Euskadik europar industriaren etorkizunari buruz hausnartzeko formatu txikiko topaketa batean parte hartu du Bruselan

Araba

Elżbieta Ewa Bieńkowska Europako Batzordeko Barne Azoka, Industria, Ekintzailetza eta Enpresa Txiki eta Ertainetarako komisarioarekin bildu da gaur goizean Bruselan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburua. Bileran, komisarioarekin bat, Finlandiako, Erresuma Batuko, Belgikako, Eskoziako eta Euskadiko ordezkariak bildu dira. Topaketa Europako eskualdeen espezializazio estrategietan industriak egin dezakeen ekarpenaren ingurukoa izan da.

Consejera en BruselasArantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak Europako industriaren etorkizunari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko topaketa batean parte hartzeko aukera izan du gaur, otsailak 24, Bruselan.

Bileraren helburua industriak Europar Batasuneko eskualdeen espezializazio inteligenteko estrategian izan dezakeen eragina aztertzea izan da.

Tapia sailburuak Euskadiko industria eta berrikuntza politikak azaldu dizkie Finlandia, Belgika, Eskozia eta Erresuma Batuko ordezkariei.

Finlandia. Esa Halma, Tampereko ordezkaria. Finlandiako bigarren eskualde handiena da Tampere, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiek garapen handia dute bertan, batik bat bideo jokoen eta biozientzien industriari lotuta

Belgika.  Kris Peeters, Belgikako lehen ministrordea eta Ekonomia eta Enplegu ministroa.

Erresuma Batua. Stuart Martin, Satellite Applications Catapult zentroko zuzendari exekutiboa. Erresuma Batuko sateliteek sortutako datuak kudeatzen dituen berrikuntza zentroa da Satellite Applications Catapult.

Eskozia. Roger Kilburn. Eskoziako Berrikuntza Bioteknologiko Industria Zentroko zuzendari exekutiboa.

Topaketan aztertu den gai nagusietako bat Europak berrindustrializatzeko duen beharrarena da. Testuinguru horretan, kontuan izan behar da Tapia sailburuak behin baino gehiagotan helarazi izan diela Europar Batasuneko ordezkariei Basque Industry 4.0 estrategia, hau da, Euskadik ikerketa, garapena eta berrikuntzaren alde egindako apustu iraunkorra. Era berean, manufuktura aurreratuan, energian eta biozientzietan oinarritutako Euskadiko espezializazio adimenduneko estrategia ere helarazi izan die Tapiak europar eragileei.

2013tik, Euskadik industria politiketan eredu diren eskualdeek osatutako Red Vanguard sarean posizionatzea lortu du, eta, horren erakusle, Tapia bera izan zen 2014ko amaieran Milanen egindako nazioarteko topaketan sarea ordezkatu zuena. Horrez gain, Euskadiko klusterren estrategia ere azaldu zuen bertan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritza Alemaniako Gobernu Federalak  Industria 4.0 proiektuak aztertzeko bultzatutako nazioarteko ekimen bateko partaide ere bada. Ekimena europar industriaren nazioarteko benchmarking egitasmo bat garatzen ari da uneotan.

Partekatu

Beste berri batzuk