Elkarrizketa: Isabel Azanza Muguruza. Geminys SL enpresaren sustatzailea eta CEO

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Konpromisoa

Isabel Azanza Muguruza. Geminys SL enpresaren sustatzailea eta CEO, 1999an enpresa sortu zenetik. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean.

Datorren otsailaren 27an jasoko du ASPEGI saria, enpresaburu kategorian.

 

Enpresaren jarduera…

Ezagutza kudeatzea da GEMINYSen jarduera. Zehazki, industria-ekipoen eskuliburuak eta katalogoak diseinatzen, sortzen, osatzen eta idazten ditugu, hainbat hizkuntzatan. Batez ere, trenaren, makina-erremintaren eta automobilgintzaren sektoreetarako lan egiten dugu, baina beste sektore askotan lan egiteko gaitasuna dugu.

Zenbait adibide jartzeagatik, Washingtongo Metroa, Sidneyko eta Stockholmeko tranbiak, Txileko Santiagoko Metroa eta Australiako meatzaritzako bagoiak konpontzeko linea automatizatua izan ditugu bezero, eta Irizar autobusetarako tailerreko eta gidaritzako eskuliburuak egin ditugu.

Orain dela urte batzuk, dibertsifikazioari ekin genion, antzeman genuen prestakuntza-beharrari erantzuteko. Orain, e-learning prestakuntza garatzen dugu, erabat pertsonalizatua, gure bezeroen langileak, fabrikatzaileak eta, zenbait kasutan, produktuaren azken erabiltzailea trebatzeko.

Bestela esanda, kontua da produktu bati buruzko informazioa barneratzen saiatzea, prestatzea eta erabilgarri eta argi jasotzea, erabiltzaileak ahalik eta etekinik handiena atera diezaion bere erosketarik, aukerei eta iraupenari dagokionez.

Enpresaren ezaugarri bereizgarriak

Geminys enpresako langileekin hitz eginez gero, badago nabarmentzen eta eskertzen duten ezaugarri bat, askatasuna ematen zaiela. Beraien lanaren erantzule dira, eta proiektuak proposatzeko eta zuzentzeko askatasuna dute. Nire bulegoa beti dago irekita ideiak entzuteko, eta ideia horiek gauzatzeko beharrezko baliabideak eta tresnak eskaintzen dizkiegu. Uste dut horixe dela gehien bereizten gaituen alderdia.

Horrelako giro batean, garapen profesional eta pertsonalerako aukera handiak dituzte, aukerok aprobetxatu nahi dituztenek.

Gizarteari egin nahi diozuen ekarpena

Gizarteari egiten diogun ekarpenari dagokionez, bi alderdi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, askotan ematen diegu lehenengo aukera lizentziatu berri diren gazteei. Ez diegu aldez aurretiko esperientziarik eskatzen, horrek ez bailuke zentzurik izango. Ez dago berariazko eskaintza akademikorik egiten dugun lanerako; beraz, hementxe irakasten diegu.

Bestalde, balio erantsia eskaintzen diegu industria-fabrikatzaileei. Bezeroak bere produktuari buruz duen ezagupena kudeatzen dugu, eta pertsonalizatu egiten dugu, erabiltzaileari egokitzeko. Komunikazioko eta ezagupeneko bi frekuentzia bateratzen ditugu.

Eta zer ekarpen egiten dio enpresak Euskal Parkeen Sareari?

1999an ekin genion gure ibilbideari, 182 metro koadrorekin eta, gaur egun, 600 metro koadro ditugu eraikin berean.

Ordutik, Parkean sustatzen diren jardueretan parte hartzen dugu. Iaz, esaterako, Geminyseko langile batek irabazi zuen Parkerako Erronka Bat ekimenaren saria, eta aurten lehiaketa horren epaimahaikide izan gara.

