CIC energiGUNEk bere arlo elektrokimikoko zuzendaritza-taldea berritu du, Montse Casas-Cabanas koordinatzaile zientifiko eta Roberto Pacios koordinatzaile teknologiko izendatuz
Casas-Cabanas doktoreak ordezkatuko du karguan azken 10 urteetan ikastetxeko elektrokimika-arloko zuzendari zientifikoa izan den Teofilo Rojo irakaslea
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, berritu egin du bere arlo elektrokimikoko zuzendaritza-taldea, eta Montse Casas-Cabanas doktorea koordinatzaile zientifiko eta Roberto Pacios doktorea koordinatzaile teknologiko berri izendatu ditu. Energia elektrokimikoa biltegiratzeko ikerketa-arloa CIC energiGUNEko lan zientifikoaren zutabeetako bat da, eremu termikoarekin batera.
Casas-Cabanas doktorearen izendapenak, azken 10 urteetan CIC energiGUNEko arlo elektrokimikoko zuzendari zientifikoa izan den Teofilo Rojo irakaslearen ordez, bultzada ematen dio zentroak bere ikertzaileen garapen profesionalaren alde egindako apustuari, hainbat urtetako karrera eta mentoring planaren barruan baitago.
Bide horretan, 2011z geroztik Elektrodo Aurreratuen Materialen Ikerketa Taldeko buru zen Montse Casas-Cabanasek, energia elektrokimikoaren biltegiratze arloko Koordinatzaile Zientifiko postua hartuko du aurrerantzean, eta Modelizazio eta simulazio konputazional, Elektrodo Aurreratuen Material eta Elektrolito aurreratuen Integrazio taldeetako buruzagitzaz arduratuko da.
Orain arte, Koordinatzaile Zientifiko berriaren ikerketa-lana energiaren biltegiratzearen barruko material funtzionalen diseinuan eta horietan gertatzen diren fenomenoen azterketan oinarritu da, batez ere. Bereziki nabarmentzekoa da egoera solidoaren kimikan eta kristalokimikan duen prestakuntza, eta baita energia biltegiratzeko hainbat teknologiatan duen esperientzia ere.
Nabarmentzekoa da baterien industriako ikertzaileek eta profesionalek material kristalinoetako akats lauak kuantifikatzeko eta haien propietateekin korrelazioak ezartzeko erabili duten erreferentzia bihurtu den FAULTS programaren garapenean izan duen parte hartzea eta baita energia biltegiratzeko hainbat teknologiatarako material berrien garapenean egindako ekarpena ere. Casas-Cabanas doktorea Europako hainbat proiekturen eta plan nazionalen IP izan da, eta enpresa-sektorearekin erlazionatutako hainbat proiektutan hartu du parte. Era berean, CIC energiGUNEren koordinatzailea da Erasmus Mundus MESC+ masterrean, eta CICen ordezkaria energiaren biltegiratzeari buruzko ikerketa aurreratuaren eta epe labur eta ertainean kontinenteko industriara transferitzearen inguruan Europako 20 ikerketa-zentro eta 12 enpresa biltzen dituen Alistore sare europarrean.
Bestalde, Roberto Pacios doktorea, energia elektrokimikoaren biltegiratze-arloko teknologia-koordinatzaile berri gisa sartu da CIC energiGUNEn, eta Gelaxken Prototipatuen eta Mortem Osteko Analisiaren eta Bateriaren Zahartzearen ikerketa-taldeen buru izango da. Robertok hainbat arlotan du eskarmentua, mikroelektronikan, energia fotovoltaikoan eta energiaren biltegiratzean, besteak beste.
Koordinatzaile teknologiko berria fisikan doktoratuta dago Londresko Unibertsitatean –Inperial College London–, eta zelula fotovoltaikoetan erabiltzeko material erdieroale aktibo gisa konjugatutako hainbat polimero aztertzera bideratu zuen bere tesia. Ondoren, Dow Chemical eta Matsushita Electric Works/PANASONIC enpresekin aritu zen gailu elektroniko organikoen egonkortasuna eta degradazioa aztertzeko. Doktoretza osteko egonaldi bat ere egin zuen Siemens AGn, Marie Curie Industry Host Fellowship programaren bitartez, landutako teknologiak industriara transferitzeko. Azken 14 urteetan IKERLANeko kide izan da, elektronika organikoaren eta mikrosistema adimendunen arloetan proiektuburu izanda. Zuzendaritza Kontseiluko idazkaria izan da zortzi urtez.
Esperientzia handia du enpresara teknologia berriak transferitzen, laguntza publikoen zein pribatuen bitartez, eta 2017an, Robertok UPV/EHUko MBA exekutiboaren barruan, hainbat gailu elektronikotan energia hornitzera bideratutako sorgailu termo-elektriko organikoak garatzea eta merkaturatzea helburu zuen startup teknologiko baterako negozio-plan onenaren saria lortu zuen.