Elkargik bermedun finantzaketa-eredu sendo baten alde egiten du, “hobe enpresentzat eta baita bankuentzat ere”

Gipuzkoa

  • “Hori lagungarria izango litzateke arrisku-arazoak eta haien kostua konpontzeko, baita berriz sor litezkeen likidezia-arazoak ere”.
  • Elkargik lankidetza publiko-pribatu estu baten alde egiten du enpresen finantzaketa-programa europarretan.
  • Elkargiko indarreko abala duten egungo 3.692 bazkideek 106.000 pertsona enplegatzen dituzte.
  • Elkargik 177 milioi euroko abalak formalizatu zituen 2013an.
  • Elkargi Consultores Elkargiren mendeko sozietate gisa ezarri da.
  • Elkargik abian jartzen ditu esportazioari laguntzeko programak eta berrikuntzaren alde egiten du.
  • Gaur bertan, Elkargik itun bat zigilatu du Crédit Agricole-rekin, Elkargiko bazkideentzat abal teknikoak munduko ia herrialde guztietan onar ditzaten ziurtatzeko.

Elkargi 25 Topaketa“Krisiak utzi digun banku-kontzentrazioak gora baino ezin du egin. Horregatik, funtsezkoa da denon artean eraikitzea, datorren urteetarako, finantzaketa alternatiboko eredu sendo bat, berme-sistema gogor bat duena. Hori lagungarria izango litzateke arrisku-arazoak eta haien kostua konpontzeko, baita berriz sor litezkeen likidezia-arazoak ere. Bermedun finantzaketa hobea da enpresentzat, baina bankuentzat ere ona da gainera”.

Baieztapen horiek Elkargiko presidente Josu Sanchezek zein Pedro Oyarzabal kontseilari delegatuak, hurrenez hurren, bazkideen Batzar Orokorrean aurkeztuko dituzten txostenen zati dira. Batzar Orokorra gaur goizean izango da Donostiako Kursaalean eta sozietatearen magnitude nagusien bilakaera jaso da txostenetan –nazioarteko, Espainiako eta Euskadiko egoera ekonomiko eta finantzarioaren analisiaz gain–.

Txosten horretan gehitu da egokiak direla “arrisku konpartituko finantzaketa-programak, hasi ditugunak bezalakoak, Elkargiren sistemaren kaudimena ahalik eta baliagarrien egiteko, hura jasaten duten enpresen mesederako”. Horrekin batera, entitateak dio “sistema gogor bat izateko errezetaren beste osagaia lankidetza publiko-pribatu estua dela enpresa txiki-ertainak finantzatzeko europar programetan, haren erabilera eraginkorragoa ziurtatzeko”.

Bazkideak eta abalak
2013ko ekitaldia amaitutakoan, guztira 3.692 bazkidek hartzen zuten parte Elkargiren kapitalean, haien kredituaren % 4 bermatuta, baina sozietatearen oinarri historikoan 11.000 enpresatik gora daude. Elkargiren egungo 67 milioi euroko kapitaletik, 58 milioi bazkide horiek jartzen dituzte. Horien enplegua (3.692 bazkide enpresa eta autonomoen artean)
106.000 pertsonakoa da (batez beste 29 enplegatu), eta hori Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu pribatuaren % 18 da. Elkargik 177 milioi euroko abalak formalizatu zituen 2013an. Ekitaldiaren emaitza 3,6 milioi eurokoa izan da (Hornidura Teknikoen Funtsean jarria), diru-sarrerak % 4,5 murriztuta lortu dena (komisio eta abal txikiagoak), eta gastuak % 8,4 murriztuta, gastu orokorren % 12,9ko murrizketarekin.

Elkargiren berandutza (ordaindu gabeko kredituen abal-emaile gisa egindako ordainketak) 49,8 milioi eurokoa izan da, hots, aurreko urtean baino % 8,3 gehiago. Elkargiren balantzean nabarmena da esleitutako higiezinen zenbatekoa ere, guztira 27,4 milioi eurokoa.

