Digitalizazioa eta iraunkortasuna, berrikuntza-ardatzak COVID osteko aroan

Albisteak, Bizkaia

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere zeregina nabarmendu du foro estrategiko publiko-pribatu gisa, lankidetza-dinamikak, bilakaera-bideak eta eraldaketa-elementuak sortzeko

Berrikuntzaren Euskal Agentziak zuzendaritza-batzordea berritu du, baita Euskadi berrikuntzan Europako lurralde lider bihurtzeko konpromisoa ere

I+G+b arloan inbertitzeko ahaleginak balio handiena sortzen den arloetan egin behar dira: fabrikazio aurreratu, energia, biozientzia/osasun, elikadura, hiri-habitat, ekosistema eta kultura- eta sormen-industrietan

“COVID osteko aroan inoiz baino garrantzitsuagoa” izatearen alde egin du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta foku estrategikoa lehentasunezko gaietan jar dezan gizarteari laguntzea izango da bere eginkizun nagusia, baliabideen ustiapen burutsua sustatuz berrikuntzan jauzi bat emateko eta “handira jokatzeko”. Hori izan da Ohiko Batzar Nagusian nabarmendu den gogoetetako bat, pandemia dela eta, Zamudion Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean online egin delarik.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Berrikuntzaren Euskal Agentziako ohorezko presidenteak, bazkideekin egindako topaketa birtual horretan parte hartu du, Eusko Jaurlaritzak, ekonomia eta gizartearen garapenerako eragile gisa, I+G+b-rekin duen babesa eta konpromisoa erakusteko.

Pandemian bizia galdu duten pertsonak oroitu nahi izan ditu Innobasquek, eta esker ona adierazi die hilabete hauetan guztietan oinarrizko zerbitzuak eskaini eta bermatu dituzten profesionalei. Manuel Salaverria Innobasqueko lehendakariak, Batzar Nagusian egindako hitzaldian, onartu du krisi honek “mundu ezezagun batean barneratzen gaituela, non ez den berriro ezer lehen bezalakoa izango”, eta egoera horri aurre egiteko “itzelezko baliabide kopuruak” jarri direla “osasun-sistemaren erantzuna ziurtatzeko, inpaktu soziala gutxitzeko eta geldialdi produktibo eta ekonomikoaren berehalako ondorioak arintzeko”.

“Errezeta zaharrek ez dituzte arazo berriak konponduko. Horregatik, krisitik ateratzeko funtsezkoa izango da berrikuntza, hau egoera berriei errezeta berriekin heltzea baita”, gaineratu du Salaverriak. Innobasqueko lehendakariaren ustez, “digitalizazioa eta iraunkortasuna” berrikuntzaren ardatz bihurtu dira COVID osteko aroan. Digitalizazioa, hau da, datuaren garrantzia, arlo pertsonal, sozial eta produktiboa hobetzen lagunduko duten irtenbide eraginkorrak bilatzeko, eta iraunkortasun edo jasangarritasuna, planetaren biodibertsitatea mantentzearen eta baliabideen banaketa eraginkorra ziurtatzearen aldeko apustu garbia egiteko.

Berrikuntzaren Euskal Agentziak adierazi du, egungo erronkaren aurrean, Euskadik industria-oinarridun ekonomia edukitzen jarraitzen duela, eta errealitate berrira egokitzen eta estrategiak birplanteatzen jakin behar duela. Horren haritik, Europara indartsuago hurbiltzearen alde egin du, finantzaketa-mekanismoak berrituz, konponbide multiteknologikoak edo multiezagutza landuz, balio erantsiko zerbitzuak sortzeko, lankidetza publiko-pribatua sendotzeko eta, batez ere, pertsonen talentua sustatu eta sendotzeko, giza kapitalaren garrantzia aitortuz.

“Innobasquek eztabaidarako eta bilakaera-bideak eta eraldaketa-elementuak planteatzeko foroa izan behar du. Elkarlaneko lan-dinamikak sortzeko gune bat izan behar du, lehentasunezko gaietan argudio estrategikoak garatzea ahalbidetuko diguna, ibilbide-orri argiak proposatuz jarduteko elementuekin” nabarmendu du Salaverriak bere hitzaldia amaitzeko.

Innobasque: monitorizatu eta jardutea

Batzar Nagusia hasi baino lehen, Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeak aurrez aurreko bilera egin du agentziaren egoitzan; bertan, Leire Bilbao zuzendari nagusiak iaz egindako jardueraren azterketa eta aurtengo ekitaldiaren aurrerapena egin ditu.

2019an, Euskadi I+G+b arloan eskualde lider izan dadin lan egin du Innobasquek, eta, beste eragile batzuekin lankidetzan, berrikuntzaren garapenaren buru izan da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile berezi gisa. Lehendakaritzak gidatutako Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparru orokorrari jarraituz egiten da lan hori.

