzen ditugun faktoreetan oinarrituta, egoera solidoko baterian, besteak beste, eta baita ere etorkizun hurbilean oso leku garrantzitsua hartuko duten beste batzuetan, hidrogeno garbian, adibidez”.

CIC energiGUNEren Plan Estrategikoa gauzatzeko prozesua Sara Ortiz zentroko finantza-zuzendariak koordinatu du. “Oso partaidetza prozesu zabala egin dugu, eta bertan, Patronatuko eta Batzorde Zientifikoko kideek osatutako Aholku Batzorde eskuordetu baten ekarpenak jaso ditugu, eta baita zentroko lantalde espezifiko batenak eta Zuzendaritza Batzordearena berarenak ere. Partaidetza maila horri esker, ibilbide luzeko eta oso potentzial handiko tresna sortu ahal izan dugu, eta, horregatik, gure esker ona adierazi nahi diegu denen aurrean partaide guztiei “.

Ildo horretan, Planak, hemendik aurrera jarraitu beharreko ibilbide-orria zehaztuko duten jarduketarako hiru ardatz nagusi ezartzen ditu. Lehenik eta behin, CIC energiGUNEk energiari buruzko ikerketaren bidez euskal industrian eragin zuzena sortzeko lana areagotuko du. Bigarrenik, lehen mailako ikerketa garatzen jarraituko du, nazioartean duen erreferentziazko posizioa finkatuz, eta horretan ere funtsezko elementua izango da maila goreneko ikerketa-taldeari eustea, nazioarteko talenturik onena eta tokiko talentuaren garapena uztartuta. Eta, azkenik, lankidetza estrategikoak garatzen jarraitzea, ikerketa-ildoetan aurrera azkar egin ahal izateko.

Aurrekontuei dagokienez, zentroak, egungo erronkei erantzuteko eta etorkizunekoei erantzun malguak eman ahal izateko gaitasuna duen jasangarritasunera bideratutako politika aurreikusten du epe ertainean, eta baita balio handiko proiektuak garatzea ahalbidetuko duten beharrezko tresnak bermatzea ere, euskal industrian duen eragina handituz eta oinarri teknologikoko enpresa berriak sortuz.

Patronatuak onartu ondoren, orain etengabeko lan-prozesua hasi da Planean ezarritako hainbat proiektutan, eta, horretarako, Lantalde espezifikoak sortuko dira zentroan.

Partekatu

Beste berri batzuk