Dynakin eta Ingeteam enpresetako emakume profesionalek AED 2016 saria jaso dute

Bizkaia

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen X. sari-banaketan Bizkaiko ehun ekonomiko eta sozialeko 300 pertsona ospetsu baino gehiago bildu dira

Aurten, Nerea Leal eta Mónica Rodríguez, (Dynakineko bazkideak), Inés Núñez de la Parte, (Ingeteameko zerbitzu juridikoetako zuzendari korporatiboa), Matilde Elexpuru, (Tisako zuzendari nagusia) eta Fuchosa enpresa aukeratu dira AED 2016 Enpresa Sarietarako

PremiosBizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak urtero banatzen ditu sariak eta, oraingoan, golardoetako bi Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Dynakin, S.L. eta Ingeteam erakundeetan diharduten profesionalei egokitu zaizkie.

AEDk Nerea Leal eta Mónica Rodríguez saritu ditu, besteak beste. Botikagintzako zerbitzu eta produktuak eskaintzen dituen Dynakin S.L.-ren bazkide sortzaileak dira biak, ekintzaileak eta Farmakologian doktoreak UPV/EHUren eskutik. 2014an oinarri teknologikoko eta berrikuntza maila altuko enpresa sortu zuten, eskaintzen dituen zerbitzuen alorrean aitzindaria Espainian. Biak ala biak irmotasun handiko emakumeak dira, saiatuak, erabaki estrategikoak hartzen ere badakite eta asmatu egiten dute euren bidean.

Bestalde, Inés Núñez de la Partek, Ingeteameko zerbitzu juridikoetako zuzendari korporatiboak, AED 2016 saria ere eskuratu du. 100 emakume lider garrantzitsuenen sailkapenean, Núñez de la Parte Espainiako 10 emakume zuzendari onenen artean egon da 2015ean. Gehien eragin duten emakumeak hautatzen ditu ranking prestigiotsu horrek, emakumezkoen talentuaren mapa marrazte aldera.

Sariaren bidez emakume enpresaburu eta zuzendariek gure gizartean betetzen duten zeregin ezin hobea balioetsi eta enpresa-sarea zein iritzi publikoa sentiberatu gura dira. Izan ere, inguru ekonomiko eta sozial jasangarria lortzeko, oinarrizko baldintza baita emakumeak enpresetan integratzea. Era berean, emakume enpresaburu eta zuzendariek gure lurraldean gauzatzen duten lana eta baita zuzendaritzako karguetan emakumeak dituzten enpresen egitekoa ere ikusgai egitea da asmoa.

X. sari-banaketan, Bizkaiko instituzio eta enpresa garrantzitsuenetako 15 pertsonez osatutako epaimahaiak emakume enpresari bat, emakume zuzendari bat, ekintzaile bi eta enpresa bat saritu ditu. Horiek guztiak adibidetzat har daitezke dela euren ibilbide profesionalagatik dela Bizkaiko egoera sozioekonomikoan hartutako konpromisoagatik, enpresa-lehiakortasunaren motor diren jasangarritasunaren, kontziliazioaren, berdintasunaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen alde egin dutelako.

Partekatu

Beste berri batzuk