EMPLOY proiektu europarraren azken batzarra hartu du Bizkaiko Parkeak
- Gazteen enplegagarritasuna hobetzeko helburuz duela bi urte abiarazitako proiektu Txorierriko Politeknika Ikastegiak koordinatu du eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen laguntza izan du.
- Joan den apirilean egin zen EMPLOY egitasmoaren emaitzen aurkezpena.
EMPLOY: Design your future employability egitasmo europarra amaierara iristen ari da eta proiektuaren balantzea egiteko unea iritsi da. Honenbestez, proiektu honetako kideak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean bildu dira bi egunez, uztailaren 2an eta 3an, behin pilotaje fasea bukatuta proiektuaren emaitzak aztertu eta lortutako emaitzen inguruan hurrengo urratsak zeintzuk izan daitezkeen eztabaidatzeko.
EMPLOY proiektuaren helburua izan da enplegagarritasuna hobetzeko Design Thinking-aren printzipioetan oinarritutako metodologia bat garatzea, sormenezko jarduerak ekarriko dituena, parte-hartzaileek etorkizuneko enplegatzaileei gaitasun multzo sendo eta praktikoa planifika, praktika eta aurkez diezaieten. Metodologia hori proiektuaren esparruan garatutako gaitasunei buruzko azterketaren emaitzetatik abiatuta lortu da eta lau herrialdetan jarri da abian, pilotatutako prestakuntza-tailerren bitartez; EMPLOY proiektuko parte-hartzaileei egindako lan-elkarrizketen simulazio batekin amaitu da.
EMPLOY egitasmo europarra, Leonardo Da Vinci programaren esparruan kokatzen da, Europar Batasuneko Hezkuntza eta Kulturako zuzendaritza nagusiaren ikaskuntza iraunkorraren barruan. Zazpi herrialdetako zortzi erakundek hartu dute parte proiektuan, tartean Txorierri Politeknika Ikastegia, proiektuaren koordinatzaile izan dena, eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen zeregina proiektuan, enpresek eskatzen dituzten gaitasun giltzarriei buruzko beharren analisian eta, Parkeko enpresekin daukan harremanaren bitartez, proiektuaren balorizazioan parte hartzea izan da.
Joan den apirilean EMPLOY Proiektuaren jarraipen batzarra egin zen Sardinian; batzar horretan proiektuaren emaitzak aurkeztu ziren, Euskadiko lau ikastetxetan eta beste hiru herrialdetan egindako pilotaje fasearen ondoren. Fase horretan 100 bat lagunek parte hartu zuen Euskadin. Emaitza horiek goiz oso bateko iraupena izan zuen mintegi batean aurkeztu ziren; 50 enplegu-agentziak hartu zuten parte eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten proiektuaren esparruan garatutako tresnak. Enpleguaren Eskualde Agentzia arduratu zen mintegi hori antolatzeaz.
EMPLOY proiektuaren azken emaitzak 2014ko irailean egongo dira eskuragarri proiektuaren webgunean (www.employ-project.com), doan.