CIDETEC Energy Storagek eta Elektrotekniako Laborategi Zentral Ofizialak hitzarmena sinatu dute, bateriak ziurtatzeko eta homologatzeko entseguetarako

Albisteak, Gipuzkoa

Ekonomia urrats sendoak ari da egiten elektrifikazioaren bidean. Hori horrela, gero eta gehiago ari dira merkaturatzen energia elektrikoa biltegiratzeko sistemak dituzten produktu eta aplikazio berriak. Horren ondorio zuzena zera da, ekipamenduen fabrikatzaileek gero eta eskari handiagoa dutela baterien ziurtapenari eta homologazioari dagokienez, bai ibilgailu elektrikoentzat, bai UN 38.1 arauak emandako garraio-baldintzekin bat etortzeari dagokionez. Eskari hori produktu berriak merkatuan sartu aurreko lege-baldintza batetik sortua da, baina baita horiek elikatzen dituzten baterien egokitasuna, kalitatea eta segurtasuna bermatzeko ere

Orain artean, bateriak ziurtatzeko aukerak mugatuak ziren Espainian: alde batetik, eginkizun horretaz arduratu daitezkeen laborategi gutxi daudelako, eta, bestetik, laborategi horiek gero eta saturatuago egoteagatik, bereziki entsegu elektriko espezializatuei dagokienez.

CIDETEC Energy Storagek, eskari gero eta handiagoaz jabetuta, bateriekin saiakuntzak egiteko laborategi bat inauguratu zuen 2021eko otsailean, Elektromugikortasuneko eta Energia Biltegiratzeko MUBIL Poloan. Laborategi horretan, sei milioi eurotik gorako inbertsioa egin zuen ekipamendutan, dela ikerketa- eta garapen-proiektuen premiei erantzuteko, dela beste enpresa batzuen zuzeneko eskaeren testatze-premietarako.

Ziurtapenerako entsegu-zerbitzu integral bat eskaini ahal izateko, eta, orobat, baterien egokitasuna eta homologazioa ebaluatzeko, CIDETECek eta Elektrotekniako Laborategi Zentral Ofizialak –zeinak historia luzea baitu saiakuntza-laborategi gisa eta Industria Berrikuntza Sustatzeko Fundazioaren homologazio-zerbitzu tekniko gisa, nazio mailako lider izanik– erabaki dute lankidetza-hitzarmen bat sinatzea zerbitzu aurreratu horiek eskaintzeko, aurretik duten lankidetza-ibilbide arrakastatsua aprobetxatuz eta lehendik dituzten sinergiak baliatuz.

Akordio horren arabera, CIDETEC Energy Storage enpresaren instalazioetan trakzio elektrikorako eta beste erabilera batzuetarako bateriak ziurtatzeko eta homologatzeko saiakuntzak egin ahal izango dira Elektrotekniako Laborategi Zentral Ofizialeko teknikariekin. Azken horrek, homologazio egiaztatuko zerbitzu tekniko gisa, dagozkion adostasun-ziurtagiriak edo energia elektriko kargagarria metatzeko sistema gisa homologatzeko saiakuntzen aktak egingo ditu, CEPE-ONU 100.03 Erregelamenduaren arabera. Jarduera hori Elektrotekniako Laborategi Zentral Ofizialaren beraren instalazioetan dauden gaitasun gehigarriekin osatzen da, eta estatuko eta nazioarteko industriaren eskura dagoen eskaintza integrala eratzen du.

Partekatu

Beste berri batzuk