Elkarrizketa: Gorka Puente, Keinobyko zuzendaria
Keinoby konpainiak Arabako Teknologia Parkean du egoitza. Sortu zenetik, egiteko garbi honekin dihardu lanean: errealitate bihurtu aurretik laborategian hiltzen diren web-ingeniaritza arloko ikerketako ideiak gauzatzea.
Horretarako, joera eta teknologia berriak ikertzen ditu, egiazko erronkak eta arazoak bilatuta, enpresei haien soluzioak saltzeko.
1.- Zer zerbitzu eta soluzio eskaintzen dizkie Keinobyk bezeroei?
Keinobyn hasi nintzen ikerketako ideiak mundu komertzialera eramateko ideiarekin, askotan konferentzietako edo aldizkarietako artikuluetan geratzen baitira. Lehendabiziko produktua nire tesiko ideietatik abiatuta garatu zen, eta, hortik aurrera, hainbat produktu sortu ziren. Produktu horiek Atlassian izeneko Australiako enpresa baten software-aplikazioen merkatuan saltzen genituen (Confluence, Jira, Trello, Bitbucket, Bamboo, HipChat, Stride eta tankera horretako produktuak ditu).
Keinobyk urtebete egin zuenean, 2015eko otsailean, Comalatech etxeak erosi gintuen, merkatu horretako aplikazioen hornitzaile nagusietako batek, alegia. Hala, Keinoby osatzen genuen Juan Ariasek eta biok Comalatech enpresaren taldean lan egiteari ekin genion. Hasieran zazpi lagun ginen; egun 22 gara, eta handitzen goaz. Eta Juan eta biok ere handitu gara! Juan orain Comalatech etxeko produktuen software-arkitektura osoaren arduraduna da, eta ni, berriz, produktu-zuzendaria.
2.- Nolabait laburbiltzeko, azken batean, hamaikatxo ordu eta inbertsio eskatu dituzten ikerketa-proiektuak «berpizteaz» arduratzen zarete, ez da hala?
Comalatechen geure aplikazio propioak egiten ditugu, ez hirugarrenentzat, eta Atlassianen aplikazioen merkatuan saltzen dira (Atlassian marketplace). Dokumentazioaren bizitza-zikloaren kudeaketan espezializatuta gaude wiki korporatiboen bidez (Confluence apps): proiektuen dokumentazioa, barne-politikak, estandarrak betetzea… Era berean, proiektuak eta gertakariak kudeatzeko aplikazioak ere baditugu (Jira apps): scrum, kanban eta tankerako metodologia arinak; lehenespenak, pertsonalizatzeko moduko taulak eta abar. Gure bezeroak askotarikoak dira: Walt Disney, Boeing, BMW edota Indra, baina baita neurri, mota eta sektore guztietako enpresak ere.
3.- Keinobyko langileen potentziala al da enpresaren balio handienetako bat?
Arabako Teknologia Parkeko BIC Arabako bulegoan, gaur egun bi lagun gaude: Pablo Gallego, software-ingeniaria, gaur egun enpresa handietarako «Enterprise» lerrorako ezaugarriak garatzeaz arduratzen dena; eta ni neu, merkaturatu behar ditugun ezaugarri berriez eta produktuen definizio eta ikuspegiaz arduratzen.
4.- Zuen egoitza BIC Araban dago, Arabako Teknologia Parkean. Toki hori bilatzen zenuten zuen enpresa-beharrak asetzeko?
Luxua da Comalatechen tankerako enpresa batentzat lan egitea teknologia-parkean; hain zuzen ere, nazioarteko garapen profesionala, tokiko ingurune batean. Gainera, Bilboko bulegoarekin gure beharrizan nagusia estaltzen ari gara: langile gaituak lortzea. Beti ditugu posizioak irekita, inor animatzen bada ere!
Gure erronka nagusia zera da, bezeroei eta oraindik ere iristea lortu ez dugun merkatu-zatiari eskatzen diguten guztia eskaintzea. Eta, horretarako, handitu beharra daukagu. Nolanahi ere, lan egiteko gure modua beti urrunetik izan da, eta komunikazioa zaildu egiten da jende gehiago agertu ahala (ordutegien malgutasuna, ordu-zonak…). Helburu hori buruan hartuta, iazko Eguberrietan lehendabiziko bulegoa ireki genuen Vancouverren; bertan daukagu negozioaren zati bat, marketina eta euskarria. Maiatzaren 7an bulego bat ireki genuen Bilbon, produktu-taldea handitzen laguntzeko. Hortaz, gure enpresak langileak urrunean zein bulegoan konbinatzen ditu. Baina bulegoak ez dira egindako aldaketa bakarra; enpresaren egitura osoa berrantolatu dugu, eta orain prest gaude hurrengo etapari heltzeko.