Elkarrizketa: Ignacio Gallo doktore eta bihotzeko kirurgialaria, Poliklinika Gipuzkoako Kirurgia Kardiobaskularreko Zerbitzuko burua
Jada 30 urte bete dira José Luís Martínez de Ubago eta Ignacio Gallo doktoreek kirurgia kardiobaskularreko eta hemodinamikako zerbitzuak sortu zituztenetik.
Urteurrenarekin bat eginez, Ignacio Gallo doktorearekin solasaldian egon gara, eta hiru hamarkadetako jarduera azaldu digu.
1.- Gallo doktorea, hogeita hamar urte igaro dira jada kirurgia kardiobaskularreko eta hemodinamikako zerbitzuak Poliklinikan martxan jarri zirenetik. Nolakoa izan da zuen jarduera 30 urteotan?
Gaur egun, ebakuntza egiten diegun pazienteak oso nagusiak dira batez beste; alegia, 80 urte baino gehiago eta patologia anitz dituzten pazienteak. Duela hogeita hamar urte, baina, ezinezkoa zitekeen hori. Hasi ginenean, bihotz irekiko kirurgiaren ondoren pazienteek egun batzuk eman behar zituzten ZIUn eta aste batzuk ospitalean. 1987an, Hemodinamika Zerbitzuko buru Ubagok eta nik neuk –bihotzeko kirurgiaren arloan– Poliklinika Gipuzkoan bultzatutako talde-lanaren ondorioz, agian, arinago bilakatzeko aukera izan genuen, guretzat oso erraza baitzen berrikuntzak txertatzea. Guk geuk hartzen genituen ia erabaki guztiak, eta zoragarria zen. Beste leku askotan ez zegoen horrelako aukerarik. Hogeita hamar profesionalez osatutako egundoko taldea ginen, erabateko askatasuna geneukan teknika eta protesi berriak aplikatzeko, eta, espezialitate biak oinarri genituenez, odolik gabeko hemodinamika-tekniken alde egin genezakeen, betiere jakinda bihotzeko zirujauak prestatuta geundela edozein gorabeherari aurre egiteko. Gainera, gure espiritu ikertzaileak etengabe berrikuntzak txertatzera bultzatzen gintuen, eta nazioarteko aldizkaririk entzutetsuenetan argitaratu eta partekatzen genituen berrikuntza horien emaitzak. Oraindik ere, morbimortalitate-emaitzak argitaratzen dituen kirurgia kardiobaskularreko zerbitzu bakarra gara. Emaitza horiek gure webgunean ikus ditzakezue: cirugía-cardiovascular.es
2.- Denbora honetan guztian lortutako hobekuntzak ezin nabariagoak dira. Talde-lana aipatzen duzu beti…
Medikuntzan, eta pazientearentzako emaitzarik onenak lortu nahi badituzu, ezagutza partekatzeko bokazioa eduki behar duzu, beti egon behar duzu zeure burua berritzeko prest. Medikuntza, zientzia oro bezala, etengabe bilakatzen da. Eta bihotzari dagokionez, alor horretan dihardugun kardiologo, hemodinamista eta kirurgialariek baterako ikuspegia izan behar dugu pazientearen mesede, pazientea bera baita garrantzitsuena. Eredu horri jarraituz funtzionatu dugu Poliklinika Gipuzkoan, eta emaitzak bikainak izan dira. Bihotzeko kirurgia eskaintzen duen zerbitzu bakarra gara Gipuzkoan eta, 1998az geroztik, Osakidetzarekin itunduta gaude. Zirujau bakoitzak, urtero, 500 kirurgia baino gehiago egiten ditu, eta emaitza ezin hobeak dituzte. Azken hogeita hamar urteotan, farmakologian zein teknika diagnostikoetan emandako aurrerapausoak erabakigarriak izan dira. Baina, etorkizunean, geroz eta arinagoa izango da bilakaera esponentzialki, eta odolik gabeko hemodinamika-teknika zoragarriak garatuko dira. Abantailen artean dago, besteak beste, pazienteari ez zaiola toraxa ireki beharko. Kirurgia, hasiera batean pazientearentzako prozedura oldarkorragoa den arren, eraginkorragoa da kasu jakin batzuetan. Duela gutxi argitaratu da Espainia dela “stent” delakoaren herrialdea; hau da, 13 “stent” jartzen dira bihotzeko “by pass” bakoitzeko. Munduko gainontzeko herrialdeetan baino askoz ere kopuru handiagoa.
3.- Poliklinika Gipuzkoa beti izan da erreferentzia hainbat arlotan, hala nola berrikuntzan, profesionalen prestakuntzan eta baliabideetan. Baina, gizarteak garrantzi handiagoa eman beharko genioke eta hobeto zaindu beharko genuke gure gorputzaren “motorra” den bihotza?
Noski, zalantzarik gabe. Jaten duguna eta egiten duguna gara. Egia da badaudela sortzetiko faktoreak ere, hots, genetikoak, inoiz kontrolatu ezingo ditugunak. Baina eragin dezagun hobe dezakegunaren gainean: elikadura, ariketa fisikoa (hobe da arin ibiltzea, korrika egitea baino). Mundu guztiak jakin badaki txarra dela erretzea, drogak txarrak direla. Baina kopa bat ardok –ona bada, bereziki– ez dio inori kalterik egiten. Diziplina eta jarraitutasuna dira guztiaren artetik garrantzitsuena, gutariko bakoitzaren bizitzaren gakoa baitira. Bi alderdi horiek lantzen baditugu, asko irabaziko dugu gure bihotzaren funtzionamendu onari dagokionez. Eta gu beti egongo gara gizartearen zerbitzura aldian behingo azterketak egiteko.
4.- Berrikuntzaz ari garela, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko enblemetako bat da Poliklinika Gipuzkoa, lurraldeko bikaintasunaren ikur da Parkea…
Poliklinika Gipuzkoak 1975ean ireki zituen ateak, Gipuzkoako industrialari talde baten eta tokiko mediku espezialista ospetsu batzuen ikuspegiari esker. Orduz geroztik, Gipuzkoan diagnostikoak eta kirurgiak egiteko baliabiderik aurreratuenak txertatzen lagundu du. Espainiako lehen erresonantzia magnetikoa Poliklinika Gipuzkoan ezarri zen, eta Gipuzkoako lehen Da Vinci robot kirurgikoa ere bertara ekarri zen. Etorkizunean, beti hain zorrotzak diren medikuek eskatzen duten mailan jarduten jarraitzea espero dugu, baita herritarrek eskatzen diguten mailan ere. Herritarrei zor diegu dena.