Espainiako eta Portugalgo hainbat unibertsitatek eta zientzia- eta teknologia-parkek aliantzak eratu dituzte Horizonte 2020 programari begira
- Espainiako eta Portugalgo hainbat unibertsitateren eta zientzia- eta teknologia-parkeren ordezkariak bildu dira Lisboan. Bertan, baterako estrategia landuko dute, programa europar berrietan bi herrialde horien itzulkina areagotzeari begira.
- Topaketan parte hartu dute, besteak beste, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak eta Bizkaiko Parkeko zuzendariorde nagusiak.
Nola Espainiako hala Portugalgo zientzia- eta teknologia-parke eta unibertsitateen 50 ordezkari baino gehiago elkartu dira parkeen zortzigarren Topaketa Iberikoetan. Ekitaldia elkarrekin antolatzen dute Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkarteak (APTE) eta bere homologo portugaldarrak, alegia, Associação Portuguesa de Parques de Ciência e Tecnologia (TecParques) elkarteak. Besteren artean, José Miguel Corres, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidentea, eta Txaber Ouro, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko zuzendariorde orokorra, egon dira jardunaldian.
Elkarlanerako aliantzak ezartzen ari diren unibertsitate espainiarren zein portugaldarren ordezkariek ere parte hartu dute aurten topaketan. Lehenik eta behin, María Luisa Castañok, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Berrikuntza eta Lehiakortasun zuzendari nagusiak, hartu du hitza berrikuntza-sistema espainiarra nabarmentzeko, 2011tik ona 19 puntu gehiago baititu.
Halaber, José Carlos Gómezek, CRUEko I+G+B arloko presidente eta Kantabriako Unibertsitateko errektoreak, azpimarratu duenez, asko dira parkeekin lankidetzan aritzen diren unibertsitateak; eta, ondorioz, berrikuntzarako guneak sortzen dira. Gainera, parke espainiarrekin adostutako intentzio-manifestuak islatzen duenez, Espainiako parkeek eta unibertsitateek elkarrekin lan egingo dute programa europar berrien I+G+B proiektuetan.
CRUPeko presidente Antonio Rendasek, bestalde, Espezializazio Adimenduko Estrategien (RIS3) bidez sortzen diren aukerak goraipatu nahi izan ditu, parkeen eta unibertsitateen arteko elkarlana bultzatzen dute-eta. Era berean, oso positiboki baloratu du homologo espainiarren arteko lankidetza-hitzarmena, parke portugaldarrekin ere sinatuko dutena.
Azkenik, Manuel Castrok azpimarratu du finantzaketa-aukera gehiago egongo direla zientzia- eta teknologia-parkeek enpresen mesede egiten dituzten jardueretarako.
Lehenengo saioaren ondoren, parkeen espezializazioaren inguruan eztabaidatu da, klusterren bidez atzerriko inbertsioa erakartzeri buruz.
Ekitaldi horren xedea da lankidetzarako eremuen sustapena lortzea Espainiaren eta Portugalen artean, berrikuntzari dagokionez. Horrez gain, teknologia eskualdatzeko topaleku ere bilakatu da, non bi herrialdeetako hainbat erakunde zientifikok eta enpresa-erakundek parte hartu duten.
Badajozen egingo den hurrengo Topaketa Iberikoari begira, Espainiako eta Portugalgo parkeen elkarteko presidenteek ondorengo helburu eta jarduerak zehaztu dituzte, besteren artean: elkarlanerako protokoloa sortzea TECPARQUES eta CRUP artean, APTEk eta CRUEk egin duten antzera; baterako estrategia ezartzea APTE, TECPARQUES, CRUP eta CRUE artean; baterako gutuna prestatzea APTE eta TECPARQUES artean, eta bi herrialdeetako gobernuei bidaltzea, aliantza iberikoaren garrantzia agerian uzteko; eta, azkenik, lidergoa bere egitea Europan, eta lankidetzako politika iberoamerikarren buru izatea.