Erleetatik ikasi, zirkulazioa hobeto antolatzeko
- Sistema naturalen propietateak etxe eta zirkulazio-sare adimendunetan sartzeko europar proiektu batean parte hartzen ari da IK4-TEKNIKER
- Local4Global du izena proiektuak, eta etxeetako energia-kontsumoa %20 baino gehiago murriztea eta zirkulazio-sareak %70 hobetzea du helburu
- Bi proiektu pilotu egingo dira Alemanian, Municheko hiri-inguruan eta E.ON Energy Research Center enpresan (Akisgran)
Erlekumeak antzinatik izan dira ikergai, talde-antolaketa aparta dutelako. Gaur egun ere, ikertzaileek uste dute oraindik badugula zer ikasi intsektu horietatik eta beste animalia batzuetatik, punta-puntako teknologia batzuk hobetzeko, hala nola sistema adimendunak.
Horixe da Local4Global europar proiektuaren asmo handiko xedea; izan ere, “globalki hobetzeko lokalki jarduten duten sistemak” garatzea du helburu, eta IK4-TEKNIKER EAEko zentro teknologikoak proiektu horretan parte hartzen du. Sustatzaileek uste dute etxeetako energia-kontsumoa %20-80 murriztu daitekeela eta zirkulazio-sareak %70 hobetu daitezkeela gaur egungo Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (TIK) adimen handiagoz hornituta; hala, 3 milioi euro aurreztuko lirateke 100.000 pertsonako erkidego batean.
Proiektu hori, berez, 2013aren amaieran jarri zen martxan, eta hiru urte iraungo du. Proiektuaren barruan, bi proiektu pilotu egiteko asmoa dago garapenen eraginkortasuna probatzeko: bata, Municheko hiri-inguruko trafikoan, eta, bestea, E.ON Energy Research Center enpresaren I+Gko egoitzan (Akisgran, Alemania).
Local4Global proiektuak azken urteetan garatutako aurrerapen teknologiko izugarriak ditu oinarri, zeinek errealitate bihurtu baitituzte etxe adimendun, zirkulazio-sistema adimendun eta tankerako kontzeptuak. Teknologia horiek auto-ilaren berri ematen dute, denbora errealean, baita mugikorretik aire girotua kontrolatzeko aukera ere; gehienetan, ordea, ez dituzte kontuan hartzen energia-aurrezpena, auto-ilaren murrizketa eta antzeko beste aldagai batzuk.
Sistema horien errendimendu globala optimizatzeko, Local4Global-ek proposatzen du sistema natural adimendunen propietateak txertatzea (adibidez, erlekumeenak), eta, hala, beste aldagai batzuekin sistema artifizial adimendunak aberastea, hala nola elkarlanarekin edo eboluzioarekin. Horretarako, optimizazio deszentralizatuko azken aurrerapenak aplikatzen dira, ziurgabetasuna duten optimizazio banatuaren problema handiak ebazteko erabiltzen direnak. Hala, telefono adimendunak eta beste gailu batzuk, informazioa denbora errealean emateko eta unean uneko erabaki egokiak kalkulatzeko ez ezik, gai izango dira ingurunearen etengabeko aldaketei ezin hobeto egokitzeko ere. Adibidez, automatikoki kalkulatzen dira aire girotuko gailuei bidali beharreko aginduak edo semaforo eta gidariei bidali beharrekoak, funtzionamendu globala hoberena izan dadin.
Zehazki, Local4Global aplikazioa osatzen duen softwarea garatzen ari da IK4-TEKNIKER. Software horrek badu middleware osagai bat, lehendik dauden gailu fisikoei lotzen zaiena, eta baditu zenbait zerbitzu hodeian, sistemen arteko komunikaziorako, azpiegituran aldaketa handirik egin behar izan ez dadin.
IK4-TEKNIKERez gain, beste erakunde hauek hartzen dute parte proiektuan: Hellas Ikerketa eta Teknologia Zentroa (Grezia), proiektuaren burua; ETH Zürich Teknologia Institutu Federala (Suitza); Akisgraneko Unibertsitatea (Alemania); Transver enpresa (Alemania); Kretako Unibertsitate Teknikoa (Grezia); eta Municheko Unibertsitate Teknikoa (Alemania).