Euskadik Txileri saldu dio ETEetan berrikuntza ezartzeko abiatu duen politika
- Biobío eskualde txiletarrak erosi egin ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak -SPRI Taldeko Lehiakortasun eta Berrikuntza Ibilbideak programaren bidez- EAEko enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzeko aplikatu dituen ezagutzak eta know-howa.
- SPRIk, gainera, euskal enpresentzako negozio aukerak sortu eta indartuko ditu Basque Country Expertise ekimenaren bitartez.
Biobío eskualde txiletarrak erosi egin ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRI Taldeko (Euskadiko enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzoko) Lehiakortasun eta Berrikuntza Ibilbideak programaren bidez EAEko enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzeko aplikatu dituen ezagutzak eta know-howa. SPRIk, gainera, euskal enpresentzako negozio aukerak sortu eta indartuko ditu Basque Country Expertise ekimenaren bitartez.
Biobío eskualdearekin hasitako proiektu honen jatorria SPRI Taldeak Txileko Gobernuko Eskualde eta Administrazio Garapenerako azpisailarekin (SUBDERE) 2011n sinatu zuen lankidetza hitzarmenean dago, zeinari esker erakunde arteko lankidetza bat sortu baitzen bi lurraldeen artean eskualdeetako lehiakortasuna sustatzeko.
Biobío eskualdeak “Innova Biobío” bere berrikuntza agentzia publikoaren bidez jakinarazi du interesatzen zaiola SPRIren Lehiakortasun eta Berrikuntza Ibilbideak programa eta laguntza teknikoa eskatu dio bere eskualdeko ETEetan antzeko programa bat inplementatzeko. Horretarako, “Innova Biobío” agentziak 40.000 euro ordainduko ditu SPRIk emango dion erakunde arteko lankidetzaren truke.
SPRIk 14 hilabeteko nazioarteko proiektu honetan parte hartuko du euskal enpresentzat negozio aukerak sortu eta indartzeko. Batetik, erakunde arteko lankidetza zubiak eraikiko dira, Euskadik eskualdeko garapen ekonomikorako politiketan izan duen esperientzia arrakastatsua Txilen hedatzeko. Bestetik, Biobío eskualdearekin abiatuko den proiektu honen barruan, Txileko enpresek Euskadi eta Euskadiko enpresak bisitatuko dituzte eta hitzordu horietan hemengo konpainiek konponbideak eskaini ahal izango dituzte hausnarketa prozesuetan sortu diren berrikuntza premiei erantzuteko.
Proiektu hau hasi baino lehen, SPRIk lehiakortasun eta berrikuntzaren euskal ereduarekiko interesa azaldu duten Txileko beste eskualde batzuetako ordezkari ugari hartu ditu. Horrez gain, SPRIk parte hartu du Europar Batasunaren funtsekin burututako proiektu batean, Arica eta Parinacota eskualdeetara eramateko SPRIren metodologia Lehiakortasun eta Berrikuntza Ibilbideen arloan.
Basque Country Expertise
Basque Country Expertise ekimenaren barruan kokatutako honelako aliantza instituzionalen bidez, SPRIk negozio aukerak sortu eta indartu nahi ditu euskal enpresentzat, Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakundeek politika publikoen arloan duten izen ona oinarri gisa hartuz.
SPRI Taldean integratutako Basque Country Expertise ekimenak kanpoan saldu nahi ditu Euskadiko eredu arrakastatsuak eta negozioak bilatu atzerrian euskal enpresentzat. Zerbitzu hori aurten hasi da eta hiru proiektu kudeatzen ditu dagoeneko: berrikuntza arloko laguntza teknikoa Txileko Gobernuari (hemen aipatzen ari garena), hiri iraunkorren garapena Latinoamerikan eta sare elektriko adimendunen garapena Brasilen.
Bere helburua da Euskadin gauzatu diren proiektu arrakastatsuak atzerrian ezagutaraztea, direla industria birmoldaketa planak, teknologia parkeen eredua, hiri iraunkorren sorkuntza (adibidez, Bilboko birsorkuntza plana), klusterrak zein enpresen nazioartekotzea. Ideia horiek esportatzerakoan, proiektu horiek Euskadin garatu dituzten enpresei berei aukera ematen zaie lan bera atzerrian egiteko eta, hortaz, negoziorako oso aukera interesgarria eskaintzen zaie.
Beraz, Basque Country Expertise-k nazioarteko negozio aukerak sortu nahi ditu euskal enpresentzat, batez ere zerbitzu aurreratuen sektorean dihardutenentzat, xedetzat harturik Euskadik eta euskal erakundeek atzerrian duten ospea zabaltzea eta hobetzea. Ekimen horrekin osatu egiten da SPRI Taldearen beste atal batek —Invest in the Basque Country— egiten duen lana. Atal hori atzerriko inbertsioak erakartzeko asmoz sortu zen eta berari esker azken urte eta erdian bost proiektu kokatu dira Euskadin eta 200 lanpostu sortu dira hiru urtean. Invest in the Basque Country sortzean, Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz eratu du atal bat oso-osorik bideratua dagoena atzerriko inbertsioak erakartzera. Atal bat, atzerriko inbertsioak sistematikoki eta profesionalki bilduko dituena, kontuan hartu behar baita orain arte lan hori ez dela egin sistematikoki.
Bi ekimen horiek oinarritzat hartzen dute 2009-2013 Enpresa Lehiakortasun Plana, hots, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren jarduera gida, helburutzat duena euskal enpresen nazioartekotzea eta berrikuntza eta iraunkortasuna bultzatzea, iraunkortasuna ulerturik negoziorako egiazko aukera bat bezala.
Euskal eredu arrakastatsuak kanpora saltzeko bide bat garapenerako erakunde multilateralak dira, hainbat proiektu sustatu eta finantzatzen dituztenak. Halako bat da Amerika arteko Garapenerako Bankua, urtean 10.000 milioi dolar mugitzen dituena kredituetan eta aholkularitza erosketan ––beste negozio aukera bat euskal enpresentzat.
Basque Country Expertise enpresak babestu eta sostengatzeko ekimen bat da, ez diru-laguntzak banatzeko programa bat, eta ez du asmorik ahaleginak bikoizteko ez eta bere gain hartzeko beste organismo batzuek ––esaterako Merkataritza Ganberek edo ICEXek–– euskal enpresen alde egiten duten lana.