Elkarrizketa: Xabier Ortueta, AFM Cluster-eko Zuzendari Nagusia
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egoitza duen AFM, Advanced Manufacturing Technologies klusterrak (Makina Erreminten, Gehigarrien, Osagarrien eta Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) Espainiako makina-erreminta eta fabrikazio teknologien enpresen %90 ordezkatzen du.
1.- Egungo industrian pisu izugarria duen sektore bateko enpresen %90 ordezkatzen dituzue. Zein dira zuen helburu nagusiak?
Elkarte/kluster sektorial bat, funtsean, sektore bati hazten eta garatzen laguntzen dion zerbitzu-enpresa bat da. Kide guztion eta hartu-emanean dauden jarduera-sektore guztion elkarlanarekin, ekarpen hori bereziki indartsua dela uste dugu AFMn.
Jarduera-eremu hauetan hedatu gara:
batetik, internalizazioan, gure bezero diren sektoreen beharretatik hurbil egon behar dugula deritzogulako. Bestetik, teknologian; gure enpresei laguntzeko –komunean dituzten jarduera eta proiektuen bidez–, fabrikazio-arazo jakin batzuk ebazteko soluzioak eraiki ditzaten. Eta, hirugarrenik, pertsonak ditugu, ekoizpenerako teknologien ezagutza-sektorearen ardatz nagusi gisa.
Industriarako esanguratsua den sektore izaki, makina-erremintarekin loturiko jarduera atxikitzearen eta garatzearen garrantzia ezagutarazteko konpromisoa hartu dugu. Horrenbestez, marketin- eta komunikazio-jarduera zabala hedatu dugu, sektorea gizartearen, administrazioaren eta loturiko gainerako industrien aurrean ondo kokatzeko asmoz.
2.- Internazionalizazioa da zuen lanaren giltzarrietako bat. Txinan zaudete dagoeneko…
Bai; Txinako egoitza –adierazgarria den arren–, nazioartean egiten dugunaren zati bat baino ez da.
Gure sektoreak esportaziora jotzeko joera oso handia dauka. Alegia, makinenei soilik erreparatuz, ekoizten dugun %90 baino gehiago esportatzen dugu; eta, oro har, %80koa da gure esportazio-tasa. Gure elkarteko kide diren enpresek produktu oso espezializatuekin lan egiten dute; eta produktu horiek behar dituzten sektore bezeroak baldin badaude, han kokatzen dira. Europan, Alemania, Frantzia eta Italia dira gure merkatu nagusiak. Amerikan, berriz, Estatu Batuak, Mexiko eta Brasil. Eta, Asian, Txina eta India.
Txinaren kasua, hain zuzen, oso berezia da: makineriaren alorrean, munduko lehen kontsumitzaile eta inportatzaile bihurtu da hamarkada eta erdi batean. Gainera, urtero fabrikatzen diren aparatuen %40 baino gehiago erosten ditu Txinak. Noski, enpresak askok, baita AFMk ere, herrialde horretan bertan kokatzeko erabakia hartu behar izan dugu. Gure aldetik, feria, misio eta bidaia asko antolatu ditugu Asiako erraldoia deritzonera. Era berean, duela hamalau urte, CSMC (Makina-erremintaren Institutu Hispaniar Txinatarra) sortu genuen Tianjinen. Bertatik sektorea babesteko ekimen ugari abiarazi ditugu, hala nola, negozio-bulegoa irekitzea, mantentze- eta muntaketa-zerbitzuak eskaintzea eta gure enpresei babes orokorra ematea, batez ere, lanbide-heziketa espezializatuari dagokionez.
Une honetan, 300 gazte txinatar baino gehiago ari dira LHko prestakuntza jasotzen fabrikazio mekanikoaren alorrean. IMHk ematen du heziketa-zikloa, eta, amaitutakoan, Espainian homologa daitekeen titulazioa eskuratzen dute ikasleek.
3.- Enpresekin eta erakundeekin dituzuen aliantzak oinarrizkoak al dira etorkizuneko estrategia onak lortzeko?
Aurretik aipatu dudan moduan, aliantzak eta lankidetzak dira gure izateko arrazoi. Elkarte batean gaitasunak eta indarrak metatzen dira, ezagutzak partekatzeko eta enpresa batek bere kasa egin ezin ditzakeen gauzak egiteko lekua baita.
Guk etxeko lanak bete ditugu, eta elkarlana errazten duen ekosistema sortu dugu azken 6 urteotan. Hala, makina-erremintako 85 fabrikatzailez osatutako elkarte bat izatetik kluster izatera pasatu gara. Makina, osagai eta erremintez gain, hauek ere biltzen dira gure klusterrean: fabrikazio gehigarriaren sektorea, esku-erremintak, mekanizatzaileak eta eraldaketa metalmekanikorako tailerrak.
AFM CLUSTER, hots, Fabrikazio Aurreratuko Klusterra, osatzen dugu beste 450 enpresarekin batera. Gehienak ETEak dira; guztira 12.500 langile dituzte, eta 2.200 milioi euroko fakturazioa.
Baina, elkarte gisa, hauxe da politena: 71 urteko ibilbidearen ondoren, dena berriro hasi delako irudipena dugu; guztia egiteke dagoela dirudi.
4.- Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean duzue egoitza nagusia. Zer onura dakartza horrelako inguru batean egoteak?
Inguru bikaina da elkarte eta ordezkari gisa jarduteko. Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dauden enpresen tipologiak bat egiten du erabat gure izaerarekin eta ordezkatzen dugunarekin: teknologikoki oso aurreratuta dagoen enpresa bat gara, gure alorreko liderrak, eta munduari begira gaude.
Baina bitxikeria bat ere badago: Gipuzkoako Parkean jarduten hasi zen lehenengo enpresa bilakatu ginen 1997. urtean. Linea elektrikoa oraindik konektatuta ez zegoenean, diesel-sorgailu batek lagunduta, lehen administrazio-kontseilua egin genuen gure egoitza berrian. Orduz geroztik, gauzak hobetu baino ez dira egin Parkean, hau da, enpresa gehiago daude, instalazioak hobeak dira, ekintzak antolatzen dira, etab. Bertan egon nahi dugu, eta bertatik antolatzen ditugu ekimen nagusiak (urteko batzarra edo fabrikazio-teknologiei buruzko kongresua, esaterako).