Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua sortu da enpresari berriei konponbideak eskaintzeko
Patxi López Lehendakariak bete duen konpromisoari esker Euskadik azkenean bertako ekintzailetza sarea ezagutu ahal izango du homologazio prozesu berri baten bidez. Erreferentziazko marka bat (Euskadi Emprende) eta eragileak atxikitzeko protokolo bat sortu dira. Atxikiko diren aholkularitzek gehienez 50 €/orduko tarifa eskaini beharko dute bost urte baino gutxiago dituzten enpresa berrien aholkularitzagatik.
Eusko Jaurlaritza, 21/05/2012
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren bidez Euskadik azkenean bertako ekintzailetza sarea ezagutu ahal izango du (zein eragile dauden, nolako ekimen eta laguntzak proposatzen dituzten, kanpoko aholkulariak, e.a.) homologazio prozesu baten bidez. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak gaur aurkeztu du Bilbon duela hilabete batzuk Patxi Lopez lehendakariak hartutako konpromisoaren emaitza, orduan agindu baitzuen “eskura zeuden baliabideak koordinatu eta ordenatuko zituela eta ekintzaileek egin beharreko tramiteak sinpletuko zituela” .
Hasieratik SPRIk (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) kudeatu duen Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak hainbat tresna eskaintzen ditu negozio bat martxan jarri nahi duten ekintzaileentzat eta “Euskadi Emprende” zigiluak bermatzen duen kalitate baldintzetan egin nahi dutenentzat. Marka hori babesgarri bat izango da eragile, instituzio eta erakunde publikoentzat eta, hain zuzen, horretarako sortu da eragileak atxikitzeko eta homologatzeko protokoloa.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren lehenengo lorpenak egia bihurtu dira, euskal ekintzaileek arreta pertsonalizatuko telefono bat dutelako orain (900 716 001), beren arazoentzako konponbideak arinago eta azkarrago bilatzeko. Eta badute baita ere www.euskadiemprende.net webgunea, gai horri buruzko erantzun guztiak bilduko dituena.
Eusko Jaurlaritzaren beste lorpen bat da Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuko eragile homologatu izan nahi duten aholkularitzek gehienez ere 50 €/orduko tarifa eskainiko dutela bost urte baino gutxiago dituzten enpresa berriak aholkatzeagatik. Hala, prezio onargarriak eskainiko zaizkie enpresari berriei.