Europar Batasunak 6 eskualde ereduetakoen artean hautatu du Euskadi zerbitzuen berrikuntzan

Bizkaia

  • Europako beste 14 eskualderekin lehiatu da eta saria lagungarri izango da euskal enpresei berrikuntzan emandako laguntzan sakontzeko, lehiakortasunaren faktore giltzarri gisa.
  • Zerbitzuen berrikuntzak enpresa-ehunean zer ahalmen eraldatzaile duen erakutsi nahi du Enpresaren Industria Berrikuntzako Unitatearen ekimenak.

Europako Batzordeak Euskadi hautatu du, Europako beste 5 eskualderekin batera, zerbitzuen berrikuntzaren garapenean eskualde eredu gisa. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako ereduaren hautagaitza aurkeztu zuen, Europako Batzordearen Enpresa Zuzendaritzako Enpresaren Industria Berrikuntzako Unitateak egindako deialdiaren ondorioz, eta Europar Batasuneko beste 15 eskualderekin lehiatu da hautaketan.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuak kalitate handiagoko laguntza eskaini nahi die zerbitzu-enpresei, beren berrikuntza-mailan gehikuntza bat eta zerbitzuen eta industria-enpresen artean lankidetza handiagoa sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera hautatutako 6 eskualdeak Luxenburgo, Ipar Irlanda (Erresuma Batua), Upper Austria (Austria), Kanariar Uharteak (Espainia) eta Emilia Romagna (Italia) dira.

Hautaketa hori dela bide, European Service Innovation Center-ko adituak Euskadira etorriko dira zerbitzuen berrikuntzari buruzko Euskadiko politikak analizatzeko. Gero, gomendioak egingo dizkiete SPRI taldeko adituei. Talde hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzoa da, euskal enpresa-ehunari sostengua ematen jarduten du eta arduradun europarren Eusko Jaurlaritzako solaskidea izango da.

Hautatutako eskualdeek eskuratzen duten estatus berri horretan, Europako Berrikuntza Zerbitzuak bere laguntza eskainiko die beren estrategiak eta zerbitzuen berrikuntza nahikoa asmo handikoak eta, aldi berean, errealistak diren egiaztatzeko, beren enpresa-ehunean eragin handia lortzeko.

Proiektuari datorren 2013aren hasieran ekingo zaio eta informazio orokorra eskainiko du berrikuntzak duen paper potentzialari eta eraginari buruz, gorabideko industriei laguntzeko eta industria tradizionala modernizatzeko eraldatze-ahalmen gisa.

Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko egiturazko aldaketaren katalizatzailea izan nahi du eta elkargune berriak sortuko ditu erakunde eta enpresen artean, berrikuntzaren motor gisa sormena sustatzeko.

Industria Berrikuntzarako Laguntza Unitatearen arduradun Reinhard Büscherm-en ustez, “hautatutako eskualde guztiek uste osoa dute zerbitzuen berrikuntzan industria-eraldaketaren motor gisa”.

Partekatu

Beste berri batzuk