Ordenagailu, motor elektriko eta aerosorgailuetarako beharrezkoak diren imanak

Albisteak, Gipuzkoa

Europa osoko hainbat unibertsitate eta ikerketa-zentrok, Ceit zentroa buru dutela, erabilera anitzetarako imanen fabrikazioan lur arraroak kontsumitzea murrizteko alternatibak bilatu nahi dituzte

Aro teknologiko honetan biziki garrantzizkoak diren aplikazio anitzetarako (sorgailu elektrikoak, ordenagailuak, motor elektrikoak, entzungailuak eta bozgorailuak…) imanen fabrikazioan Txinarekin genuen mendekotasuna murriztera begira jarri zen abian Neohire proiektu europarra. Goian aipatu ditugun aplikazio horiek guztiek imanak behar dituzte fabrikatzeko, eta iman horiek egiteko, hiru elementu funtsezkoak dira: neodimioa, burdina eta boroa. Neodimioaren ekoizpen ia osoa Txinaren kontrolpean dugu gaur egun.

Elektromugikortasunaren, enpresa nahiz hirien sentsorizazioaren eta robotikaren gorakada gertatzen ari denez, datozen hamarkadetan mota honetako imanen eskaera dezente areagotuko dela aurreikusten da. Horregatik, Ceit, Indar, Fraunhofer eta beste hainbat zentro eta enpresa europarretako adituek azken hiru urteotan makina elektrikoen diseinuak eta imanak ekoizteko teknologiak berritzen elkarlanean egindako lanaren emaitzak aditzera emango dizkigute.

Lur arraroen kontsumoa zein Txinarekiko mendekotasuna murrizteko asmoz, material magnetikoaren erabilera eraginkorragoa egiten duten makina elektrikoak diseinatu dira Europako Neohire proiektuaren baitan. Horrezaz gain, erabilera eraginkorra amaitzear duten imanak birziklatzeko prozesuak hobetzea ere ahalbidetu da proiektu europar horri esker.

Partekatu

Beste berri batzuk