Donostiako Teknologia Parkea Zubieta-Urdanibia lurretara hedatzeko aukera aztertzeko prozesua abiarazi dute Parkeak eta Hondarribia eta Irungo Udaletxeek

Gipuzkoa

 

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak, Donostiako Teknologia Parkeko zuzendariak eta Hondarribia eta Irungo alkateek gaur sinatu duten hitzarmenari esker proiektuaren bideragarritasuna ezarriko duen azterketa jarriko da martxan.

 

Donostiako Teknologia Parkea Zubieta-Urdanibiako lurretara hedatzeko beharrezkoa den bidergarritasun azterketa abiaraztea ahalbidetuko duen lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Teknologia Parkeak eta Hondarribia eta Irungo alkateek.

Ekitaldian hartu dute parte Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidente Francisco Berjonek, Donostiako Teknologia Parkeko zuzendari Lucio Hernandok, Hondarribiako alkate Aitor Kerejetak eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok.

Lankidetza hitzarmenaren arabera, Donostiako Teknologia Parkeak bere gain hartuko du Zubieta-Urdanibiako lurretara hedatzeko aukera aztertzeko ekintzen erantzunkizuna, horretarako beharrezkoak diren azterketa eta txosten juridiko zein teknikoak eginez. Hondarribia eta Irungo udaletxeek azterketok egiteko prozesuan laguntzeko konpromisoa hartu dute, beharrezkoa den informazioa emanez. Teknologia Parkeko Administrazio Kontseiluak joan den martxoaren 12ko bileran eman zion oniritzia hitzarmen hau sinatu eta bideragarritasun azterketa abiarazteari.

Zubieta-Urdanibiako eremuak ia 470.000 m²ko azalera du guztira; hauetatik 357.000 m² Hondarribiako udalerrian daude eta gainerako 112.000 m²ak berriz Irungo udalerrian. Behin azterketa eta txostenak bukatuta, alde guztiek proiektuaren bideragarritasunari buruzko erabakia hartuko dute.

Donostiako Teknologia Parkeak 2009ko amaieran ekin zion bere lehen hedapen proiektuari Galarreta Plana abiaraztearekin batera. Parkeak eta Orona enpresak partetatutako egitasmo honek hurrengo 5 urteetan 160 milioi euroko inbertsioa ekarriko du eta mila lanpostu ingururen sorrera. Bertan kokatuko da Oronaren Berrikuntza eta Sustapen Gunea.

Era berean, Teknologia Parkeak Herrera hegoaldera hedatzeko bideragarritasun azterketa jarri zuen martxan Pasaiako Portuko Agintaritzarekin, joan den urtarrilaren 8an lankidetza hitzarmena sinatu ondoren.

Partekatu

Beste berri batzuk