Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak enpresa berritzaileenak babestuko ditu SPRIren bitartez

Araba

  • Euskal enpresariak Lehiabide Programa berrian sar daitezke www.spri.es zerbitzuaren bidez

Innobideak Estrategiaren barruan sortutako Innobideak-Lehiabide Programaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2 milioi euro bideratuko ditu, euskal enpresek ingurune globaletan duten lehiakortasuna bizkortu dezaten eta berrikuntza ekintzak berrabiaraz ditzaten. Programa horren helburua da euskal enpresetan, eta bereziki ETEetan, berrikuntza bultzatzea gaur egungo krisi egoeraren erronkei aurre egiteko eta oinarri sendoak ezartzea, euskal enpresek lehiakortasuna garatu dezaten globalizazioaren testuinguruan.

Innobideak-Lehiabide Programak enpresa berritzaileenak babestuko ditu, baldin eta frogatzen badute badutela garatzeko, hazteko, merkatu berrietara sartzeko eta nazioartekotzeko gogoa eta baita ere trakzio gaitasuna, edozein dela ere beren ahalmen teknologikoa.

2014-2020rako Europako programazio berriarekin bat, Innobideak-Lehiabide programak hainbat ekintza bultzatuko ditu, besteak beste, berrikuntza ireki eta sakoneko eredua proposatzen dutenak —hasi ideiatik eta merkaturatzeraino, prozesutik produkturaino, eta antolakuntza eta kudeaketa aurreratua barne— eta baita ere kontuan hartzen dituztenak diseinua, negozio eredu berriak, berrikuntza hazkor eta erradikalak eta, batez ere, berrikuntza teknologiko eta ez teknologikoa elkarrekin konbinatzearen indarra.

Funtsean, programaren helburu nagusia da hainbat jarduera bultzatzea, erauzketarekin, ekoizpenarekin, eraldaketarekin, aurreko horien produktu-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoekin eta informazio- eta komunikazio-gizartearekin zerikusia duten eta beren jarduera zentroa EAEn duten industri enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Horretarako, hainbat ekintza egingo dira estrategikoak diren proiektuak (indibidualak nahiz lankidetzazkoak) gauzatzeko eta, bide horretatik, enpresen lehiakortasun posizionamendu globala hobetzeko.

Hauek dira Innobideak-Lehiabide programan sartu ahalko diren proiektuak: “Negozio eredua birdefinitzen” dutenak, “Sozialki berritzaileak diren antolakuntza ereduak ezartzen” dituztenak, “Produktu berriak diseinatzen dituztenak edo lehendik existitzen diren produktu/prozesuetan hobekuntza nabarmenak sartzen dituztenak eta produktu berrien merkaturatzea azkartzeko dinamikak ezartzen dituztenak”, “Produkzio jarduerak Euskal Autonomia Erkidegora itzultzea (Reshoring)” dakartenak edo “Antolakuntza egitura berriak diseinatzen” dituztenak.

Programa honen bidez emango diren laguntzak diru-laguntza ez itzulgarriak izango dira; kostu hautagarrien %50erainokoak izan daitezke 45.000€ko mugarekin proiektu indibidualen kasuan eta kostu hautagarrien %60rainokoak 100.000€ko mugarekin lankidetzazko proiektuen kasuan.

Programa honen berritasun bat emaitzetaranzko orientazioa da. Bestalde, programak enpresaren proiektu proposamenean aurreikusitako emaitzen lorpenera baldintzatzen du laguntzaren zati bat (%20). Emaitzen lorpena egiaztatzeko, proiektua gauzatzen hasi eta urtebetera aztertuko dira fakturazioa, enplegua eta, besteak beste, merkatu kuota.

Partekatu

Beste berri batzuk