“Euskadin berrikuntza bultzatzeko egiten dugun lanean, laburbilduta, monitorizatzea (neurtu eta ebaluatzea) eta jardutea sartzen dira: esperimentatuz, enpresei berritzen lagunduz, Europan ondo kokatuta dagoen berrikuntza-politika sendoa eraikiz eta euskal administrazio publikoan berrikuntza bultzatuz”, azpimarratu du Bilbaok Zuzendaritza Batzordearen aurrean egindako hitzaldian.

Innobasqueko zuzendariak Post COVID 2020 Prospektibako Innobasque Txostena, krisiaren sakontasuna ezagutzeko premiaz egindakoa, partekatu du batzordearekin. Egiaztatu da pandemiak bizkortu egin duela digitalizazioaren eta jasangarritasunaren ezarpena bizitzaren alderdi guztietan. Txostenak egungo egoera abagune gisa ikusten du, eta funtsezko gomendioak egiten ditu Euskadiren etorkizuna berrikuntzatik eraikitzeko. Enpresa-sarean jarduera berritzailea sustatzeko, ezohiko neurriak martxan jartzearen alde agertu da agentzia, horrela likidezia falta eta eskariaren erabateko uzkurtzea arintzeko.

“Innobasquek badaki oso garai zaila duela aurrean, baina bazkideei eta gizarte osoari mezu baikorra eman nahi die. Gure espiritu ekintzailea, berritzailea eta borrokalaria indartuz Europari begira jarraitu behar dugu”, nabarmendu du Bilbaok bere hitzaldiaren amaieran.

Post COVID 2020 prospektiba-txostenaren edukia laster aurkeztuko zaie enpresa elkartuei eta gizarte osoari.

Zuzendaritza-batzorde berria

Gaur, estatutuetan adierazten den bezala, erakundearen kudeaketa-organo berriak osatuko dituzten pertsonak aukeratu dira. Zuzendaritza-batzorde berrian Manuel Salaverria dago, lehendakari gisa, eta bost lehendakariorde: Arantxa Tapia (Eusko Jaurlaritza – Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak), Iñigo Ucin (Mondragon Korporazioa), Eduardo Zubiaurre (Confebask), Nuria Gisbert (CIC Energigune) eta Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea). Lourdes Morenok (Bolueta Engineering Group) batzorde berriko diruzain-lanak egingo ditu, eta Olatz Fernandezek (Fernandez-Elejalde Abogados) idazkari-lanak.

2019ko kudeaketa txostena

Batzar Nagusian, 2019ko ekitaldiko Kudeaketa Txostena aurkeztu zaie bazkideei. Gaur egun, 907 enpresa eta erakundek osatzen dute Agentziaren elkarte-oinarria, eta gehienak (% 63) industriak dira, beren ahaleginarekin Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen den berrikuntzaren eta ikerketaren zatirik handiena sostengatzen dutenak. Euskadiko ETE berritzaileen % 43,5 Innobasquen sartuta daude, eta elkartutako erakundeak EAEko I+G guztiaren % 62 dira.

Kudeaketa Txostenak nabarmentzen du, halaber, elkartekideek parte-hartze handia dutela Innobasquek gidaturiko ekintzetan. 242 erakunde bazkide inplikatu dira 2019an egindako jardueretan. Berrikuntzaren Euskal Agentziak babestutako 24 programei eta planei esker, 1.698 euskal erakundek beren lehiakortasuna hobetzeko ekintzei ekin ahal izan diete. Euskadik, oro har, 100etik 79,8ko nota lortu du Eskualde Berrikuntzaren Europako Adierazlean (RIS).

Innobasqueren helburu estrategikoak

Sei dira 2016-2020 ekintza-planaren ardatz estrategikoak, denboraldi horretan agentziaren lana gidatu dutenak. Lehenak prospektiba modu sistematikoan txertatzea bilatzen du euskal zientzia, teknologia eta berrikuntzako politiketan. Halaber, berrikuntza, prestakuntza eta gobernantza publikoko politikak babestu dira, eta I+G arloko euskal ekosistema behatu eta ebaluatu da. Innobasquek bere erakunde elkartuei lagundu die beren premia edo beharrak identifikatzen eta horiei aurre egiteko planak ezartzen.  Aliantzak eta sareak ezartzea Innobasqueren espirituaren parte da, 2007an eratu zenetik, eragina, kokapena eta eskala irabazteko modu gisa, eta, horrela, euskal enpresei eta erakundeei laguntzeko egoera hobean egoteko. Kudeaketa eta antolaketa berritzailea bultzatzeko beharra ere ildo estrategikoetako beste bat da, enpresak osatzen dituzten pertsona guztiek partekaturiko balioak onartzeak enpresen barruan duen garrantziaz jabetuta. Azken helburuak Innobasquek egiten duen lan eskerga elkartekideei eta gainerako gizarteari jakinaraztea bilatzen du, Euskadiren etorkizunerako eta bizi-kalitaterako ikerketak eta garapenak duten garrantzia ulertu eta barneratu dezaten.

 

Partekatu

Beste berri batzuk