Eduardo Anitua Fundazioa UPV/EHUn integratu da unibertsitate institutu gisa

Araba

Nekane Balluerka errektoreak eta Eduardo Anitua Fundazioaren lehendakariak gaur izenpetu dute bi erakundeak lotzen dituen hitzarmena

image_galleryGaur izenpetu da biomedikuntzako ikerketarako Eduardo Anitua Fundazioaren egoitzan Fundazioa, Araba Teknologi Parkean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin ofizialki lotzen duen hitzarmena. Ekitaldian izan dira UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka eta Fundazioaren lehendakari Eduardo Anitua. Era horretara, ikerketaren arloko erakundea ikerketarako unibertsitate institutu bihurtuko da University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology – UIRMI (UPV/EHU – Eduardo Anitua Fundazioa) izenarekin.

Eduardo Anitua Fundazioa ikerketa zentro bat da, eta bere estrategiak oinarrizko bi zutabe ditu: alde batetik, medikuntza birsortzailearen eta ahoko inplantologiaren arloko ikerketa eta hori gizarteratzea; eta, bestetik, ondo kualifikatutako langileak prestatzea, nazioarteko proiekzioa duten graduondoko prestakuntza jarduerak sustatuta.

Hitzarmen honen bidez unibertsitate institutu gisa atxikitzen zaio UPV/EHUri Fundazioa, helburu nagusitzat hartuta medikuntza birsortzaileari eta ahoko inplantologiari loturiko graduondoko ikerketak eta irakaskuntza garatzea, eta, zehazki, honako jarduera hauen bidez: espezializazio handiko prestakuntza programak sustatzea; bi erakundeetako langileek graduondoko programetan parte har dezaten sustatzea; UPV/EHUko ikasleek praktika akademikoak egiteko eta proiektuetan parte hartzeko bideak jartzea; gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak egin daitezen sustatzea; eta irakaskuntzarekin loturiko bestelako jarduerak.

Hemendik aurrera garatuko den prestakuntza ikasketen kudeaketan unibertsitateak ezarritako araudia jarraituz egingo da, eta unibertsitateko estatutuetan jasotako ikasleen eskubideak eta aldezlearen ikuskatzeko ahalmenak errespetatuz.

Bi erakundeen arduradun gorenek azpimarratu dute akordio honen garrantzia. Honako hau esan du Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak: “Argi zegoen Eduardo Anitua Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan jardungo zutela lehenago edo geroago, eta ez bakarrik geografikoki elkarrengandik hurbil daudelako, baita biek irakaskuntzan eta ikerketan bikaintasunaren alde apustua erabakigarria egin dutelako ere. Ziur nago lankidetza hori ona izango dela bi aldeontzat, baina, batez ere, baita hemendik aurrera sortuko diren aukerez baliatuko diren ikasle eta irakasleentzat ere. Gure ustez XXI. mendeko unibertsitateen bereizgarri nagusia graduondoko eskaintza izango da, eta hitzarmen honi esker eskaintza hori sustatu ahal izango dugu garrantziko bi arlotan: medikuntza birsortzailean eta ahoko inplantologian”.

Bestalde, Fundazioaren lehendakari Eduardo Anituak adierazi du: “Oso pozik gaude hitzarmen hau sinatu dugulako; izan ere, esan nahi du orain dela 25 urte ikerketaren eta prestakuntzaren arloan egiten hasi ginen ahaleginak unibertsitatearen errekonozimendua eta babesa izango duela aurrerantzean. Urtean 1.500 ikasle baino gehiago etortzen dira bisitan gure zentrora, eta hemendik aurrera unibertsitatearen errekonozimenduarekin itzuliko dira euren jatorrietara. Hona hemen adibide bat: orain dela 28 urte abian jarri genuen etengabeko prestakuntza programa ahoko inplantologiaren eta medikuntza birsortzailearen graduondoko bihurtuko da. Azkenik, adierazi nahi dut ziur gaudela UPV/EHUrekin hasitako lankidetza honi esker gorago iritsiko garela espezializazio eta bikaintasun zientifikoan, eta beti helburu nagusitzat hartuta lankidetza honen emaitzak gizarte osora hedatzea”.

Partekatu

Beste berri batzuk