Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua sortu da enpresari berriei konponbideak eskaintzeko
Patxi López Lehendakariak bete duen konpromisoari esker Euskadik azkenean bertako ekintzailetza sarea ezagutu ahal izango du homologazio prozesu berri baten bidez. Erreferentziazko marka bat (Euskadi Emprende) eta eragileak atxikitzeko protokolo bat sortu dira. Atxikiko diren aholkularitzek gehienez 50 €/orduko tarifa eskaini beharko dute bost urte baino gutxiago dituzten enpresa berrien aholkularitzagatik. Arreta pertsonalizatuko telefonoak (900 716 001) aukera emango du konponbideak arinago eta azkarrago bilatzeko eta www.euskadiemprende.net webguneak gai honi buruzko erantzun guztiak bilduko ditu. Horra hor jada martxan dauden Zerbitzuko tresnak.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren bidez Euskadik azkenean bertako ekintzailetza sarea ezagutu ahal izango du (zein eragile dauden, nolako ekimen eta laguntzak proposatzen dituzten, kanpoko aholkulariak, e.a.) homologazio prozesu baten bidez. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak gaur aurkeztu du Bilbon duela hilabete batzuk Patxi Lopez lehendakariak hartutako konpromisoaren emaitza, orduan agindu baitzuen “eskura zeuden baliabideak koordinatu eta ordenatuko zituela eta ekintzaileek egin beharreko tramiteak sinpletuko zituela” .
Hasieratik SPRIk (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) kudeatu duen Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak hainbat tresna eskaintzen ditu negozio bat martxan jarri nahi duten ekintzaileentzat eta “Euskadi Emprende” zigiluak bermatzen duen kalitate baldintzetan egin nahi dutenentzat. Marka hori babesgarri bat izango da eragile, instituzio eta erakunde publikoentzat eta, hain zuzen, horretarako sortu da eragileak atxikitzeko eta homologatzeko protokoloa.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren lehenengo lorpenak egia bihurtu dira, euskal ekintzaileek arreta pertsonalizatuko telefono bat dutelako orain (900 716 001), beren arazoentzako konponbideak arinago eta azkarrago bilatzeko. Eta badute baita ere www.euskadiemprende.net webgunea, gai horri buruzko erantzun guztiak bilduko dituena.
Eusko Jaurlaritzaren beste lorpen bat da Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuko eragile homologatu izan nahi duten aholkularitzek gehienez ere 50 €/orduko tarifa eskainiko dutela bost urte baino gutxiago dituzten enpresa berriak aholkatzeagatik. Hala, prezio onargarriak eskainiko zaizkie enpresari berriei.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren helburuak
Laburbilduz, hauek dira Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren helburuak:
- Euskadin ekintzailetzaren alde egiten den jarduera trafikoa ordenatzea.
- Espazio komunak sortzea eragileak, inbertsiogileak eta ekintzaileak harremanetan jar daitezen, elkarreragin dezaten eta elkarlanean jardun dezaten. Espazio horiek fisikoak (Emprende Foroa eta beste eragile publiko nahiz pribatuek garatutako jarduerak, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak berak sustatutako Cooperar para Emprender programaren bidez babestuak) nahiz birtualak (sare sozialez gain, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren atarian argitaratzen den guztia partekatzeko eta komentatzeko prestatuta dago, harremanetarako espazio bizia delako) izango dira.
- Ekintzailearen edo lantalde osoaren zalantzak eta kezkak eraginkortasunez bideratzea Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuko profesionalengana, proiektu profilaren eta premien arabera. Horrek guztiak helburutzat dauka eragile guztiez osatutako sare sendo bat ehuntzea, gai izango dena enpresa gazteen premiei konponbideak emateko.
www.euskadiemprende.net atariko zerbitzuak
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren tresna garrantzitsuenetako bat bere webgunea da eta dagoeneko zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
- Euskadin, Espainian nahiz Europan ematen diren ekintzailetzarako laguntzak bildu eta mantentzea (300 laguntza daude eta atariaren atal nagusietan dauden beste finantzaketa tresna batzuk ere sartuko dira, esaterako enpresak sortzeko, barne-ekintzailetzarako edo sendotzeko).
