CIC energiGUNEko bi emakume ikerlari Ikerbasque Fundazioko kide bilakatu dira

Albisteak, Araba, Konpromisoa

Montse Casas-Cabanas doktorea Ikerbasque Research Associate izendatu dute, Fundazioko zientzialari iraunkorren taldeko kide bihurtuz; Ana Catarina Lopes ikertzailea, berriz, Ikerbasque Research Fellow izango da

Ikerbasque Fundazioak Basque Research & Technology Alliance-BRTA erakundeko kide eta energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzean erreferentea den CIC energiGUNEko bi emakume ikerlari sartu ditu Eusko Jaurlaritzak sustatuta ikerkuntzan laguntzen duen plataforma horretako kide diren zientzialarien taldean.

Zehazki, Montse Casas-Cabanas doktorea Ikerbasque Research Associate izendatu dute, eta beraz, Fundazioko zientzialari iraunkorren parte bilakatu da; Ana Catarina Lopes, berriz, Ikerbasque Research Fellow izango da hemendik aurrera. Biek CIC energiGUNEn egiten dute lan, eta, une honetatik aurrera, Zientziaren Euskal Fundazioaren laguntza izango dute. Fundazio horrek Euskal Herriko ikerketa zientifikoaren garapena sustatzen du, ikertzaile bikainak erakarriz.

Casas Cabanas doktorea CIC energiGUNEko eremu elektrokimikoaren Koordinatzaile Zientifiko izendatu berri dute. Eremu termikoarekin batera, zentroko lan zientifikoaren zutabeetako bat da.

Montse Casas-Cabanasen ikerketa-lana energiaren biltegiratzearen barruko material funtzionalen diseinuan eta horietan gertatzen diren fenomenoen azterketan oinarritu da. Bereziki nabarmentzekoa da egoera solidoaren kimikan eta kristalokimikan duen prestakuntza, eta baita energia biltegiratzeko hainbat teknologiatan duen esperientzia ere.

FAULTS programaren garapenean parte hartu izana ere nabarmentzekoa da. Programa hori, baterien industriako ikerlariek eta profesionalek material kristalinoetako akats lauak kuantifikatzeko eta haien propietateekin korrelazioak ezartzeko erabili duten erreferentzia bihurtu da. Horrez gain, energia biltegiratzeko hainbat teknologiatarako material berrien garapenean egindako ekarpena ere azpimarratu behar da.

Casas-Cabanas doktorea Europako hainbat proiekturen eta plan nazionalen ikerlari Nagusia izan da, eta enpresa-sektorearekin erlazionatutako hainbat proiektutan hartu du parte. Era berean, CIC energiGUNEren koordinatzailea da Erasmus Mundus MESC+ masterrerako, eta CICen ordezkaria Alistore sare europarrean. Sareak, Europako 20 ikerketa-zentro eta 12 enpresa biltzen ditu, energiaren biltegiratzeari buruzko ikerketa aurreratuaren eta epe labur eta ertainean kontinenteko industriara transferitzearen inguruan.

Ana Catarina Lopes, bestalde, BCMaterials Españako kide izan da CIC energiGUNEn sartu aurretik. Bertan, “Marie Skłodowska-Curie” beka jaso zuen sentsore magnetiko funtzionalizatuen bitarteko detekzio biologiko proiektuarengatik. Zientzian eta Fisikan doktoratua Bragako do Minho Unibertsitatean (Portugal), eta Münsterreko Unibertsitatean (Alemania) egonaldi bat egin ondoren, gaur egun, material magnetiko bigunen, erdi-gogorren eta gogorren know-how-aren garapenean, ekoizpenean eta aplikazioan munduko liderra den Acuumschmelze GmbH enpresarekin egiten du lan.

Lopesek CIC energiGUNEn egiten duen lana redox fluxuzko baterien arloko aplikazioetarako material berrien garapenean eta karakterizazioan oinarritzen da. Ildo horretan, Lopesek CIC energiGUNE buru duen HIGREEW proiektu europarrean parte hartzen du. Proiektuaren helburua redox fluxuzko bateria %100 jasangarriak eta energia-dentsitate handikoak garatzea da. Ana Catarina Lopesen interes-lerro nagusiak sentsoreen, eragingailuen eta energiaren arloko aplikazioetarako material elektroaktibo adimendunak dira.

Montse Casas Cabanas eta Ana Catarina Lopes izendatu eta gero, dagoeneko sei dira CIC energiGUNEn dauden Ikerbasque zientzialariak: Elena Palomo (Ikerbasque Professor), Montse Casas Cabanas (Ikerbasque Research Associate), Daniel Carriazo (Ikerbasque Research Associate), Nagore Ortiz (Ikerbasque Research Fellow), Eduardo José García Suarez (Ikerbasque Research Fellow) eta Ana Catarina Lopes (Ikerbasque Research Fellow).

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk