«Emakumeak Zientzian eta Teknologian» ekimenak 9. edizioa hasi du, parke zientifiko eta teknologikoetako erreferente diren 90 emakume biltzen dituen bigarren zerrenda argitaratuta

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, K·talent, Konpromisoa

Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteak (APTE), kide diren 17 parkerekin batera, sustatutako «Emakumeak Zientzian eta Teknologian» ekimenak bederatzigarren edizioa hasi du, Espainiako parke zientifiko eta teknologikoei lotutako STEAM arloko emakume erreferenteen bigarren zerrenda argitaratuta. Baliabide berri horrek, APTEren webgunean eskuragarri dagoenak, 33 parke kidetako 90 profesional biltzen ditu, eta askotariko esparruetan dihardute, hala nola biomedikuntzan, ingeniaritzan, adimen artifizialean, energian, nekazaritzako elikagaien sektorean edo berrikuntzaren kudeaketan

Zerrenda honen helburua da zientziaren eta teknologiaren arloko emakumezko erreferenteei ikusgarritasuna ematea eta belaunaldi berriei benetako erreferenteak hurbiltzea, STEAM bokazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) genero-arrakala murrizten laguntzeko.

Emakumeak Zientzian eta Teknologian ekimenaren bederatzigarren edizioko jardunaldiak 2027ko otsailera arte egingo dira, eta APTEko 17 parke zientifiko eta teknologikok aktiboki parte hartuko dute, horien artean Euskadiko Parke Teknologikoak. Jardueren artean izango dira ikastetxeen bisitak, tailer praktikoak, erakusketak, hitzaldiak eta lehiaketa nazional bat, Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) oinarrituta.

Erakusketen artean nabarmentzekoak dira «Mundua aldatu zuten emakumeak», zientziaren eta teknologiaren arloko 35 emakume aitzindariren ekarpena nabarmentzen duena, eta «Mundua aldatzen duten emakumeak», parte hartzen duten parkeei lotutako 279 profesional biltzen dituena. Halaber, Zer izan nahi dut handitan? eta Zer dira teknologia disruptiboak? gida ilustratuak banatuko dira, STEAM arloko lanbide-aukeren adibideak erakusten dituztenak.

Berrikuntza gisa, aurten lehiaketa nazionala 11. GJHan – Hiri eta komunitate jasangarriak oinarrituko da, hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izan daitezen sustatzeko helburuarekin.

Ekimenari buruzko informazio eguneratu guztia, STEAM arloko emakume erreferenteen zerrenda, jardunaldien egutegia eta GJHen lehiaketaren oinarriak proiektuaren webgune ofizialean eta APTEk sare sozialetan dituen profiletan daude eskuragarri.

Partekatu

Beste berri batzuk