- Euskadin ekintzailetzaren alde egiten den jarduera guztia biltzea eta Estatuan zein Europan egiten diren ekimen garrantzitsuenen aukeraketa bat eskaintzea.
- Euskadin ematen diren ikastaroei buruzko informazioa eskaintzea. Ekintzaileen gaitasunak eta trebetasunak garatzeko ikastaroak. Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak identifikatuko ditu zeintzuk diren gai horiek lantzeko eragile egokienak (Ganberen eta Patronalen hitzarmena).
- Euskadin ekintzailetzaren inguruan sortzen diren albiste guztiak biltzea. Horrela, espazio bakar batean edukiko dugu proiektu berriei, programei eta euskal eragile edo erakundeek eginiko ekintza guztiei buruzko informazioa.
- Albiste hezigarriak egitea eta astean behin enpresa bat sortzeko ezinbestekoak diren gaiak lantzea. Horrez gain, proiektuen hazkunderako garrantzitsuak diren gaiak ere landuko dira.
- Iritzi, harreman eta lankidetza foroak sortzea sare sozialetan.
- “Ekintzailekidetzarako” espazio egoki bat sortzea, non enpresa proiektu bat partekatu nahi duten pertsonak harremanetan jarriko baitira ekintzaile+ekintzaile=lana formula aplikatuz. Garrantzia ematea lankidetzari eta partekatzeari, beti hobea delako ideia eta proiektu partekatu bat edukitzea edo aldaketa partekatu bat gauzatzea.
- Balioan jartzea Euskadiko proiektu ekintzaileak eta horri buruz hitz egitea, hasi berritzaileenetatik eta apalenetaraino. Horiez guztiez hitz egingo dugu, baina ez guk, protagonistak eurak izango direlako beren lanen berri emango digutenak, eurak direlako bizitza proiektu berri horri buruz ongien hitz egingo dutenak. Gogora ekarriko dugu gure sarearen garrantzia, hain zuzen ere enpresa txikiena.
Atxikipen protokoloa eta marka
Bestalde, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak gonbidapena luzatzen die eragile, instituzio eta erakunde publiko zein pribatuei sarean parte har dezaten. Zerbitzuak eragileak atxikitzeko eta homologatzeko protokoloa sortu du, zeina lehen urratsa izango baita Euskadin ekintzailetza ikusarazteko eta, bide horretatik, euskal ekintzailetzaren ekosistemaren aberastasuna ezagutzeko, hots, bakoitza nor den eta zein balio eskaintzen duen jakiteko.
Bestalde, Zerbitzuaren helburua da sarea osatzen duten kide guztien nortasuna errespetatzea eta premiak asetzea. Horregatik, bi erabaki sinboliko baina garrantzitsu hartu dira. Batetik, markak (Euskadi Emprende) hainbat bariazio kromatiko ditu eragile, instituzio edo erakunde bakoitzaren premia grafikoetara egokitu ahal izateko eta, bestetik, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuan homologatutako eragile, instituzio eta erakunde publiko zein pribatu bakoitzak bere erabiltzaile pasahitza izango du bere jardueraren inguruko edukiak argitaratzeko.
Euskadi Emprende marka erreferentziazkoa izango da Euskadiko Ekintzailetzaren arloan eta bi funtzio nagusi ditu: bata, konfiantza eta kalitatezko zerbitzua bermatzen dituen zigilu izatea eta bestea, Euskadin ekintzailetza arloan dauden laguntzak, ekintza eta jarduera guztiak bilduko dituen aterkia edo babeslekua izatea. Hauek dira helburu nagusiak:
- Euskadi Gizarte Ekintzailearen erreferente bezala bisualizatu eta posizionatzea.
- Eusko Jaurlaritza Euskadiko jarduera ekintzailearen bultzatzaile bezala bisualizatu eta posizionatzea.
- Ekintzailetzaren alde eginiko jardueren koordinazioa bultzatzea.
- Euskadiko jarduera ekintzailea homogeneizatzea.
- Zerbitzuaren kalitatea bermatzen duen konfiantzazko zigilua izatea. Zigilua duenak gutxieneko baldintza batzuk bete beharko ditu.
- Ekintzaileari interesatzen zaizkion gaiak identifikatzen eta aukeratzen laguntzea.
- Sare sozialetan foro eta interes taldeak aurkitzen eta bereizten laguntzea.