Indarreko arriskua
Elkargiren arrisku bizia 924 milioi euro ingurukoa zen 2013 amaieran, 250.000 euro enpresa bazkide bakoitzeko. Arrisku hori % 7 jaitsi da, aurreko urteetako kreditu abalatuen amortizazioengatik epemugak handiagoak izan baitira. Hala ere, krisiaren hasieratik bermatutako arrisku bizia % 6 igo da, kreditua orokorrean % 20tik gora jaitsi denean. Elkargik bermatutako kredituek batez beste % 5eko berrabal publiko bat dute, partaide den Europako, estatuko eta Eusko Jaurlaritzako europar programen bidez. Horrela, enpresa gehiago berma ditzake, eta berrabal hori gabe baino kaudimen handiagoarekin.

Elkargik berrabalatu gabeko 393 milioi euroko arrisku bat du horrela, eta bere 85 milioi euroko baliabide propio guztietarako kaudimen bat ematen dio, arriskuak haztatzeko Espainiako Bankuaren % 13,5eko irizpideak aplikatu ostean. 85 milioi euro horietatik, 19,5 Hornidura Teknikoen Funtsean (HTFan) daude, eta aurreko ekitaldietako etekinak horra joan dira, hutseginei eta krisi-urteetako hornidurei aurre egiteko. Horrela, Elkargik 2013an, batez besteko % 0,7ko komisio batekin, arriskuaren % 1,4 hutsegin eta horniduretara eraman dezake.

Lankidetza-programak
Beste maila batean, Elkargik Eusko Jaurlaritzaren laguntza finantzarioko programa bat jarri zuen abian 2013an, Euribor + % 3,5ean enpresa eta autonomoen finantzaketan zoru bat markatzeko, 7 urte arteko kredituetarako. Elkargik 430 enpresatara zuzendutako 66 milioi euro bermatu ditu programa horrekin dagoeneko, eta 2014rako Euribor + %3ko zoru bat finkatu da.

Programak ere diseinatu ditu Elkargik, zenbait entitate finantzariorekin lankidetzan, bere abalarekin esportazioari kreditu-lerroekin laguntzeko, Euribor + % 2,5etik. Era berean, eta Deutsche Bank-ekin egindako itun baten bidez, Elkargik ziurtatu du bere bazkideentzako abal teknikoak munduko ia herrialde guztietan onartuak izatea, eta gaur
bertan antzeko itun-akordio bat lortu du Crédit Agricole-rekin, arazoak dituen euskal enpresa bat ere inolako herrialdetan ez egotea ziurtatzeko. Berrikuntzaren aldeko apustua Luzarorekin egindako itunean gauzatu da, Elkargiren abalekin kredituak emateko Euribor + % 1,5etik, 10 urte arte.

Prestakuntza, aholkularitza eta InmoElkargi
Prestakuntzari dagokionez, Elkargik 75 ikastaro eman zituen 2013an, 430 ikaslerentzat. Testuinguru horretan, Finantza Zuzendaritzako Programa Exekutiboa (PEDF) nabarmendu behar da, Deusto Business School eta Esade-rekin lankidetzan. Uztailean Euskal Herriko Unibertsitatearen uda-ikastaro bat ere antolatu zuen nazioartekotzeari buruz, eta irailean Finantzaketa Foroa Bilboko Euskalduna Jauregian, marka jarri zuena, 1.125 lagun bertaratuta.

2014an zehar, Elkargi Consultores Elkargiren mendeko sozietate gisa ezarri da, enpresen aholkularitza finantzarioan modu independentean espezializatzeko. Era berean, Elkargik “InmoElkargi” sortu du, higiezinak eta pabiloiak saltzeko eta kudeatzeko Elkargiren higiezinen agentzia, horretara soilik bideratutako talde batekin, eta atera du bere
web-orria (www.inmoelkargi.es). Eta 25 urte bete behar dituen Enpresa Topaketarekin bat etorriz, Elkargik blog bat jarri du abian enpresa eta autonomoentzat www.elkargi.es web-orrian.

Partekatu

Beste berri batzuk