Emprende 2010 – Ekintzailetzaren Foro Nazionala
Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez sustatu eta antolatutako Emprende2010 Ekintzailetzaren Foro Nazionala ekimen berritzailea da diseinu parte-hartzailea duelako. Foroak ekintzaileen arteko topagune izan nahi du, helburu argi batekin: sustatzaile berriei negozio ideia bat izaten dutenetik merkatuan kokatu arte sortzen zaizkien galderei erantzutea.
Emprende2010 ez da soilik ekintzailetza babesten duten erakundeen eta laguntzen “erakusleiho” bat; Emprende2010 Foroak topaketarako espazio fisikoak eskainiko ditu, baliagarriak izango direnak sustatzaileentzat, zeren, enpresa ekimen bat duten arren, sustatzaileek merkatuan nola kokatu eta merkaturatzeko baliabideak nola aprobetxatu jakin nahi baitute.
Eusko Jaurlaritzaren ekimen hau kultura ekintzailea bultzatzearen aldeko konpromisoaren barruan kokatzen da eta bi egunetan zehar, urriaren 18an eta 19an, berrogeita hamar hitzaldi eskainiko dira, non beste hainbeste ekintzailek azalduko baitigute nolako esperientzia bizi izan duten enpresa-ideia bat proiektu bilakatzeko prozesuan. Lekukotza horiek protagonisten ahotik helduko dira Emprende2010 topaketako entzuleengana eta ekimena osatzeko lau espazio parte-hartzaile antolatuko dira, harreman komertzialak bideratzeko ekintzaileen artean eta ekintzaile eta bezero edo inbertsiogileen artean:
First Tuesday Espazioa – Prestakuntza eta networking-a. Topagune alternatibo bat da, non ekintzailetzaren arloko eragileak, inbertsiogileak eta ekintzaileak elkartuko baitira. Topaketa honen helburua da ekintzaileei laguntzea finantzaketa eta hazkunde faseetan.
Poster Espazioa. Proiektu galeriak. Galeria komertzial modura diseinatutako espazio bat da, non ekintzaileek beren proiektuaren laburpena eta funtsa azalduko baitigute. Erakusketa zabalik egongo da foroak iraungo duen bi egunetan zehar, interesatuak harremanetan jar daitezen posterraren egilearekin, hartarako gaitutako eremu batean. Speakers Lunch espazioa. Espazio komertzial honetan ekintzaileek beren proiektuen ahozko aurkezpena egin ahal izango dute. Bazkal orduan, 7 sustatzailek beren esperientzia ekintzaileak azalduko dituzte. Parte-hartzaileak: T-Evolo, J1CK Mobile Systems, GAIKER, CITISERVI, TCT TORCH CUTTING TECHNOLOGY, S.L., Techabout eta Biofinder.
Networking espazioa. Espazio honetan Internet bidez harreman profesionalak sortzeko kanal eta mekanismoak aztertuko dira eta baita ere proiektua gauzatzeko garatu beharreko balore eta gaitasun pertsonalak. Formatu dinamiko eta parte-hartzailea edukiko du, ekintzaileek gaitasun horietako batzuk landu ditzaten eta negozio harreman berriak egin ditzaten.
Helburua da bertaratutakoek gaitasun eta trebetasun komertzialak gara ditzatela. “Ekintzaile izateko, harreman profesionalak sortzen eta mantentzen jakin behar da”. Internetek networking-erako erabil ditzakegun kanal guztiak dimentsionatu ditu.
Elkar ulertzeko erakusleihoa. Emprende2010 Ekintzailetza Foroa osatzeko, stand-en eremu bat atonduko da, non ekintzailetzako eragile publiko eta pribatuak bilduko baitira: tokiko eragileak eta beste erkidego batzuetako garapen agentziak, tokiko erakundeak eta erakunde nazionalak, finantza erakundeak, aholkularitzak…