Hainbat proiektu egin dugu parkeko enpresa batzuekin, hala nola Invema, Vicomtech, Caf Power eta Ikusi enpresekin. Beste enpresa batzuekin ere elkarlanean aritu gara, Tecnalia eta Ibermaticarekin esaterako, eta harremana izan dugu beste batzuekin, Spyro, Datik eta Orona kasu.

Beste enpresa batzuekin batera, NEM Solutions sortu zuen Geminysek 2007an, mantenu-lanetarako teknologiak garatzeko.

Eta ezin dugu “Bizi” ahaztu, gertaerarik garrantzitsuenak tortilla-pintxo batekin ospatzeko gure lekurik kuttunena.

Parkea oso gustura sentitzen garen ekosistema da, eta iritsi garen neurrira arte hazteko aukera eman digu.

Nazioarteko bokazioa duen enpresa batek izan behar duena

Nik esango nuke pibotatzeko gaitasuna izan behar duela. Batetik, beharrezkoa da enpresa sendoa izatea, hau da, prozedura eta metodo argiak edo ondo lerrokatutako lantaldea dituena; eta, bestetik, ziurgabetasunaren aurrean nolabaiteko tolerantzia, eta aldaketetara eta bezero bakoitzaren berariazko beharretara egokitzeko malgutasuna.

Kanpora begira, pibotatzeko izan dugun gaitasunak aukera eman digu gauza garrantzitsu bat lortzeko, hala nola, geure produktu propioak garatzea –Hermes gure dokumentu-kudeatzailea, esaterako–, eta gure prestakuntza-proiektuetan 4.0 industriaren teknologiak erabiltzea, Errealitate Areagotua edo Errealitate Birtuala, adibidez.

Barne-mailan, posizio sendoa izan behar da aldaketa horiek guztiak txertatu eta aldaketok ikaskuntza eta garapena ekar dezaten.

Nazioarteari buruz ari bagara, gainera, hori guztia biderkatu egiten da. Geminys soberan prestatuta dago horri aurre egiteko.

Eta izan behar ez duena…

Gutxiagotasun-konplexua, beldurrak… Ez dute batere laguntzen. Ihes egin behar zaie horiei.

Duen filosofiagatik gustuko duzun enpresa bat.

Asti Mobile Robotics de Burgos. Verónica Pascual enpresako CEOak, berrasmatu egin zuen familia-enpresa, sektorean erreferente bihurtzeraino. Uste dut lidergo eta talentuaren kudeaketako eredua dela, Talento 4.0 bere programarekin. Nabaritzen da enpresa bizia dela.

Talentuarekin batera, beharrezkoa da…

Grina eta intentsitatea. Idealena da mugimendua, motibazioa eta proaktibotasuna ekarriko dituen konbustio antzeko zerbait gertatzea. Gauzak hobeto joaten dira, talentuarekin batera, helbururik atsegingarrienak betetzera eraman zaitzakeen kontratu emozionala dagoenean.

Enpresaren aldetik, beharrezkoa da talentuak konpromisoaren, giro onaren eta babesaren besarkada jaso dezan. “Geminyzatzea” deitzen diogu guk.

Non aurkitzen dituzu zure enpresarako behar dituzun talentuak?

Hautagai espontaneo ugari jasotzen dugu gure webgunearen bitartez, Adegiren Adegilan enplegurako atariaren bitartez, eta Aldi Baterako Lan-enpresetan egiten dituzten hautapenak ere erabiltzen ditugu. Lehenengo harremana izaten da hori.

Esan dudan bezala, gazte askori ematen diogu lehenengo lan-aukera, beraz, probako lehendabiziko hilabeteetan deskubritzen da, uneren batean, talentua.

Nire lan-mahaian edo bulegoan beti dago…

Orkideak, El Casco grapagailu bat, eskuz margotutako miniaturak eta Geminysen egutegia; lantaldean egindako argazki-lehiaketa baten emaitza da egutegi hori.

 

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk